'Aitatxo' dokumentalaren sustatzailea

Anakotz Lasarte: «Aitek dolurako eskubidea dutela erakutsi nahi dut dokumentalarekin»

Seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzekin eta hainbat profesionalen azalpenekin, ‘Aitatxo’ dokumentala osatu du Lasartek. «Doluan, aitak bigarren planoan gelditzen gara».

Anakotz Lasarte, herenegun, Mallabian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Anakotz Lasarte, herenegun, Mallabian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Mallabia
2025eko abenduaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aiten dolua du hizpide Aitatxo dokumentalak (Arteman, 2025; Beñat Abasolok eta Mikel Serranok zuzendua); hain justu, «ezkutuan» geratu ohi den ertz bat baita, Anakotz Lasarte filmaren sustatzailearen arabera (Berriz, Bizkaia, 1973). Lasartek eta Iratxe Uribelarreak bi ume galdu zituzten: Gari, haurdunaldian, eta Ekai, jaio eta egun gutxira. Beste dolu perinatal bat ere jasotzen du dokumentalak, baita 6 urteko haur baten heriotza ere, leuzemiaz, eta 32 urterekin bat-batean hil zen emakume baten gurasoen testigantza. Gasteizen estreinatu zuten ostegunean, Mallabian (Bizkaia) emango dute domekan, hiriburuetan ikusiko da datorren urtean, eta herrietan ere bidea egin dezala espero dute. «Kontratazioak garrantzitsuak dira, mezua zabaltzeaz gainera finantzaketa lortzeko», nabarmendu du Lasartek. Aitatxodokumentala.eus webgunean kontsultatu daitezke nondik norakoak.

Mugarri bat izan zen: herrikide bat hurbildu zitzaizuen zuri eta bikotekideari, hari doluminak eman zizkion, baina zuri begiratu ere ez.

Eta oso jatorra da, e? Inkontzienteki egin zuen. Gaur egun ondo ulertzen dut pertsona horren jarrera, baina erakutsi egin behar da rol desberdintasun hori: ama da sufritzen duena, eta aita da sostengua eman behar duena. Fernandok kontatzen du dokumentalean berari zera esaten ziotela: «Uste nuen zu gogorragoa zinela, eta negarrez ikusi zintudan». Eta Mikelen eta Ireneren kasua: Irene erditze gelara sartu zuten, eta Mikel pare bat ordu egon zen ezer jakin barik. Halako batean, medikua atera zen esateko emaztea lokartu behar izan zutela, eta umea hil egingo zela, gutxi gorabehera bi ordu egingo zituela bizirik. Imajinatu aitaren papera: kanpoan dago, ematen diote notizia, eta berak esan behar dio emazteari zer gertatu den.

Zure esperientzia kontatu izan duzunean, beti aipatu izan duzu bakardadea hitza. Aiten doluek bat egiten al dute horretan?

Arreta guztia edo gehiena amari bideratuta dago. Niri komentarioak egiten zizkidaten: «Badakizu amak sufritu egiten duela, orain lagundu egin behar diozu»... Bigarren plano batean gelditzen gara. Dokumentalak aitek dolurako eskubidea dutela erakutsi nahi du, baita esperantza mezu bat eman ere holako heriotza bat jasaten ari diren familiei: sufrimendua eta mina ikusten dira, baina baita maitasuna ere, barne indarra, laguntza eskatzearen garrantzia, eta bikotea batera dagoenean askoz hobeto ateratzen direla aurrera, nahiz eta dolua momentu desberdinetan bizi. Guri hori gertatu zitzaigun: hasieran, nik maskara bat jarri nuen, eta Iratxe hasi zenean bere errutinak eta bizitza normala egiten, nik huts bat igarri nuen.

Zuk bigarren haurra hil eta bi urtera jo zenuen terapeutarengana.

Bai. Bizitzarekin jarraitu nuen, baina nire mina atera gabe. Iratxe koruarekin okupatuta egoten zen astearte eta ostiral arratsaldeetan. Ni etxean geratzen nintzen, eta bakardade momentu horretan egiten nuen negar; zerbeza batekin edo kopa bat ardorekin bazen, hobe. Behin sei edo zazpi kopa edan nituen, eta Iratxe etxera etorri zenean, kristoren aitzurrarekin zabaldu nion atea [barrez]. Ez zidan ezer esan, baina sekulako lotsa sentitu nuen. Bidegin elkarteak antolatutako topaketa batera joan nintzen, Arantzazura, eta Izaskun Andonegi dolu terapeutarekin jarri nintzen harremanetan; dokumentalean ere agertzen da. Konturatu nintzen nire espazioa behar nuela.

