Donostiako Aste Nagusia

«Altsasukoak askatu», oihukatu dute piratek

Donostiako Piratek Altsasuko Gurasoak plataformari elkartasuna adieraziz eman zioten hasiera Aste Nagusiari atzo. Txupinazo piratak jendetza erakarri zuen kaira, Donostia «abordatzeko» prest.

Bel Pozuetak jaurti du suziria Altsasuko Gurasoen izenean, Aste Nagusi pirata hasteko. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Gogotsu nago Aste Nagusia hasteko», esan du Maddi Bengoa haurrak, Parte Zaharretik kalejiran dabilela. Pirata Bihurria da, eta gogo handia du Abordatze Txikian parte hartzeko. Piraten txupinazoan bandera pirata astintzea egokitu zaio.

Donostiako Piratek ere atzo hasi zuten Donostiako Aste Nagusia, eta Parte Zaharra eta kaia jendez lepo zegoen txupina jaurtitzen ikusteko.

Kofradia bakoitzak bere kasa bazkaldu eta gero, pirata guztiek Parte Zaharrean bat egin dute kalejiran. Gazteak, haurrak, gurasoak, adineko jendea, kanpotik etorritakoa eta jaia gustuko duten donostiarrak dantzan jarri dira arratsalde erdian.

19:15 aldera denak kaian bildu dira, eta jendetzak bidea ireki die txupinazoaren protagonistei. Altsasuko Gurasoak plataformari eman diote txupina jaurtitzeko ardura piratek, «elkartasuna adierazteko». Omenduak jendearen txaloen artean igo dira eszenatokira. Bel Pozuetak hitz egin du guraso guztien izenean, eta «hunkituta, babestuak eta maitatuak» sentitzen direla adierazi du. «Piratek bezala guk ekaitzari eta enbatari aurre egin behar izan diogu, baina gu itsasontzian mantenduko gara. Injustizia bat gertatzen denean argi dugu ez garela etxean geldituko». Txaloz bete da kaia, eta jendetzak aldarri bakarrarekin egin du garrasi: «Altsasukoak askatu».

Kalepoza kofradiari egokitu zaio Ezkila kapitaina izatea aurten, eta «kaia, jaia eta iraultza alaia» aldarrikatu dute, piraten aurtengo leloa, hain zuzen.

Txupinazoa amaitzean, festarekin jarraitu dute donostiarrek. Trinitate plazan afari musikatuak izan dituzte, eta Flamenka gunean Fan&Go tadearen eskutik erromeria izan da, 23:30ean.

Aste Nagusia hasi baino ez da egin. Ondo dakite donostiarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.