All Quiet on the Western Front, 1917, Dunkirk... azken urteetan Hollywoodek lehen lerrora ekarritako gerra film seinalatuenak dira. Pantaila txikian, berriz, HBOren bi ekoizpen har litezke erreferentzia nagusitzat: Band of Brothers (2001) eta The Pacific (2010). Steven Spielberg eta Tom Hanks izan ziren azken bi lan horien ekoizle, eta, hamarkada bat geroago, fokua lubakietatik zerura aldatu dute Masters of the Air telesailean; Bigarren Mundu Gerrako bilduma seinalatu horretako hirugarren pieza da.
Bederatzi ataletan, aireko indar armatu estatubatuarren egunerokoa kontatu dute, naziei aurre egin zieten lagunen balentria. Haien ilusio eta kezkak ageri dira pantailan, eta, ildo horretan, telesaila bada amerikar heroismoa ordezkatzeko aktore belaunaldi berri batentzako agertoki seinalatua: Austin Butler (Elvis), Callum Turner (Fantastic Beasts) eta Anthony Boyle (The Plot Against America) dira protagonista nagusiak, baita Ncuti Gatwa ere (Sex Education). Baina haien guztien gainetik egiten du distira Barry Keoghanek, pantailan ageri den bakoitzean. Saltburn filmeko rol protagonistak hegalak eman dizkio aktore irlandar gazteari eta aldeko haizea profitatzeko unean dago orain.
Musika, eszenaratzea, argazki lana... ikaragarriak dira, eta sarrerako sekuentzia dotoreak ezin hobe laburbiltzen du ikusleari gainera datorkion abentura bizia. Sortzaileek The Pacific telesailean aritutako Tim Van Patten errekrutatu dute agurreko atala zuzentzeko, baina Cary Joji Fukunagaren presentzia da arreta gune nagusia. Fukunagak loreak jaso zituen True Detective-n zinema kutsu handiko lehen denboraldiarengatik, eta hura arduratu da lehen lau atalak zuzentzeaz. Sumatzen da ahalegin handia egin duela proiektu erraldoi honetan bere arrasto pertsonala uzteko, baina, egiazki, emaitza urrun dago bere proiektu pertsonalenetan bistaratu dituen autorezko kodeetatik.
Izan ere, akziozko eszenek osatzen dute narrazioaren bizkarrezurra, eta ez da erronka makala gerrako fase ezberdinak soilik aireko borroken bidez kontatzea. Inpaktu handiko eszenak dozenaka dira; horien artean, naziak gailentzeko lehen ahalegin hutsalak, pilotuen aurpegi odoleztatuak eta sutan kiskalitako hegazkinak... betiere AEBen nagusitasun moraletik erreparatuta.
Bonbardaketak lurrean jasan zituzten zibilen aztarnak ia ikusezinak dira fikzio honetan, eta horrek zer pentsatua eman beharko lioke entretenimendu ikusgarri honetako hartzaileari, hain justu, nazioartean kroniko bihurtzeko bidean dauden hainbat gerra eta gatazkaren zuzeneko lekuko izaten ari garelako.
Masters of the Air telesailak lehen bi ataletan hedaturiko armategi narratiboa baino zerbait gehiago beharko du, bere aurrekarien parera heldu eta ikusleengan luzaroko arrastoa uzteko. Funtsean, argitzeko dago kontakizunak benetan zer izan nahi duen: gerrako lokatzetan sartu eta lurralde ilunenak iragango dituen Stanley Kubricken Full Metal Jacket klasikoaren tankerako pieza bat, ala nazionalismo amerikarra elikatuko duen Hollywoodeko beste ekoizpen bat.
fitxa
- Sortzaileak. John Orloff eta Cary Joji Fukunaga.
- Aktoreak. Austin Butler, Callum Turner, Anthony Boyle, Barry Keoghan eta Ncuti Gatwa.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Apple TV Plus.
- Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
- Generoa. Drama.