Modu ugaritan bizi izan du Iñi Etxezarretak (Donostia, 1995) Donostiako Aste Nagusia. Artista moduan biziko du gaurko eguna, kontzertua emango baitu Flamenkan, Labar izenpean. Uste du jai giroko aisialdia eta militantzia erabaki politikoak direla, eta biak uztargarriak direla.
Urtarrilaren 21etik aurrera Aste Nagusian pentsatzen duten horietakoa zara?
Gogoz hartzen ditut jaiak. Donostia ez da leku erraza aisialdirako, eta horrek batzuetan frustratu egiten gaitu. Aisialdian eta plazerez kaleak hartzeko garaia da Aste Nagusia, baita jendearekin topo egitekoa ere. Halere, errazagoa da sansebastianetan, oraindik Aste Nagusiari bidea geratzen zaio eta. Hori dena politizatzea gauza garrantzitsua da, nire ustez.
Nerabezaroan bezala bizi dituzu festak?
Ez. Nerabezaroan sozializatzeko nuen sarbidea ez da orain dudana bezalakoa. Gaur egun sortzen diren esparruak erosoagoak dira, eta hor lanketa handia egin da. Piraten barruan bizi ditut nik jaiak, eta, beraz, ez dut berdin bizi espazio seguruei eta sozializazio ez-normatiboei dagokienez.
Duela bi hilabete kaleratu zenuen Labarren bigarren diskoa. Orain, Aste Nagusian aurkezteko aukera izango duzu.
Denbora gutxi pasatu da diskoa atera nuenetik, eta soilik Ordizian [Gipuzkoa] izan dut aurkezteko aukera. Iaz, Feministaldiaren barruan, La Fulanarekin igo nintzen oholtzara, bi abesti kantatzera, baina, Labar moduan, lehenengo aldia dut Aste Nagusian. Donostiarra izanda, oso berezia izango da gaurkoa, eta, gainera, gertuko jendea izango dut alboan. Esan bezala, Piraten barruan ulertu ditut jaiak azken urteetan, batzuetan inplikazio handiagoz eta beste batzuetan kanporagotik, eta nirea ere baden esparru batean jotzeak ilusio berezia pizten dit.
Donostiarra izanik, harro sentiarazten zaitu Aste Nagusian jotzeak?
Bai, harrotasuna hor dago. Uste dut gorputza jartzen duen edonork ez duela soilik musika eskaintzen: beste gauza asko gurutzatzen dira, eta politika da, nola ez. Nire kasuan, politika egiteko modu horrek, hau da, musikak, aukera eman dit horrelako esparruetarako sarbide handiagoa izateko. Nire militantziaren, politika ulertzeko moduen eta musikaren nahasketak ikusgaitasun handiagoa eta sarbide errazagoa eman dizkidala uste dut, bai.
Flamenkako oholtza soilik musika gune moduan ikusten duzu?
Ez. Musika aldarriekin lotuta dago. Oholtzan gorputz bat jartzeak jada errepresentazio ezberdinak ekartzen ditu bere horretan, eta norbait oholtza batera igotzen denetik beretik jada badaude aldarri eta esanahi jakin batzuk tartean. Piratak horrelako mugimendu bat izanik, ezinbestekoa da oholtza gaineko esanahiak zein diren ulertzea, eta uste dut apustu bat egin behar dela esanahi horiek oholtza gainean edukitzeko.
Eta Sagueskoa?
Espazio normatiboagoa da, eta segur aski gorputz batzuek ez ditugu aukera berak bertara iristeko. Aldi berean, ulertzen dut espazio hori konkretua dela, eta oholtza horretara igotzeak ere baduela inplikazio politiko bat edo beste. Ulertzen dut, aldi berean, hor egoteko nahia eta apustua interesgarria izan daitekeela kontrahegemoniatik abiatuz jardun nahi duten artistentzat. Beraz, arauaren aurkako kritika hor daukat, baina ulertzen dut hor egoteko erabakia, eta bat egiten dut horrekin.
Pirata zara, baina Aste Nagusiko topikoak betetzen dituzu? Suak ikusten dituzu?
