Gorde dituzte Gaua filmeko jantziak kaxetan, eta atera dituzte arropa berriak. Edo ez hain berriak. Jada ez da baso ilunik ageri hormetan. Oraingoan, pintatu berriak izateko itxura duten horma zuri-zuriak dira nagusi. 1860. urteko eztei jantzi gorri bat dauka soinean maniki batek. Eguneko koktel festa batera joateko soineko zuri eta distiratsu bat dauka beste batek, 1970ekoa. Hortxe daude jantziak, kapelak eta poltsak, denda bateko erakusleihoan egongo balira bezala. Baina ez da saltoki bat, Errenteriako (Gipuzkoa) Jantziaren Zentroko sarrera nagusia baizik.Â
Donazioak izena du museoko erakusketa berriak, horixe bera baitira hartan bildutako jantziak eta osagarriak: Nafarroako, Gipuzkoako, Zuberoako eta Bizkaiko familia batzuek egindako dohaintzak. Berrehun donazio baino gehiago jaso ditu zentroak azken bi urteetan, eta horietatik hamabi jantzi, bi kapela eta hiru eskuko poltsa aukeratu dituzte. Donazioekin bi erakusketa ondu dituzte lehenago ere, 2021ean lehena, eta 2024an bigarrena; orain, beste bat gehitu dute zerrendara, hirugarrena.
Ainhoa Mendiburu Jantziaren Zentroko komunikazio arduradunak azaldu du «arropa mordoa» jaso dutela 2017an museoa ireki zutenetik: «2.000 donaziotik gora jaso ditugu. Pentsa, museoa ireki aurretik hasi ginen halakoak jasotzen, duela 30 urte. Pieza asko geratzen dira kaxetan gordeta; beraz, horiek ikusgai jarri nahi genituen, jendeari zera esateko: hauxe da Euskal Herriko familiek eman digutena». Erakusketa, hein batean, familia horiei «eskerrak emateko» ere badela gehitu du.

1860. urtekoa da jantzirik zaharrena: eztei jantzi bat da, gorria. Bilbokoa da, eta moldaketa asko izan dituela azaldu du Mendiburuk. Haren ezkerrean dagoen jantzia, berriz, 1914. urtekoa da. Eztei jantzi bat hura ere, marroi iluna. «Garai horretan oraindik ez ziren zuriz ezkontzen», argitu du. Soinekoaren inguruko xehetasun asko dokumentatu dituzte jabeek, eta, horri esker, ezkondu zen emakumearen izen-abizenen, jatorriaren eta urte zehatzaren berri jakin dute museokoek: «Lakuntzakoa zen emakumea, baina guri Lazkaoko familia batek eman digu jantzia». Horien parean beste bi eztei jantzi daude. Zuriak dira biak: bata 60ko hamarkadakoa da, eta bestea 70ekoa.
Mantoi zuri bat ere badago bilduman, baina ezer gutxi dakite hari buruz, Manilakoa dela, besterik ez. Edonola ere, Mendiburuk ziurtatu du 1920. urtekoa dela: «Litsei esker jakin dezakegu zer urtekotakoa den; izan ere, litsak zenbat eta luzeagoak izan, orduan eta berriagoa izango da mantoia. Alegia, urteek aurrera egin ahala, litsak luzatuz doaz».

Hamabi jantzien artean, zentroak badu bere gustukoena: traje urdina. Hala aitortu du Mendiburuk: «Horrela ikusita, ez dirudi aparteko ezer. 70eko hamarkadako jantzi bat da, oraindik bizirik dagoen Errenteriako emakume batek ahizpari egindakoa». Mendiburuk azaldu du emakume hura jostun aritu zela Pedro Rodriguez moda diseinatzailearen Donostiako tailerrean. «Agian ez da beste jantzi batzuk bezain ikusgarria, baina oso berezia da guretzat, herrikoa baita».
Rodriguezen diseinu bat ere badago bilduman: eguneko koktel batera joateko soineko zuri eta distiratsu bat. «60ko hamarkadakoa da, dirudunen festa batera joatekoa. Eguneko festetan bitxiak erabiltzen hasi ziren garai hartan; izan ere, ordura arte gaueko festetarako baino ez ziren erabiltzen», azaldu du komunikazio arduradunak.
Rodriguezen diseinuaz gain, moda munduko bi marka ezagunetako piezak ere ageri dira erakusketan: Givenchy eta Loewerenak. Soineko urdin bat da Givenchyrena, eta kolore arrosak eta berdeak osatzen dute estanpatua. Mauleko talde batek ekarri du Errenteriara, eta 70eko hamarkadakoa da. Loewerena, berriz, eskuko zorro beltz bat da, eta eskuleku motza du. Hamarkada berekoa da hori ere, baina ez dute haren inguruko beste informaziorik.

Jantzien mantentzea
2.000 dohaintzatik gora jaso dituzten arren, Mendiburuk adierazi du azkenaldian erabaki egin behar izan dutela zer onartu eta zer ez: «Jada ez dugu jasotzen ez maindirerik, ez mantalik, ez pololorik, horietako asko baititugu. Beste piezaren bat iristen bazaigu, oso-oso berezia izan beharko du guk onartzeko». Horregatik, azaldu du eskaintzaren bat iristen zaien bakoitzean, lehenik eta behin, arroparen argazki bat bidaltzeko eskatzen diotela emaileari.
Eta hautsita jasotzen dituzten jantziak josten ote dituzte? Horra Mendibururen erantzuna: «Kontserbazio munduan bi korronte daude: batzuek erabat berritzen dituzte jantziak, jostunak oraintxe amaitu izan balitu bezala; gu, berriz, jantzia dagoen bezala uzten saiatzen gara». Baina azaldu du beharrezkoa izan denean josi izan dutela jantziren bat. «Gure filosofia zera da: jantziak dituen zimurrak gure historiaren zimurrak dira».