Telesailak

Amatasuna, idealizaziorik gabe

Margo 20 urteko ama ezkongabea da, eta, ikasketak utzi ondoren, haur jaioberri batekin aurrera egin beharko du, berak bakarrik. David E. Kelleyren telesail berriak drama eta komedia uztartuko ditu, amatasunaren argi-ilunetan sakontzeko.

'Margo's Got Money Troubles' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
'Margo's Got Money Troubles' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
gaizka izagirre
2026ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Margo’s Got Money Troubles telesailak Margo izeneko unibertsitateko ikasle gaztearen istorioa kontatuko du. Idazle bikaina da, eta haren talentuak irakasle baten arreta bereganatuko du. Hasierako topaketa akademikoen ondoren, bien artean harreman estuagoa sortuko da, eta harreman sexual sutsu batean murgilduko dira. Ezustean, Margo haurdun geratuko da, eta egoera horri berak bakarrik aurre egin beharko dio. Irakaslea ezkonduta dago, bi seme-alaba ditu, eta umearekin ez du inolako loturarik izan nahi. Handik gutxira, Margok lana galduko du eta prekaritatean eroriko da.

Haurra jaio eta hilabete gutxira, Margoren aita, Jinx (Nick Offerman), berriro agertuko da, denboraldi batez desagertuta egon ondoren. borroka libreko izar izandakoa da, desintoxikazio zentro batetik atera berria. Margoren ama, Shayanne (Michelle Pfeiffer), presente dago, baina bere bizitza propioa darama, eta bikotekide berriarekin ezkontzear dago. Egoera konplexu horretan, Margok bere sormen sena eta istorioak kontatzeko gaitasuna baliatuko ditu Onlyfans plataformaren mundu kontraesankor eta irristakorrean lekua egiteko.

David E. Kelleyk sortutako proposamen honetan —Big Little Lies, The Undoing, Nine Perfect Strangers, Love & Death eta Presumed Innocent lanen egilea da— drama eta komedia etengabe gurutzatzen dira, eta, hala, tonu berezia sortzen da.

Lehen begiratuan, aktoreen taldea da arreta handiena pizten duena: Elle Fanning, Michelle Pfeiffer, Nick Offerman, Greg Kinnear eta Nicole Kidman. Guztien lana sendoa bada ere, Fanning nabarmentzen da bereziki. Sentimental Value filmari esker Oscar sarietarako izendatua izan zen aktore gaztearen interpretazioa bikaina da oraingoan ere. Amatasunaren ñabardura konplexuak fin eta sinesgarri irudikatzen ditu, eta ikuslea bere barne mundura hurbiltzea lortzen du, haren sentimendu eta erabakien lekuko ez ezik partaide bihurtuta.

Telesailak jorratzen dituen gai nagusiak askotarikoak dira: amatasuna bakarrik bizitzea, botere harremanen abusua, familia disfuntzionalak, adikzioen ondorioak eta emakumearen sexu esplotazioaren normalizazioa. Gai horiek ez dira beti sakon garatzen, baina narrazioan agertzen diren arrastoek galdera deserosoak pizten dituzte ikuslearengan.

Amatasuna, idealizaziotik urrun

Amatasuna idealizaziotik urrun aurkeztuko du telesailak, prekaritateak eta erantzukizunek baldintzatutako esperientzia gisa. AEBetako fikzioan gutxitan ikusitako errealitateak erakusten dira: edoskitzearekin lotutako zailtasunak, zaintzaren zama etengabea eta haurdunaldiaren ondorengo kolpe emozional eta fisikoa.

Bestalde, esparru digitaleko sexualitatea aztertzen da, ikuspegi moral sinplistetatik aldenduta. Muga etikoak etengabe lausotzen dira, eta ikuslea posizio deseroso batean jarri.

Hala ere, gai horien trataeran, telesailaren ahulezia nagusiak ere agerian geratzen dira. Pornografiaren eta plataformen inguruko ikuspegia zenbaitetan baikorregia da, eta tragikomediaren tonuak kalte egiten dio. Zenbaitetan arinegia da tratamendua.

Margo’s Got Money Troubles telesailak ausardiaz heltzen die gai konplexuei, nahiz eta tonu irregularrak ez dion bere potentzial osoa erabat garatzen uzten. Hala ere, aktoreen lanagatik eta pertsonaia magnetikoengatik bakarrik bada ere, oso telesail gomendagarria da.

'MARGO'S GOT MONEY TROUBLES'

  • Sortzailea. David E. Kelley.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Elle Fanning, Michelle Pfeiffer, Nick Offerman eta Greg Kinnear.
  • Non ikusi. Apple TV Plus.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Drama, komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA