Lehen lana zena, festa eta oroimenerako aitzakia da egun. Basoa zen garai batean Pirinio inguruetako herrien diru iturri eta ogibide nagusia, eta ibaiak erabiltzen zituzten bertan moztutako zura garraiatzeko. Enborrari enborra lotu eta almadiak eraikiz, korronteari segika ibai zati bareagoetara bidaia egiten zuten almadiazainek, egurra saltzeko. Kamioiak heltzean, eta errepideak hobetzean, ordea, desagertuz joan zen ofizioa. Eta, hain zuzen ere, haien memoriari bizirik eustea da Burgin (Nafarroa) ospatzen den Almadiaren Egunaren asmoa. Larunbatean berriz ere ibaian behera ikusi ahal izango ditu jendeak almadiak. Lan handirik gabe, gainera, festa giroan.
Egun handia da larunbatekoa, eta jendetza bildu ohi da urtero ibaiaren inguruan. Goizetik goizera izaten da festa, eta interes turistikoko eguntzat aitortuta dute hainbat erakundek. 10:30ean hasten da martxan herrian. Orduan irekitzen dute Almadiaren Museoa, eta baita Erdi Aroko azoka eta gazta azoka ere. 11:00etan abiatzen dira almadiak ibaian behera, eta 12:30 inguruan heltzen dira Burgiko presara. Hori izaten da unerik ikusgarriena, eta baita jende gehien biltzen duena ere.
Arratsaldetik aurrerakoak
Ibai ertzetatik herriko kaleetara egingo du gero jendeak. 15:00etan herri bazkaria izango da pilotalekuan, eta Urrezko Almadia izeneko ohorezko izendapena banatuko dute bazkalondoan Nafarroako Almadiazainak Elkarteko kideek. Mikel Zabalza mendizalea eta Almadiaren eguna antolatzen aritzen diren boluntarioak omenduko dituzte. Hil berri den Juantxo Garzia bereziki, azken hogei urteetako festetan izan baita.
Arratsaldean, 18:00etan hegaztiekin egindako ehiza erakustaldia izango da, eta euskal mitologiako pertsonaiaz beteko dituzte kaleak Irurtzungo Orritz taldekoek (Nafarroa). 20:30ean, berriz ere musika, Joselu Anaiak taldearen eskutik, eta batukada, haien atsedenaldian. 00:30ean berriz hasiko dira Joselu Anaiak taldeko musikariak.
Hortik aurrera, bakoitzak nahi beste luzatu ahalko du egun beteko festa. Girorik, behintzat, ez da faltako, hainbesterako aitzakia ematen baitu larunbateko festa egunean, garai bateko almadiazainen lanak.
ALMADIAREN EGUNA
Zer. Almadien jaitsiera, Erdi Aroko azoka, gazta azoka, herri bazkaria, musika...
Non. Burgin (Nafarroa).
Noiz. Larunbatean.
Asteburuko proposamenak
Almadiazainen omenezko festa
BurgiAlmadiaren Eguna ospatuko dute larunbatean Burgin, eta jendez eta festa giroz beteko da herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu