Bonnat Helleu museoko ikerketa zentroko arduraduna

Maitena Horiot: «Oker geunden uste izanez emazte bakarra zela Baionako eskolan»

Baionako Bonnat Helleu museoko ikerketa zentroko arduraduna da Maitena Horiot. Tesia egiten ari da Eugene Pascau tindatzaileaz. Baionako eskola mugimendua analizatuz, agerian eman ditu iturri ofizialetarik kanpo gelditu ziren emazte tindatzaile batzuk.

PATXI BELTZAIZ
PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako eskola deitu mugimenduko Eugene Pascau tindatzaileari buruzko tesia egiten ari da Maitena Horiot Baionako Bonnat Helleu museoko ikerketa zentroko arduraduna (Baiona, 1980). Leon Bonnaten inguruan bildu zen tindatzaile taldea zen eskola hori, eta luzaz mugimendu horretako emazte bakartzat jo izan da Marie Garai. Ikerketa egin ahala, ordea, Jeanne Camiade eta Marie Salieres Rechou bezalako artistak agertu zaizkio Horioti. 

Baionako eskolan emazte bat baino gehiago zirela ohartu zara zure ikerketan aurrera egin ahala.

Baionako eskolaren kontakizuna gizonezkoek egin zuten nagusiki. Leon Bonnat eta haren taldearen inguruan oinarrituta dago, eta talde horretan Marie Garai zen orain arte ezagutzen genuen emazte bakarra. Baina Baionako Bonnat Helleu museoko katalogoak ikertu ondoan, ikusi dut beste emazte batzuk ere egon zirela eskola horretan. Marie Salieres Rechou da haietarik bat. San Izpiritu auzoan eskola bat ireki zuen hark, eta liburu joskintzan aritu zen. Gehiago sakondu ondotik, Jeanne Camiade ere agertu zitzaidan. Emazte izateaz gain, femeninotzat jotzen zen; hots, gutietsia zen artea egiten zuten biek, liburu joskintza batek eta natura hilak besteak. Garai hartan emazteek ez zuten akademian ikasten, gainera, eta, beraz, iturri ofizialetarik aparte gelditu ziren. Ondorioz, iturri horiek galdekatu behar ditugu, garai hartako dokumentuekin Marie Garai bakarrik ezagutuko genukeelako bertzela. Oker geunden uste izanez emazte bakarra zela Baionako eskolan.

Zer ezaugarri ditu Baionako eskolak?

Artista horiek ez ziren Baionako eskolako kide gisa identifikatzen. XX. mendeko kritikari batek hala deitu zituen, baina, zehatza izateko, Baionako eskolakoak Leon Bonnaten inguruan bildu ziren tindatzaileak ziren. Bonnat ez ezik, Achille Zo ere garrantzitsua zen, Baionako Marrazki Eskolako zuzendaria baitzen garai hartan. Biek elkar ontsa ezagutzen zutenez, Zok Parisera Bonnatengana igortzen zituen Baionako eskolako ikasleak, eta ibilbide horrek ditu eskola horretako tindatzaileak ezaugarritzen.

Estiloa-eta berbera zuten mugimendu horretako ikasle guztiek?

Ez; ez zuten denek estilo bera, eta ez zen teoria artistiko homogeneo bat eraiki haien inguruan. Ezin da eskolaz mintzatu, baina biltokiz edo elkargunez mintza daiteke kasu honetan. Bestalde, potret egileak ziren kasik denak, Bonnaten formakuntzak eraginik, baina modernismoari ere behatu zioten, Edouard Manet tindatzaileaz inspiratu baitziren haietariko batzuk.

«Garai hartan emazteek ez zuten akademian ikasten, eta, beraz, iturri ofizialetarik aparte gelditu ziren. Ondorioz, iturri horiek galdekatu behar ditugu»

Gauza berri franko ikasi dituzu ikerketa garatu ahala, beraz? 

Ene ikasketa prozesuan Ernst Gombrichen artearen historia izan dugu erreferente nagusitzat, eta gizonezko artistak bakarrik aipatzen zituen. Ez nuen sekula deus aditu emazte tindatzaileez. Gainera, ez nion nihauren buruari hori sekula galdekatu, baina, Baionako Bonnat Helleu museora jin nintzelarik, Marie Garai Baionako eskolako emazte bakarra zela aditzeak trabatu egin ninduen, hori frogatzeko iturriak ez baitziren sekula galdekatu. Artearen historialari gisa ikerketa abiatu nuen, eta, denborarekin, generoa hartu dut ikerketa ardatz gisa. Historian atxiki dituen baino emazte anitzez gehiago tindatzaile izan ziren.

Eugene Pascauz ikertzean ezagutu duzu errealitate hori. Nola hasi zinen bide hori jorratzen?

2014an hasi nintzen lanean Baionako Bonnat Helleu museoan, eta ez nuen bortxaz ikerketa proiektu potolorik egin nahi garai hartan. Baina Pierre Vignalek Eugene Pascauren tailerreko funtseko pieza batzuk utzi zizkigun eta artista horretaz pasionatu nintzen. 1875ean sortu zen Pascauz, eta erran dezakegu Leon Bonnat tindatzailearen ondorengoa dela, haren ikaslea baitzen eta hura bezalaxe potret egilea baitzen. Baionako Udal Marrazki Eskolan egin zituen ikasketak, eta, ondotik, Bonnaten tailerrean sartu zen, Parisen. Bide batez, Denis Etxeberri, Gabriel Deluc eta Georges Berges ere Baionako eskola deitu mugimendukoak ziren.

LOTSABAKO

Zer rol du Baionako museoak emazte horien inguruan orain?
Memoria egin beharra.

Zer egin behar luke?
Emazte horien obrak berritu eta merezi duten tokian kokatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA