Telesailak

Alabaren oroimena, amaren borroka

Julie Hogg neska gaztea 1989an hil zuten, Billinghamen, baina hiltzailea aske geratu zen Poliziaren eta justiziaren hutsegiteen ondorioz. Ama hamazazpi urtez borrokatu zen alabarentzat justizia lortzeko. Kasuaren nondik norakoak azaltzen ditu telesailak.

'I Fought the Law' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'I Fought the Law' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2025eko urriaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«I fought the law and the law won» (Legeari aurre egin nion, eta legea nagusitu zen) dio The Clash taldeak 1979an ezagun egin zuen abestiak. Geroztik, legearen aurkako borrokaren ereserki modukoa bilakatu da abestia, indibidualki galtzen den gudak kolektiboaren oroimenean indar berezia hartzen duelako. Horregatik da izenburu ezin aproposagoa pantailan bizia emateko Julie Hoggen eta Ann Mingen benetako istorioari.

Azken urteotan benetako krimenetan oinarritutako fikzio lan ugari estreinatu da. Oro har, halako kontakizunek legearen ikuspegitik aztertzen dituzte gertakariak, krimenen inguruko misterioa esploratzen dute, edo hiltzailearen psikologian sakondu. I Fought the Law telesail laburrak, aldiz, bestelako leku batean jartzen du arreta: hilketak familian izan duen eraginean, eta, batez ere, amaren borroka nekaezin eta kementsuan.

Jamie Crichtonen gidoia liburu batean oinarritzen da; bertan, protagonistak lehen pertsonan kontatu zuen bere sufrimendua. Esanguratsua da, gainera, hiltzailearen izena ez dela inoiz aipatzen: kontakizunaren erdian ez dago kriminala, baizik eta ama baten ahotsa eta oroimenari eutsi nahi dion maitasun nekaezina.

Margaret Atwooden The Handmaid’s Tale eleberri ezagunean bada pasarte bat: «Gizonak beldur dira emakumeek barre egingo ote dieten. Emakumeak beldur dira gizonek hilko ote dituzten». Esaldi horrek oihartzun berezia hartzen du I Fought the Law telesailean, protagonistak azken atalean hitz berak errepikatzen dituenean; lerro horiek bikain laburbiltzen dute telesailaren muina.

Ann Mingen benetako istorioa kontatzen du telesailak: 1989an, Billinghamen (Ingalaterra), Julie Hogg 20 urteko alaba galdu zuen, gizonezko batek modu basatian hil zuelako. Erruduna nor zen argi zegoen arren, Poliziaren eta sistema judizial osoaren hutsegiteen, axolagabekeriaren eta zabarkeriaren ondorioz, hiltzailea aske geratu zen. Amak, ordea, ez zuen etsi: hamazazpi urte eman zituen alabaren hilketagatik justizia lortzeko borrokan. Protagonistaren rola Sheridan Smith aktoreak jokatu du. Berak darama telesailaren pisu ia osoa, eta ikusleari bihotzeraino heltzen zaio haren antzezpen hunkigarri bezain boteretsua.

Telesailak, formalki, ez du aparteko apustu zinematografikorik egiten, baina horretan datza haren indarra. Ingalaterrako telesailen ohiko «sinpletasun» artistikoaren ildotik doa. Egituraz badu literatur kutsua eta estetika oso neurritsua, baina bikain betetzen du bere funtzioa.

I Fought the Law ez da true crime bat, emakume indartsu baten borroka politiko, sozial eta etikoa erakusten duen telesail hunkigarri bat baizik. Istorioak agerian uzten du nola pertsona arrunt batek iritzi publikoa astindu dezakeen, eta nola izan dezakeen gaitasuna epaitegien, parlamentuen eta komunikabideen itsaso zakarrean nabigatzeko.

FITXA

  • Sortzailea. Erik Richter Strand. 
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2025.
  • Aktoreak. Sheridan Smith, Marlowe Chan-Reeves, Olivia Ng eta Jake Davies.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.