Ahalkeak bazter utzirik hasi da Euskarabentura

Gaur hasi da Euskarabentura espedizioa, Atharratzen. Hirugarren aldia da parte hartzaileak eta antolatzaileak Basabürüko hiriburura heldu direla. 'Jzioquitarrak' eta antolatzaileak gogotsu bezain urduri dira.

Euskarabenturaren abiatzea, Atharratzen. PATXI BELTZAIZ
Euskarabenturaren abiatzea, Atharratzen. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Atharratze
2026ko uztailaren 1a
16:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteiztik abiatu den jzioquitarren autobusa Iruñean gelditu eta Pirinioetarik pasatu ordez, Donostiatik barna arribatu da berantean Atharratzera (Zuberoa). Euskal Herriko mapa ez zukeen arras barneratua gidariak, baina jzioquitar guziak batu dira arratsalde hastapeneko Prefosta elkarte pareko aterpean. Haize Solagurenbeaskoa Euskarabenturako komunikazio arduraduna izan dute eskaileretan zain, argazki tresna eskuetan. «Uztailaren 1a da, hasi da espedizioa, eta gogotsu gaude», erran du irriz.

Jzioquitar gehienak ahalke dira, eta emeki-emeki hurbildu dira zaku pisuak bizkar gainean bertze kide guziek osatu zirkulura. Xerpa batek, mikroa hartu, eta talde frankotan banatu ditu gazteak. Gurasoekin joan diren parte hartzaileek azken pott eta besarkadak eman dizkiete, hilabete oso batendako udalekuetara abiatzen balira bezalaxeko agurra eginez. Damurik gabe joan dira aterpe zentrora, gurasoengandik fite separatu ondoan.

«Euskararekin lotura duten dinamikak sortzen ditugu. Aurten, adibidez, lurralde bakoitzeko parte hartzaile ohi batzuk etorriko dira haien inguruko egoera soziolinguistikoa aurkeztera»

EIDER ZUBIAUR Xerpa

«Zer moduz zaudete, ondo?» bota du xerpa batek mikrofonotik. «Bai» diskretu bat bota dute gazteek. Zutik jarri dira ondotik, eta elkar ezagutzeko jolasei ekin diete, giroa berotzeko. Eider Zubiaur lehen aldikotz xerpa izanen da espedizioan. Hirugarren aldia da Euskarabenturan parte hartzen duela, baina aurten xerpa izatea erabaki du, eta, espedizioa ontsa ezagutu arren, urduri jaiki dela kontatu du. «Bai, urduri nago. Kamiseta urdina izateak ardura gisako bat ematen dizulako; goiz-goizetik nabaritu dut nolabaiteko ardura bat dudala eta gazteentzat eredu bat naizela».

Guziz desberdina da xerpa edo jzioquitar izatea Zubiaurrendako. Funtsean, parte hartzaileari ez zaio iruditzen urtean zehar lan asko badela espedizioa prestatzeko. Boluntario gisa ibiltzen dira xerpak, hiru lantaldetan banaturik. Euskaraz, edukiaz eta zaintzaz arduratzeko taldeak egin dituzte, eta Zubiaurrek euskararenean parte hartu du. «Euskararekin lotura duten dinamikak sortzen ditugu. Aurten, adibidez, lurralde bakoitzeko parte hartzaile ohi batzuk etorriko dira haien inguruko egoera soziolinguistikoa aurkeztera».

Euskaraz bizitzeko prest

Espedizioan gerta daitezkeen egoera batzuei aitzin egiteko aterabideak ere diseinatu dituzte lantalde horretan. Parte hartzaileen orotariko egoerak eta bizipen soziolinguistikoak ikusirik, batzuei zaila zaie egun osoan euskaraz bizitzea erdarara jo gabe, eta dinamika hori hausteko prest direla adierazi du Zubiaurrek. «Jzioquitarrekin asko hitz egiten dugu, eta nahiz erdarara jotzen duten batzuek batzuetan, kontzientziazio prozesu bat eragiten dugu espedizioan».

(ID_16239630) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-07-01, Atharratze.Euskarabentura lehen jardunaldia
Jzioquitarrak Atharratzera heltzen. PATXI BELTZAIZ 

Bertzalde, kanpotik behaturik espedizioak irudiak badira ere, Libe Martinez de Rituerto koordinatzaile berriak nabarmendu du gazteek egiten dutela ibilbidea «berezi eta desberdin». Gazte taldea urte guziz oso desberdina dela erran du, eta aurten bereziki animatuak direla iruditu zaio, autobusean jendea hizketan etorri baita. Lehen eguna da gogorrena, haren erranetan, elkar ezagutzeko momentua zaila izan daiteke eta. Aldi berean, lasai ere bada, inguruan duen lantaldea hiru urtez segidan egonkortu delako. «Urdinen taldeak eskarmentua hartu du, eta hori nabari da. Lasai sumatu ditut gehienak, eta horrek segurtasuna ematen digu espedizioa hasteko; alde horretatik, oso pozik nago».

Ekain Etxebarri eta Intza Erauskin jzioquitarrak Durangotik (Bizkaia) eta Lezotik (Gipuzkoa) jin dira, eta biak «oso gogotsu» daude. Espektatiba «altuak» eman dizkiote espedizioari, eta lehen eguneko giro «ezin hobea» azpimarratu du Erauskinek. «Hasieran urduri nengoen, baina iruditzen zait errazki eginen ditudala lagunak hemen». Euskal Herria gehiago ezagutzeko izena eman zuten espedizioan. Lagunei esker ezagutu zuten Euskarabentura, eta euskararentzat leku «oso sano bat» izanen dela sentitu du Etxebarrik. «Osoki euskaraz aritzeko gune bat izatea bikaina da guretzat, eta horrez gain, beste lurralde batzuetako gazteak ezagutzea da helburua, pixka bat ohartu gaitezen non bizi garen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA