Telesailak

Aktore pakistandar bat James Bonden larruan

Riz Ahmedek sortu eta idatzi du 'Bait' telesaila, eta zinemaren munduan murgilaraziko du ikuslea. Shah Latif aktore ingeles-pakistandarra da protagonista, eta haren ibilbidea alda dezakeen casting baten barrunbeak erakutsiko dizkio telesailak ikusleari.

'Bait' telesailaren fotograma bat. PRIMEVIDEO
'Bait' telesailaren fotograma bat. PRIMEVIDEO
gaizka izagirre
2026ko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

James Bondena egiteko aktore hautaketaren inguruan beti egon da eztabaida handia, hautagaiak bete beharreko irizpideak direla eta. Arketipo oso itxia izan da urteetan —gizona, britainiarra, zuria—, eta zalantzan jarri izan da askotan. Ikusleriaren parte batek maiz proposatu izan du pertsonaia emakume batek edo gizon arrazializatu batek interpretatzea. Casting mediatiko horri buruzko zalaparta izango da, hain zuzen, Bait telesailaren abiapuntua.

Riz Ahmed Shah Latifen larruan jarriko da. Latif aktore ingeles-pakistandarra da, eta ez du zorte handirik izan bere ibilbidean, baina casting batek dena alda dezake: James Bond berriarena egiteko hautagaietako bat izango da Shah. Hautaketa prozesu horretatik irteten ari dela, paparazzi batek egindako argazkiak ezustekoak ekarriko ditu, eta kontakizunaren bideak bihurrituz joango dira.

Abiapuntu sinple horretatik eta ukitu satiriko-komikoa besarkatuz, telesailak hainbat gai jorratuko ditu: kultura pertenentzia, hedabideen irudikapenak eragindako presioa, eta norberaren nortasuna galdu gabe egokitzeari dagozkion barne kontraesanak. Era berean, entretenimenduaren industriaren satira gisa funtzionatuko du, protagonistaren narriadura emozionalaren erretratu psikologiko sendoa eginda.

Komedia beltzaren, drama psikologikoaren, satiraren, absurdoaren eta surrealismoaren arteko zubi sendo bat eraikiko du telesailak. Ikuspegi hibrido horrek aukera emango dio gai trinkoei heltzeko,narrazioaren dinamismoa galdu gabe. Gaiak ez dira berriak, baina forma nahiko berritzailea da; horregatik da telesail hori berezia.

Ahmedek pertsonaia konplexu eta kontraesankorra sortuko du. Segurtasunik gabea, tarteka berekoia, baina baita zaurgarria eta sakonki gizatiarra ere. Erretratu horren helburua ez da ikuslea figura sinpatiko batez liluratzea, baizik eta aitortua izateko nahiaren eta nahikoa ez sentitzearen frustrazioaren artean harrapatuta dagoen norbaiten miaketa zintzoa eskaintzea.

Estilo bisual eta narratiboak ezegonkortasun sentsazioa indartuko du. Kamera eskuan, angeluhandiak eta sekuentzia onirikoak erabiltzeak tentsio konstanteko atmosfera bat sortzen lagunduko du. Hala, ikuslea protagonistaren egoera mental zatikatuan murgilduko da bete-betean.

Azken ataletan indar eta originaltasun pixka bat galdu arren, Bait argi eta garbi nabarmenduko da algoritmo telesailez betetako gaur egungo garaian, zeinetan guztiak geroz eta antzekoagoak diren.

Riz Ahmed

2016. urtea zen, eta The Night Of estreinatu zuten, Naz izeneko gazte pakistandarra protagonista zuen lana. Telesailak pasarte gogoangarriak zituen, eszena bikainak eta tentsiozkoak, baina, horien artean, Riz Ahmeden antzezpen lana nabarmentzen zen, sentsibilitate eta indar handikoa. Aurretik hainbat filmetan parte hartu bazuen ere, Ahmedi telesail horrek eman zion bultzada erabakigarria. Ez bakarrik beste antzezpen lan bikain batzuk egiteko, baizik eta sari ugari irabazteko ere bai. Zuzendu eta idatzi duen lehen telesaila da Bait.

'BAIT'

  • Sortzailea. Riz Ahmed. 
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Riz Ahmed, Guz Khan, Aasiya Shah eta Sheeba Chaddha.
  • Non ikusi. Prime Video.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 30 minutu.
  • Generoa. Komedia, drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA