Asteburuko proposamenak

Aldarrikapen festa igandean

Uztaritze. Lapurtarren Biltzarrean orga desfilea egingo dute goizean; bazkaria eta musika ere izango dira

Iaz, hamabi orgak parte hartu zuten Lapurtarren Biltzarreko desfilean. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Erdi Arotik Frantziako Iraultza arte Lapurdi gobernatu zuen batzarra izan zen Lapurtarren Biltzarra. Urtero bezala, garai hori gogora ekarriko dute iraileko azken igandean Uztaritzen bertan (Lapurdi).

Goizetik hasiko dituzte emanaldiak, eta egun osoan izango da zer ikusi Uztaritzen. Baina eguneko ekitaldi nagusia orgen desfilea izango da. Lapurdi gelaren aurretik abiatuko da goizeko hamaiketan. Ohi bezala, aldarrikapen ugari ikusi ahal izango dira gazteek egindako karroetan. «Iaz 12 orgak parte hartu zuten. Urte hoberenetan 10 eta 15 artean ukan ditugu», esan du Antton Lannes antolatzaileak. Aurten zenbat izango diren oraindik ez dakite, baina elkarte batzuek baieztatu dute jada euren parte hartzea; hala nola Baionako gazteek; Uztaritzeko, Itsasuko eta Sarako gaztetxeek; Gurekin elkarteak...

Orgak laguntzen, gaiteroak, Uztaritzeko dantzariak, txaranga eta Zo Zongo perkusio taldea joango dira. Eliza aurrean geldialdia egingo du desfileak, eta han, Gilen Hiribarrenek eta Bixente Irigaraik bertsoak kantatuko dituzte. Orgei buruzko euren ikuspuntua eskainiko dute bertsotan. Handik Kiroletara joango dira, eta aperitifa egingo dute bazkaltzen hasi aurretik. Mutxikoak dantzatzeko aukera izango da Erdizka taldearekin.

Iluntzean, musika taldeak

Zikiro menua prestatuko du Uztaritzeko ikastolak bazkalordurako. Lekua mugatua denez, tokirik gabe geratzen direnentzat ogitartekoak eta pintxoak izango dira. Bazkalordua Urruñako Kuxkuxtu txarangak alaituko du.

Bazkaldu eta gero berriro Zo Zongo perkusio taldea ikusteko aukera izango da, eta haien atzetik, kirolek hartuko dute musikaren tokia. Xiba jokoak izango dira nahi duten guztientzat, euskal herri kiroletan oinarritutako jokoak.

Arratsaldeko zazpietatik aurrera musika kontzertuek beteko dute egitaraua. Kilauea Atxondoko (Bizkaia) taldea izango da taulara igotzen lehena, eta haien ondoren Garaziko Buuzbu taldea ikusteko aukera izango da, 20:30etik aurrera.

Kontzertuen ondoren, festak gaztetxean jarraituko du.

LAPURTARREN BILTZARRA

Zer. Orgen desfilea, bazkaria, kontzertuak...

Non. Uztaritzen (Lapurdi).

Noiz. Igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.