Altzoko Handiaren hezurrak aurkitu dituzte Altzoazpiko hilerrian

1861ean lurperatu zuten Altzoazpiko hilerrian aurkitu dituzte Migel Joakin Eleizegiren hezurrak. "Hezurduraren elementu gehienak" aurkitu dituzte, eta oso egoera onean daude.

2020ko abuztuaren 17a
10:24
Entzun

Argitu da misterioa. Migel Joakin Eleizegi Arteagaren hezurrak aurkitu ditu Aranzadi zientzia elkarteak Altzoazpiko (Gipuzkoa) hilerriko hezurtegian. Joan den asteazkenean, hau da, abuztuaren 12an ekin zion Aranzadik Altzoko Handiaren hezurrak bilatzeko lanari, eta abuztuaren 14ko arratsaldean aurkitu zituzten, hilerriko hezurtegian. Aranzadi zientzia elkarteko Lurdes Herrastik adierazi duenez, "eskeletoaren elementu gehienak" aurkitu dituzte. 1861. urtean hil zen Altzoko Handia, eta gorpua Altzoazpiko hilerrian lurperatu zuten. Azken urteetan, ordea, bi teoria nagusitu ziren haren gorpuzkien inguruan: bata, lurperatutako leku berean zeudela; bestea, behin lurperatu eta gero hezurrak lapurtu egin zituztela. Teoria bakarra gailendu, eta misterioa argitu da: Altzoko Handia etxean egon da 160 urtez.

 

Hogei urte zituela hasi zen neurririk gabe hazten Migel Joakin Eleizegi —akromegalia zuen—, eta laster ekin zion Europan zehar bere handitasun harrigarria jendeari erakusteari: 2,40 metro inguru. Hainbat herrialde bisitatu eta gero, jaioterrira itzuli zen, eta 1861. urtean hil zen. Azken urteetan, bereziki ezagun egin da haren historia Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzenduriko Handia filmari esker. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.