Erramun Baxok Soziolinguista

«Aisialdia euskaltasuna egituratzeko parada izan daiteke»

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2014ko uztailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Soziolinguista eta ohorezko euskaltzaina da Erramun Baxok(Suhuskune, Nafarroa Behera, 1928). Jean-Baptiste Coyosekin batera, Euskara, aisialdia eta euskara liburua argitaratu zuen 2010ean, Euskaltzaindiaren XV. Jagon jardunaldien karietara,eta 2007-2010 urteen artean egindako ikerketa lana plazaratu zuen. Orain, sarean jarri dute emaitza.

Iparraldeko gazteek zertan pasatzen dute aisialdi denbora?

Galdegin diegularik zein aisialdi ekintzatan ibiltzen ziren, erantzuna eman ziguten, aisialdi erabiliena zinema zela. Zineman, etxean, edo bistan dena telebistaren aitzinean. Eta kirolaren aldetik ere, kirolzale dira. Adibidez, errugbia, futbola eta pilota ikusle bezala, baina erabiltzaile bezala, maite dituzten kirolak dira ibilaldiak, txirrindularitza eta mendia.

Zein garrantzia du euskarak aisialdi eremu horietan?

Galdegin diegularik zein ziren euskarazko aisialdiaren ezaugarri nagusiak, denek erraiten zuten gauza inportanteena zela hizkuntza; euskaraz izan dadin. Eta hala: hor bada kontraesan bat, zeren eta Iparraldean pasatzen den zinema euskalduna da %2 doi-doia.

Beraz, frantsesez egiten dute aisialdi gehiena?

Hori da. Alde batetik, gazte horiek euskaldun dira, baina laurden batek, %25, eskolan ikasten dute euskara. Baina, beren esku dituzten aisialdiak kasik denak erdaldunak dira, hala nola hedabideak, musika, Internet, telebista... Dena dela, ez dugu kuraia galdu behar, zeren eta harrigarriko dinamika bat baita euskarazko aisialdiari buruz. Neurtu ditugu euskarazko aisialdiaren indarguneak eta ahulguneak Iparraldean.

Zein dira indarguneak?

Aisialdiak jende eta elkarte anitz mobilizatzen dituela Iparraldean, ahal bezainbat euskaldunak izan daitezen. Zerrenda luze-luze bat bada: Udaleku, Dantzarien Biltzarra, Baigorriko Basaizea, bertsolariak, eta urtero dozena bat festibal baditugu Iparraldean.

Hor, elkarteek eta jendeek, artistek, kirolariek, indar handi bat egiten dute euskarazko aisialdiari buruz. Eta bigarren indargunea da orain euskarazko aisialdiak hizkuntza politika baten barnean sartuak direla. Hor dago Euskal Kultur Erakundea 1990etik geroztik, Euskararen Erakunde Publikoak 2005ean zabaldu zuen hizkuntza politika proiektua, eta laugarren erronka da euskarazko aisialdiaren eskaintza lurralde osoan. Eta herri kolektibitate eta hiri handiek badituzte beren eskuduntzak, kirola, aisialdia, eta euskarari buruz, eta hiru gauza horiek ahal bezainbat elkarrekin uztartzen dituzte Miarritze eta beste hiri askok.

Eta ahulguneak?

Ahulgunea da baliabide eskasa, bereziki gazteek maite dituzten aisialdietan. Zinema eta joko elektronikoak maite dituzte, baina bi eremu horietan euskarazko eskaintza biziki-biziki ahula da.

Teknologia berriek zein aldaketa ekarri dute?

Bagenekien jadanik gazteek, gaztetxoek bereziki, berezko aisialdiak maite dituztela, kolektibo bezala, gaztetxeak eta holako, baina gero eta gehiago indibidualki ere joko elektronikoekin eta oro har Internetekin, orenak eta orenak pasatzen dituzte pantailaren aitzinean. Bereziki joko elektronikoak eta elkarren arteko harremanak gehienbat erdaraz egiten dira. Zenbait badira euskaraz, baina biziki guti, beraz, hor huts bat bada.

Nolabait, euskarak liburuaren erronka irabazi zuen, eta ikus-entzunezkoen erronka irabazten ari da, baina badugu zer egin erronka elektronikoari buruz.

Kulturak zein garrantzia du gazteen aisialdian?

Ez dira nahasi behar kultura eta aisialdia, baina aisialdi asko kulturaren mailan daude, eta hor indargune batzuk badira, hala nola musika, kantua, dantza, Baiona kantuz, Baionako bestetako Karrikaldiak, antzerkia, bertsolaritza...

Eta, gainera, gaur egun bada erreforma bat eskolari buruz: eskolako erritmoak aldatu nahi dituzte Frantzia osoan eta Euskal Herrian ere bai, eta hori berehala, datorren irailetik at. Eskolako erritmo horrek toki handia egiten du kultur formakuntzari buruz eta ere aisialdiari buruz, kirolari buruz eta. Beraz, hor, badago eskola denborako eremu bat guk euskarazko ekintzekin betetzen ahal duguna. Erronka berri bat, bai elkarteentzat bai artistentzat euskara eskolan sartzeko.

Zein garrantzia du aisialdiak euskararen normalkuntza eta hedapenean?

Hori zen gure bururatzeko gogoeta. Gogoeta egina genuen aisialdi eremuan dena zela erdara, kontsumoa eta merkatua, eta euskarak leku ttipia zeukala. Baina gogo argiago bat bada, zeren eta gaur egun gazteentzat eta jende helduentzat lanaren denbora laburtzen ari da, eta aisialdiarena luzatuz doa. Eta batzuek uste dute horrek askatasunezko zibilizazio berri bat sortzen ahal duela. Guretzat itxaropena duzu, Euskal Herriko gazteriarentzat, aisialdia bere euskaltasunaren egituratzeko parada izan daitekeela. Eta hortakotz, behar-beharrezko baldintza duzu euskara eta gozamena elkarrekin uztartzea.

Euskara, orain eskolako hizkuntza bat duzu, akademikoa, hori ere irabazi bat duzu. Baina denbora berean, euskara bilaka baledi hizkuntza afektiboa, lehen hizkuntza den bezala, hori aisialdiaren bidez duzu irabazten.

Zer egin egoera horren aldatzeko?

Dinamika guzia, elkarteen eta erakundeena akuilatzea, orain dauzkagun indargune horiek oraino gehiago indartzeko. Baina gehienik falta zaiguna da hala ere, euskarazko aisialdi eskaintza ahula dela, eta hori nolabait aberastu behar dugu. Hori da hurrengo urterako erronka nagusi bat, zeren eta nolabait, euskararen transmisioa, eskolaren bidez, itxuraz irabazia da. Baina euskararen erabilera eskolatik kanpo ez da oraindanik irabazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE