Zapaldua. Alfonbra bai, eta ehulea ere bai. Bihur liteke gerra bat eder. Loreak tankeekin ordezkatu, landareak metrailetekin, eta estanpatuak bonbekin. Zeruko horiek ez dira izarrak; misilak dira. Ilargiaren ordez, helikoptero bat ari da zelatan. Gerrarako gurdien geometria hipnotikoa izan liteke. Granada errenkada bat ere bai. Artea, memoria eta erresistentzia zibila ehundu litezke alfonbra batean. Zapaltzekoa izan liteke zapaltzailea salatzeko. Zapalduak kontatutako gerra izan liteke alfonbra bat. Horixe da Donostiako Nomada alfonbra dendan egin duten ariketa eta paratu duten erakusketa: Balak ehuntzen, bakea amesten. Azaroaren 23ra arte egongo da zabalik.
Gerrako alfonbren arteak Afganistanen du sorburua. 1979. urtean sortu zen, Sobietar Batasunaren inbasio garaian. Ez du herrialde horrek bake handirik izan geroztik: AEBen okupazioa, talibanen indarkeria, eta tentsio politiko etenik gabea. Arteak bizitza imitatzen duela? Afganistango emakumeek euren bizitza ehundu dute gerrako alfonbren arteaz. «Lengoaia bisual bat da. Hamarnaka urtez bizi izandako gatazka kontatzen du, gatazka hori bizi izan duten emakumeen begirada isilaren bidez», azaldu du Nerea Agirrek, Nomada dendako arduradunak.
«Lengoaia bisual bat da. Hamarnaka urtez bizi izandako gatazka kontatzen du, gatazka hori bizi izan duten emakumeen begirada isilaren bidez»
NEREA AGIRRE Nomada alfonbra dendako arduraduna
1997an ekin zioten Nerea Agirrek eta Alistair Bairdek proiektuari. «Eta alfonbrak erosteko modua berbera izan da geroztik: jatorrizko herrialdeetatik zuzenean inportatzea, bitartekariak ahalik eta gutxien izatea, bidezko merkataritzarekin lotura duten proiektuak aukeratzea, eta produktuak kalitatezkoak eta jasangarriak izatea». Munduko hainbat tokitako diseinuak dituzte: Nepalgoak, Irangoak, Turkiakoak, eta baita Afganistangoak ere. «Badira gerra sufritu duten herrialde gehiago ere, baina gerrako alfonbren fenomenoa Afganistanen bakarrik gertatzen da. Batez ere, Balutx tribuan», argitu du Agirrek.

Baina nork egin ditu eta nola iritsi dira Donostiara? «Alfonbra hauek Afganistango emakumezkoek ehundu dituzte euren etxeetan. Nik asko bidaiatzen dut Turkiara, Iranera... Baina Afganistanera ezin naiz iritsi. Bitartekari bat daukagu han, eta hari esaten diogu zer nahi dugun: zer tributakoa, zer garaitakoa... Berak topatzen ditu alfonbra horiek, eta Pakistandik ateratzen ditu, zeren Afganistanen ez dago batere erraztasunik halakorik egiteko; ez daukate azpiegiturarik. Garbiketak eta konponketak Pakistanen egiten dituzte, eta handik esportatu».
Ez dituzte orain deskubritu. Hasieratik izan dute alfonbra horien berri. Agirrek dio hiru fasetan gauzatu dela prozesua: «Aurreneko alfonbrak erabat normalak ziren, baina detaile txiki bat jartzen zieten: eskopeta bat, tanke bat... Bigarren fase batean, askoz tanke gehiago hasten dira agertzen, askoz granada gehiago. Eta azken fasean, gaur egun bizitzen ari garen honetan, bakarraren alde egiten dute apustu: tanke handi bat, metraileta bakar bat... Eta droneak ere hasi dira agertzen».