Aitei kostatu egiten zaie urratsa egitea? Topaketa horietan, elkarteetan... ba al dago gizonik?

Orain bai. Orain, normalean, dolua bikoteka egiten da. Indartu ginenean, Iratxe Esku Hutsik elkartean sartu zen, orduantxe hasten ari zen-eta. Ikusten nuena ez zitzaidan gustatzen: beti amez hitz egiten zuten, femeninoan. Anekdota bat daukat gogoan: Getxon antolatu zen hitzaldi batean, nire emaztea agertokian zegoen, beste emakume batzuekin batera; ni atzean nengoen, Inharrekin karroan. Eta nirekin batera, beste bi-hiru gizon zeuden karroekin zutunik atzean: haien emazteak ere agertokian zeuden.

«Hasieran, nik maskara bat jarri nuen, eta Iratxe hasi zenean bere errutinak eta bizitza normala egiten, nik huts bat igarri nuen»

Aipatu izan duzu amaren dolua emozionaltzat jo ohi dela, eta aitarena arrazionaltzat. Baina doluak ezberdinak al dira?

Ez, nik uste dut dolua berbera dela, baina estereotipo horiek daude. Eta desberdintasuna ez da soilik aitarekin eta amarekin egiten; nik nahiago dut haurdunaz eta haurdun ez dagoenaz berba egin. Emakume bikote bat ezagutu nuen, eta gauza bera gertatu zitzaien: emakume haurdunarengan jartzen zuten arreta. Nire ustez, bi gurasoen dolua da emozionala.

Ekai jaio eta berehala hil zen...

Ekai bigarrena izan zen; haurdunaldia nahiko zaila izan zen, 20. asteko ekografian ikusi zuten bihotzean arazo bat zuela. Abortatzeko aukera eman ziguten, baina Gariren esperientziarekin-eta, aurrera egitea erabaki genuen. Jaio zen, eta handik bost egunera ebakuntza egin zioten.

Ospitalean tratu txarra jaso zenuten, ezta?

Oso hotza. Gu itxaroten geunden; zesarea izan zen, eta nire emaztea gurpil aulkian zegoen. Zirujaua etorri zen. «Ekai Lasarte Uribelarrearen gurasoak?». Ordu erdi lehenago, kardiologoak esan zigun dena ondo zihoala eta jostera zihoazela. «Hil egin berri da». Ebakuntza gelatik ateratzear zutela, bihotzak huts egin zion. «Tira, trankil egon, izango dituzue-eta gehiago», esan zigun zirujauak, eta eskapatu egin zen.

Behin haurra hil denean, zer baliabide eskaintzen dute?

Orain badaude baliabideak, baina guri gertatu zitzaigunean, ez. Esku Hutsik elkarteak kristoren lana egin du hor; profesional askok laguntza eskatu dute familiak artatzeko, eta ospitale guztietan protokolo bat sortu da: horrelako heriotza bat gertatzen denean, automatikoki bidaltzen zaituzte Esku Hutsik-era. Orain dela 8 urte, Ekai hil zenean, ez zegon elkarterik; Fernandoren eta Amaiaren alaba Larraitz hil zenean, orain dela hamazazpi urte, ahal zuten moduan egin behar izan zioten aurre doluari: Fernandok esaten du hurrengo egunean ez zeukatela indarrik altxatzeko, ez zeukatela ezertarako laguntzarik. Azken zortzi urteetan sekulako bidea egin da.

lotsabako

Dokumental bat?
Iñaki Peña medikuak heriotzaz egin dituen biak: Aulki hutsak, dolu perinatalaz; eta Mendian hil, hirian hil, mendian hildakoen doluaz.

Beste proiekturik?
Dokumentalaz gain, Aitatxo proiektu bat da; nire semeekin gogoeta batzuk egin nituen, nire dolu prozesua azalduz. Ez ditugu dokumentalean sartu, baina Telmo Iruretak antzezlan bat egin du. Urtarrilaren 16an izango da lehen emanaldia, Ermuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.