Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Arabako Lautadako ipar-ekialdean Larrea herria dago. Elgea-Urkilla mendilerroaren eta Aldaia mendigunearen artean dagoen Ubarrundia ibar luzean goititzen da. Inguraldeari sosegua eta jabaltasuna darizkio. Ordea, mende laurden bat atzera egin beharra dago Larrea bera inarrosi zuen gertaera bat testuinguruan jartzeko. Izan ere, XVI. mendeko literatur lan baten aurkikuntzak bazterrak astindu zituen brastakoan: arabar baten eskuizkribuak argia berrikusi zuen orduan. Dozenaka orritan, makina bat poema eta eleberri galanta. Altxorra Borja Aginagalde historialariak aurkitu zuen Madrilen bila-irteten jardun ostean. Euskal literatura zorionekoa zen beste behin ere: esku artean, balio erantsi handiko testu sorta paregabea, eta gehiena, Arabaren ipar-ekialdeko euskara arkaikoaz idatzirik! Zehazki, artzain eleberri bat eta amodiozko poema bilduma bat zituen eskuizkribuak. Ezin euskarari opari handiagorik! Joan Perez Lazarragaren izena eta omena guztion aho-ezpainetan egon zen 2004ko urtarrilaz geroztik.

Literatur mugimendu handia zegoen Europan, eta hain zuzen testuinguru horretan kokatu beharra dago Joan Perez Lazarragak euskaraz emandako lana. Pruden Gartzia euskaltzain urgazleak, harago joan nahirik-edo, esaten du Lazarragaren aurkikundeak ongitxo azpimarratzen duela garai hartako pizkunde mugimenduaren hasiera, non eta Arabako herrialdean, eta baita garai hartako euskara arkaikoaz idatzita ere. Eta harira etorrita, Joseba Lakarra filologoak aitortzen du eskuizkribuak garrantzi handia duela literatura, dialektologia eta euskararen historia aztertzeko orduan, betiere XVII. mendearen aurreko euskal idatzien testuinguruan. «Zegaiti dozun Euskel Erria, ainbat bentajaz dotadu. Itsaso ori tinta balidi zeru zabala liburu. Oi, Arabako abantajaoak ezin litezke kontadu».
Lazarraga poeta arabarra noblezia txikiko kidea zen, gebaratarren itzalean bizi zen leinu batekoa, hain justu. Enrike Knorr hizkuntzalariak gomutan dauka idazle gisa merezimenduez gain Lazarragak bere familiaren kronika bat idatzi zuela. Haren aitaginarrebak utzitako genealogia berregin eta eguneratu zuen. Familiaren loria, antzinatasuna eta balentriak goraipatzen dira lan horretan.