Ez asko. Ez da soilik erabaki kontziente bat. Aisialdi eredu horrekin dudan lotura ez da handia, eta, segur aski, ez dut parte hartu nahi horretan. Berriro diot, ez da erabaki kontziente bat: segur aski niretzat ez da hain interesgarria edo bertan parte hartzen duen jendea niretzat ez da hain erosoa, edo sinesmen politiko baten barruan antolatzen dira...
Militante moduan, jaiak lan egiteko garaia dira?
Horrelako jaiak antolatzeak lan handia eskatzen du, eta horrek aitortza merezi du. Lan boluntario eta militante asko dago edozein jairen atzean, eta halako ehunik gabe ezinezkoa litzateke dena aurrera eramatea. Jaiak ikuspegi politiko jakin batetik abituz aztertzean, lan militantea eta aisia deslotu egiten dira, eta biak dikotomikoak ere bilaka daitezke. Nire ustez, garrantzitsua da ulertzea lan militanteaz gain aisia edo plazera ere politikoa dela, eta biak uztargarriak direla.
Zer-nolako harremana dago maskulinitatearen eta jai giroaren artean?
Mugimendu feministak aldarrikatzen duenean kaleak gureak direla, ez da erasorik egon ez dadin soilik egiten. Pentsatu ohi da gaueko aisialdia, adin batetik aurrera, gizon zuri eta zisheterosexualen kontua dela. Ikusi besterik ez dago: Aste Nagusia hegemonikoa den heinean, zilegiago ikusten dute arauan ez dauden pertsonek aisialdia izatea, baina gaua gizonena da, aisiarako edo plazererako. Espazioa sinbolikoki eta fisikoki bereganatuz egiten dute hori, eta bertaratzeko erraztasuna edukita.
Gaur bazkari disidentea eta kalejira transfeminista izango dira, eta ondoren Euskoprincess, Maruxak eta zu igoko zarete oholtzara. Egun handia, ezta?
Egun polita izango da, dudarik gabe. Piratei eta sardinerei eskerrak ematea ezinbestekoa iruditzen zait, egiten duten lanagatik. Lekua emateari dagokionez, ezinbestekoa iruditzen zait gaurko eguna. Espero dut horrelako egunek transfeminismoa zeharkakoago bihurtzea. Espazio propio eta ez-mistoak sortzea ezinbestekoa da edozein zapalkuntzaren ardatzean dagoen kolektibo horrentzat, baina beste erronka bat da halako mugimenduen borroka ildoak nola bihurtu zeharkakoagoak.
Heterosexualitatea «fikzio politikoa eta performance ahula» dela diozu zure azken diskoan. Fikziotik asko dute bizitzak eta jaiek?
Nire ustez, bizitzak bai. Bizitzan egoteko, bakoitzaren subjektibotasunaren performatibitateak pisu handia du. Jaiak lotura izan dezake performatibitatearekin; performatibitate kontrahegemonikoarekin, hain zuzen ere. Performatibitatea lekuak hartzeko eta gauzei aurre egiteko bide bat izan daiteke —eta jaiak ere badira horretarako bide bat—, baina kontrakultura eta kontrahegemonia performatibitate kontzientea dira.
Nola uste duzu ikusten dela Donostiako Aste Nagusia kanpotik?
Segur aski ez dira hain jai desiragarritzat hartzen, eta ulertu dezaket zergatik. Noski, hori ez da gure erantzukizuna, hiri eredu jakin bat martxan jarri dutenena baizik. Baina, aldi berean, Piratek lan izugarria egiten dute, lortu dute-eta jaietako esparru handi-handi batek beste oinarri bat izatea. Hori zailagoa izan daiteke hiri handiago batean, eta ni ere harrituta nago mugimenduak lortu duen guztiagatik. Beharrezkoa iruditzen zait nabarmentzea ez dela zerbait anekdotikoa.
LOTSABAKO
Artillari izango bazina, zeri emango zenioke su? Heterosexualitateari, arrazakeriari eta Lo que no nos cuentan de Donosti-ri.
Aste Nagusiko momentu gogokoena? Sardineren egitaraua.
Zer ikusten da oholtzatik? Beldurra eta potentzial politikoa.