Euskararen biziberritze prozesuan sarri aipatu da hezkuntza ez-formalaren garrantzia, baita aisialdiarena ere. Aztikerrek Gasteizko haur eta gazteen aisialdiko jarduerak eta bertan erabiltzen diren hizkuntzak ikertu ditu. Enara Eizagirre (Azpeitia, Gipuzkoa, 1993) ikertzaileak adierazi du aisialdia abagune egokia izan daitekeela euskaraz hitz egiteko ohitura areagotzeko eta adinkideen arteko jardueretan euskara txertatzeko. Halere, azpimarratu du «kontzientziazio eta sentsibilizazio ariketa esanguratsua» eskatzen diela bertako eragileei.
Zer galderatatik abiatu zenuten ikerketa?
Gasteizko haur eta nerabeek eskolaz kanpoko aisialdian zer jarduera egiten dituzten jakin nahi genuen, jarduera horietan zer hizkuntza erabiltzen diren eta, zehazki, euskarak zer leku duen.
Zer datu bildu dituzue hori egiteko?
Jardueren ezaugarri nagusiak bildu ditugu: non egiten diren, zer jarduera mota den... Eta, horiez gain, errealitate desberdinak identifikatzeko, gazteen datu soziodemografiko eta soziolinguistikoak ere bildu ditugu.
Zer datu base izan dituzue?
Bi datu iturri uztartu ditugu. Batetik, Gasteizko Udaleko datu basea, udalak antolatutako aisialdi jardueren eta parte hartzaileen inguruko informazioarekin. Horrekin 2016tik honako programazioaren ezaugarri nagusiak lortu ditugu. Eta, bestetik, ikastetxeen bitartez LHko eta DBHko 1.143 ikasleri inkesta bana egin diegu. Horrekin 6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeei eta haien aisialdiari buruzko datuak lortu ditugu.
Duela bost urte antzeko ikerketa bat egin zenuten. Alderik ikusi duzue emaitzetan?
Desberdintasun batzuk ikusi ditugu: oraingo ikerketan zertxobait handiagoa da jarduerak egiten dituzten haur eta nerabeen ehunekoa. Hala ere, orokorrean, joera nahiko antzekoak daude egiten dituzten ekintzen kopuruan, maiztasunean, jarduera motan eta hizkuntza dinamiketan.
Zer testuingurutan ulertu behar dira datuok?
Gasteizen azken hamarkadetan euskararen ezagutza asko handitu da, hein handi batean hezkuntza formalaren bidez; baina haur askoren egunerokoan gaztelaniak nagusitasun handia du. Hori ikusita, eskolaz kanpoko aisialdia aukera garrantzitsua da euskararen erabilera sustatzeko.
Udalaren eskaintzan izan da bilakaerarik?
Azken hamarkadan handitu egin da parte hartzaileen kopurua: urtean 10.000 haur eta gazte inguru. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz soilik edo ele bitan eskainitako jarduerak nagusitu dira, baina ikusi dugu 2016tik hona euskaraz eskaintzen diren jardueren pisua handitu egin dela.
Zer jarduera dokumentatu dituzue?
Askotarikoak. Inkestan jasotako ekintzen artean kirol jarduerak nagusitu dira; zehazki, jarduera guztien ia erdiak dira. Horiez gain, hizkuntzak ikasteko jarduerak, dantza, musika, jarduera artistikoak, ludotekak eta eskola errefortzua ere aztertu ditugu. Bakoitza non egiten duten ere jaso dugu.
Alderik dago jarduera batetik besterako emaitzetan?
Jarduera motaren eta hizkuntzaren arteko harremanari dagokionez, euskararen presentzia handiagoa da dantzan eta musikan. Kiroletan, berriz, ehuneko orokorraren parekoa da. Gaztelaniaz egiten dituzten jardueren artean kirol jarduerak dira gehienak, eta, ingelesez egindakoetan, ia denak hizkuntza bera ikasteko dira.
Eta lekuari dagokionez?
Euskaraz antolatutako jarduerek presentzia nabarmen handia dute ikastetxeetan antolatutakoen artean, eta, aldiz, espazio pribatuetan pisua galtzen du euskarak. Gaztelaniazko eskaintzak alderantzizko joera du: gehienbat eremu pribatuan kokatzen da, eta gutxien, ikastetxeetan.
Genero aldetik ere ikertu duzue. Badu eraginik emaitzetan?
Neskek ekintza gehiago egiten dituzte, eta ikastetxean bertan asko. Mutilek kirol jardueretarako joera handiagoa dute, eta neskek, dantzarako eta musikarako. Horrez gain, nesken artean euskarazko jarduerek indar handiagoa dute.
Zer azpimarratuko zenuke?
Aisialdi antolatua euskararen erabilera sustatzeko espazio garrantzitsua bada ere, emaitzek erakusten dute gazteen %15-20 inguruk ez dutela ekintzarik egiten. Garrantzitsua da ulertzea aisialdiak bidea ematen duela hizkuntzen ikuspegitik beste logika batzuetan harremanak sortzeko.
Eta datuek erakutsi dute udalak euskarazko jarduerak ugaritu dituela soilik.
Bada harritu zaituen daturik?
Interesgarria iruditu zaigu ekintza eskaintzen den hizkuntza eta begiraleak erabiltzen duena gurutzatuta lortutakoa. Inkestatuek adierazi dute begiraleek bi hizkuntzak nahasten dituztela. Eta arreta piztu digu nahasketa hori bi noranzkoetan agertu izanak: euskaraz eskainitako jardueretan gaztelania erabiltzeko joera dute, eta alderantziz. Agian bide horretatik galdera eta ate berriak ireki daitezke aurrera begirako lan ildoez pentsatzeko.
Non ikus daiteke txostena?
Gasteizko Udaleko webgunean eskuragarri izango da.
lotsabako
Gaztetan gustuko zenuen aisialdi jarduera bat?
Uretan ibiltzea.Etorkizunean probatuko zenukeen beste bat?
Dantzaren bat.