Andre Maria Zuriaren jaiak

Alternatiba sustatzeko herri jaiak

Herri mugimenduko eragileen lanari sostengua emateko baliatzen dute Entxosnazio Eguna: herri bazkariak, dantzaldiak eta gaueko kontzertuak izan ohi dira. 'OkupaTU Gasteiz' herri dinamikak jaso du aurtengo Txosna Batzordearen txosnisaria, jai herrikoien alde egindako lanagatik.

Karparen gerizpean egin zuten herri bazkaria. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko abuztuaren 07a
00:00
Entzun
Herri mugimenduen eta jai alternatiboen elkargune dira txosnak Gasteizen. Urtero legez, hiriko hainbat herri eragileren lana hauspotu eta aldarrikatzeko egitaraua izaten dute, jaieredu herrikoi, parekide, parte hartzaile eta euskalduna oinarri hartuta. Hiriaren erdigunetik apur bat aldenduta egonagatik ere, jende andana biltzen da egunero EHUko campusaren inguruko gunean. Askapena, Berriztuz-AHTrik Ez, Gasteizko mugimendu feminista, Hala Bedi, Errekaleor Bizirik, Iraultza 1921, Kalera, Sukalde-gerrilla eta Gazte Karpa kolektiboek bultzatuta, hiru karpak eta zazpi txosnak osatzen dute aurten alternatiben behin-behineko hiria.

Entxosnazio Eguna izan zuten atzo. Astelehena izaki, eta jaietako egun handiaren biharamuna, gazteenei begira hasi zuten eguna, Irrien Lagunak-en ikuskizuna izan baitzuten eguerdian karpa nagusian. Dozenaka familia bertaratu ziren, pailazoen umorearekin gozatu asmoz. Karparen gerizpean, saltoka eta dantzan amaitu zuten ikuskizuna.

Bien bitartean, eta apetitua herri kirolen ikuskizunarekin egiten zuten artean, txosna batzordeko kideak buru belarri ari ziren bazkarirako prestaketa lanekin. Orduan batu zen jende gehien: ehun lagun inguru. Izan ere, herri bazkaria eguneko hitzordu nagusia izan ohi da. Azken urteetako joerari eutsiz, atzo ere menu beganoa izan zuten. Jaki guztiak bertakoak eta ekologikoak izan ziren, gainera, hori baita txosnen batzordeak bultzatu eta indartu nahi duen aldarrietako bat. Gehiago ere badira, halere. Aitor Lopez Txosna Batzordeko kidearen hitzetan, txosna gehienek edarien marka komertzialak baztertu eta Euskal Herrian egindako garagardoa etafreskagarriak eskaintzen dituzte: «Errekaleorreko txosnak, esaterako, lau garagardo mota ditu; den-denak bertakoak dira, eta merke saltzen dituzte, gainera. Berriztukoak ere antzeko kudeaketa du».

Horrez gain, txorrotako ura lehenetsi eta edalontzi berrerabilgarrien aldeko apustua egin dute, plastikoaren erabilera murrizteko. Zaborrari lotuta, gainera, berrikuntza bat ere badute aurten: zabor organikoaren kudeaketa berezia egitea erabaki dute. Hala, konposta egingo dute bildutako zabor organikoarekin.

Bazkalosteko logurari aurre egiteko, dantzaldia izan zuten arratsaldean. Gauean, berriz, Penadas Por La Ley eta Lendakaris Muertos taldeen kontzertuak izan ziren, eta goizaldetik aurrera DJ Perez Troika Sobiet Systemak luzatu zuen jaia.

Lopezek nabarmendu du mugimendu handia egon dela jaien lehen egunetan, eta adierazi du asteburuan «jendetza» batu zela. Hiriaren erdigunetik aparte egonagatik ere, txosnetako egitaraua plurala bezain oparoa da, berretsi duenez. Horiek hala, azpimarratu du «momentuz, geldi» dagoela kokalekuari buruzko eztabaida: «Leku aproposa dugu hemen, erosoa, nahiz eta apur bat aldenduta egon». Aurten gainera, guneak euskararen arnasgune ere izan nahi du; Euskaraldiaren atarian, «giroa berotzeko» baliatu nahi dute.

Okupatu Gasteiz

Urteroko txosnisaria, berriz, OkupaTU Gasteiz herri dinamikak jaso du, urte guztian jai herrikoien alde egindako lanagatik. Gasteizko Gaztetxeak, Hala Bedi irratiak, Auzolana frontoiak eta Errekaleorreko bizilagunek osatzen dute dinamika. Urte berezia dute laurek aurten: izan ere, Errekaleor Bizirik proiektuak bost urte beteko ditu, hamar Alde Zaharreko frontoi okupatuak, 30 muinoko etxeak eta 35 irrati libreak.

Igor Goikolea Hala Bediko kideak azpimarratu duenez, OkupaTU Gasteizen «filosofia» zabaltzeko balioko du sariak: «Dinamikaren identitatea zabaltzen ari da dagoeneko. Urriaren 6an ospatuko dugun OkupaTU Gasteiz eguna antolatzen ari diren asko ez dira kolektiboetako kide, adibidez». Irratiko kideek, gainera, farolen prozesioa egin zuten iluntzean, elektro txarangaren laguntzarekin. Bost urtetik behin egiten duten parodia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.