Gerra kontatzeko modu bat da alfonbrena, baina Agirrek azaldu du erakusketa ez dela gerrari buruzkoa, «bakeari buruzkoa baizik». Eta alfonbra horietan guztietan dagoen xehetasun bat nabarmendu du: «Alfonbra bakar batean ere ez da txikiziorik agertzen. Ez dago suntsiketarik. Etxeak agertzen dira antena eta guzti, zubiak agertzen dira, errepideak agertzen dira...». Eta, haren ustez, badago arrazoi bat horren atzean: «Ekialdean, arteari buruz duten kontzeptua oso bestelakoa da: edertasuna lehenesten dute. Ezinezkoa litzateke Goyaren koadro bat haien alfonbra batean ikustea; fusilamendu bat, adibidez. Alfonbrak zerbait polita izan behar du. Beste kontu bat da zuri gustatuko zaizun edo ez. Haientzat polita izan behar du. Ez da erraza ulertzea nolatan izan litekeen polita gerrako alfonbra bat. Baina alfonbra horietan harmonia dago». Eta badago «alderdi psikologiko bat» ere: «Normala ez den zerbait normalizatzeko modu bat ere bada halako alfonbrak egitea. Traumaren bat daukan norbaitek pintatzeko beharra izaten duen moduan, emakume horiek alfonbren bidez adierazten dituzte euren bizipenak».

«Erakutsiko dizkizut», esan du Agirrek, bisita gidatuari ekin aurretik. «Begiratu honi: ikusten dira lorategiak, landareak, loreak, etxebizitzak... Persiako egutegia erabiliz daude datatuta. Hau, adibidez, 1990eko hamarkadakoa da. Persiako egutegiaren arabera, 1372koa». 400 metro koadroko lokala da Nomada. Harrizkoak ditu hormak, zurezkoak lurrak, eta zintzilikatuta dituzte gerrako alfonbrarik ikusgarrienak. «Afganistanen, lurrean leudeke; alfonbrak ezin dira zintzilikatu». Bisitarekin segitu du Agirrek: «Begiratu granadak: jostailuen gisa daude irudikatuta. Tanke horri loretxoak jarri dizkiote gurpiletan. Beste horrek denetik dauka: misilak jaurtitzekoak, metrailetak... Eta hor Malan zubia idatzia du. Zubi hori XII. mendekoa da, eta oso esanahi berezia dauka afganiarrentzat, gurean Gernikako arbolak edo Espainian Alhambrak izan dezakeenaren antzekoa. Begiratu tanke horri! Ematen du ez duela kalterik egiten. Beste horretan, berriz, Herateko aireportua idatzi dute. Oso deskriptiboak dira. Alfonbra bakoitzean, gertatzen ari dena deskribatzen dizute». Jarraian, kuxin bat seinalatu du, eta zera esan: «Hau da ikusi dugun kuxin bakarra. Ez dut beste inon ikusi halako piezarik. Meskita bat da hori, eta oso-osorik dago. Tankeak ahuntzekin nahastuta daude beste horretan».
Korridorean atzeraka egin du Nomadako kideak. Sarrerako erakusleihoan, alfonbra erraldoi bat dago: 311 zentimetro luze eta 217 zabal da, eta 14,5 kilo. «Oso zaila da gerrako alfonbra horren handiak topatzea». Pieza txundigarria da, Balutx tribuko emakumeek ehundutakoa. Jameko minaretea irudikatu dute bertan. Unescok gizateriaren ondare izendatutako monumentua da: Afganistango Ghor haranean galdutako 65 metroko dorrea. Kolore turkesakoak ditu azulejuak, geometrikoak diseinuak, eta kufikoak kaligrafiak. Mendiak ditu inguruan, eta Hari ibaia alboan. Artisauaren eskuek ehundutako alfonbran? Kolore berde-urdinekoak ditu ubideak, eta oparoak bazterrak. Arrokatsuak eta idorrak behar luketen mendiak baratzez, zuhaixkez eta sahatsez josita daude. Urdin ilunekoa du zerua, eta ez dira izarrak eta hegaztiak zintzilik agertzen direnak; bonbak ari dira erortzen helikopteroetatik. Bihur liteke eder gerra bat. Baina edertasuna gogor ere bai.