Lazarraga poeta gaztea zelarik, maitearen maitez, artzain eleberri bat idatzi zuen lilurazko giro apartean. Artzainez, sirenaz, zaldunez eta bestelako pertsonaiaz osatutako abenturazko prosa lana da. Bestalde, amodiozko poemak euskaraz idatzita daude. «Ene laztantxo linda damea, esportzu artu egizu, uste gutxien dozun orduan, enegaz bearko duzu. Urtan eder arria, aen gainean txoria, amorantian lekidanari, atera neio begiak». Bilduman agertzen diren hiruzpalau poema erlijiosoak gaztelaniaz daude.
Lautadatik Nafarroako Sakana aldera abiatuta, gebaratarren jauregiaren hondakinak ikusten dira, izen bereko herrixkaren ondo-ondoan. Muinoan gora, ordea, gebaratarren gotorlekua izandako gazteluaren azken harriak daude, ganboar bandoaren antzinako babesleku eta talaia. Joan Perez de Lazarraga bizi zen garaian, bai jauregia, bai gaztelua, biak izango ziren bizitasunez beterik. Lazarragatarrek, hain zuzen ere, gebaratarren itzalean egin zuten aurrera. Diru asko egin omen zuen familiak, eta dorretxe bat erosi zuen Larrean, Gebaratik hurbil eta Oñatira (Gipuzkoa) zihoan bidearen eretzean. Harrizko gotorleku horren kokalekua ezin hobea zen. Gero, adreiluzko jauregi bat gehitu zitzaion multzoari. Bi eraikinek osatzen dute gaur egun El Bolo baserri multzoa.
Hori izan da Lazarragaren mundua, haren lagun eta maiteñoen ingurunea, zaldun eta dama, eta horientzat idatzi zituen poemak. «Mendi altuan erurra dago, aran baxuan eguzki, mendiaran guztiak baino, ene koitaok nagusi. Ikaz laztan ninduan, dontzella batek, aurten nahi ez ikusi, laster kanbiatu ninduen deseo ebana gaiti».
Aldaiako mendigunea
Larrea herrian (Araba) abian jarriko da ibiltaria Gebarako gaztelura igotzeko asmoz. Estakuru ona, hortaz, Aldaiako mendietan barna harat-honat ibiltzeko. Herriko elizaren aurrean jarrita, beraz, errepidea gurutzatu eta Arkia auzoan sartuko da aita batean. Hilerriko hormaren paretik igaro ostean, Iturralde zubira iritsiko da bidaztia. Barrundia ibaia zeharkatu eta eskuinera joko du. Madurako larre zabalera iritsiko da, ibaiaren ondoan metro batzuk egin ostean. Ezkerreko ertzetik doan xendari men egingo dio, akaso belazean kalterik ttipiena egiteko asmoarekin. Nekazari bidearekin topo egiten duenean, aurrera jarraituko du, noranzkoa aldatu gabe. Jeron sakonunean sartuko da ezustean, Karelabe eta Chinchures gainek mugatzen duten mehargunean. Bidariaren pentsamendua bihikatzeko aukera ederra emango dio Aldaiako mendietako iparraldea tapizatzen duen erkamezti trinko eta bihurdikatuak.
Erkameztitik irtendakoan, hots, basabidea oztopatzen duen alanbrera iritsita, ezkerretik abiarazten den zidorretik jarraituko du. Genistak, txilarrak eta erkametzak gogaide, ibarrean gora hasiko da mehakari metroak kentzen. Landaretza oparoz emokatutako paisaiak liluratuta, beraz, urratsak egingo ditu bidegileak. Aldapa amaituta, Larreko atakara iritsiko da. Eskuinera egingo du han goian, eta barrera zeharkatuko. Patarrean gora jarraituko du segidan, ezkerraldetik barneratzen den errege bidea lagatzeaz batera. Hala, mendi lerroaren ertz-ertzetik ibiliko da begirada zolitua artadi amiragarrian jarrita. El Raso edo Karelabeko barrera eskuinean utziko du aurrerago, lehen malkarrak gainditu eta berehala. Magalean gora jarraituta, Aldaiako tontorrean izango da ibiltari zalua. Aldaiako bazterrak ederrak dira zinez, artadi trinko batek janzten baitu hegoalde gorabeheratsua.
Gebarako gaztelu eria
Etura herritik tontorreraino bertaraino igotzen den basabide bera hautatuko du goratasuna galtzen hasteko. Hegoaldera jaistean, ez zaio zaila egingo Gebarako gazteluaren harri maiztuak lerro berean bistaratzea. Langa bat ikusiko du berehala, bide ondoan. Barrera horri muzin eginda, jaisten jarraituko du ibiltariak malda erosoko txirrista batean bezala, harik eta Zabaletako parajera iristen den arte. Orduan bai, Gebarako gaztelura doan bidea aurrez aurre agertuko da, barreraz beste aldean. Hortaz, Etura herrira jaitsi gabe, basabide nagusitik irten eta magaleko barrera zeharkatuko du. Ondoko bidebanatzean zuzen jarraituko du, erkameztian gora, eta Kardinako lepora iritsiko da berehala. Metro batzuk baino ez ditu egingo eskuinerantz; izan ere, gaztelura doan bidexka sigi-sagatsua laster bistaratuko zaio ezkerretik. Horiek horrela, erkametzen enbor zimurtsuak itzurita, Arabako Lautada, urtegi sonatuak eta, besteak beste, Gebara eta Maturana herriak harrapatzen dituen aiurri bereziko talaian izango da. Paisaiaz gozatzeko tenorea iritsiko zaio bisitariari.

Mendebaldera doan zidorra jarraituko du segidan. Zilarrezko urtegiak eta Gebarako jauregia begi bistan, goratasuna galtzen hasiko da astiro-astiro. Gebarako ur biltegira iritsita, hartxintxarrez jantzitako bideari oratu eta, bihurgunea egin ostean, Askaina lepora iritsiko da. Eskuinera egingo du han, eta ipar-ekialdera joko du Gaztelubideko xendari helduta. Ozaeta herria buruz buru duela, Zubiandiko zubia gurutzatu eta, eliza altxatzen deneko talaiara igo gabe, eskuinetik doan bide zabaletik jarraituko du Ollasoko bidebanatzean. Hala, Hermuzabal bideari oratuta, Hermuara iritsiko da. Errepidea gurutzatu ondoren, kalez kale ibilia San Martin baselizara helduko da. Gero, eskuinera egin, eta bolatokira helduko da arin-arin. Eskuinera joko du han, eta baso alderantz ibiliko da. Pinuak eta izeiak alde bietan dituela, bideak Larrea herrira hurreratzen lagunduko du. Arralde kalearekin bat egindakoan, Joan Perez Lazarragaren omenez Euskaltzaindiak altxaturiko monumentua ikusiko du. Hurbil, arkitektura ederra erakusten duen El Bolo monumentu multzoa ikusteko parada izango du.