Musika aditzen da etengabe Zubiarte grabatu tailerrean. Sormenerako toki aproposa da, lasaia, eta baliabide anitz ditu. Uharten dago, Nafarroan, eta Angela Moreno grabatzaileak zuzentzen du (Alesbes, Nafarroa, 1960). Bilbon Arte Ederrak ikasi, grabatuetan espezializatu eta Tenerifeko (Espainia) unibertsitatean lan egin ondoren, Nafarroan egin du bere ibilbide artistikoa. Bere obraz gainera, teknikak irakasten eta besteen obrak editatzen egiten du lan. Dena tailerraren bueltan.
Zerk bultzatu zintuen grabatuetan espezializatzera?
Nik uste dut familiako giroak eraman ninduela kezka horiek izatera. Ez nintzen erakusketa asko ikustera joaten; ez zen sozialki edo eskolan sustatzen. Etxean denek egiten dituzte gauzak eskuz: kakorratz lana, egurra zizelkatu, burdin lana... Anai-arrebek etxeak egiten dituzte. Eskulanen abileziak txikitatik lagundu nau, baita marrazteko gustuak ere. Irubide institutuan marrazketa irakasle oso ona izan nuen, gainera.
Egiteari ez ezik, teknikak irakasteari ere ez diozu utzi; aldiz, akademiaren mundua bai. Zergatik?
Hiru hilabetez Tenerifera joan nintzen, grabatuan ikertzeko beka bati esker. 1990ean, han hasi nintzen lanean marrazketa eta grabatua irakasten. Nire bikotekidea hemen zegoen, eta, azkenean, itzuli egin nintzen; betiere, baldintza batekin: unibertsitatean lan on bat utzi nuen, eta ez nintzen institutu batera itzuliko. Asko eskatzen du lan horrek; garai horretan oso zaila iduritzen zitzaidan nerabeekin lan egitea. Materia oso itxia zen, eta oso errepikakorra. Oso gogorra zen lan hura. Beraz, nire ideia grabatu tailerra irekitzea zen, grabatuak erakarri nauelako beti. Neure burua definitu beharko banu, horixe esanen nuke: ni grabatugilea naiz.
Zer aurkitu zenuen Tenerifen?
Fotopolimeroekin egin nuen topo, eta bidea ireki zidan. Grabatu asko egiteko garaia izan zen, unibertsitatean baliabideak nituelako. Gero, hango paisaiak eta animalia bereziak erabili nituen lanetan. Hainbat sail egin nituen.
1995ean, tailerraren ateak ireki zenituen. Momentu horretan pentsatu zenuen hainbeste jende pasatuko zela hemendik?
Ziurtasunik eza erabatekoa zen, noski. Nafarroa basamortu bat zen, eta gaur ere bai; agian, gehiago. Nik uste dut sorreratik ideia oso ongi planteaturik zegoela. Gure etxea da, ez da beste lokal bat; beraz, ez dut gastu gehigarririk. Gainera, denetarik egin dugu: besteei irakatsi, besteen obrak editatu eta nire obra egin. Garai batean, galeria bat izan genuen sotoan, ez-komertziala. Gerria mugitu eta egoerara egokitzea da gakoa.
Hasieran bai, baina dagoeneko ez duzu prozedura toxikorik erabiltzen. Nolatan aldaketa?
2003. urtea mugarria izan zen tailerrean. Ordura arte lan egiten nuen disolbatzaileekin, azidoekin... 1998an, Julen jaio zenean erabaki genuen serigrafia eta gauza zikinak ez genituela eginen, gasak etxean geratzen zirelako. 2003an, Keith Howard amerikarra etorri zen polimeroen tailer arrakastatsu bat ematera, grabatu ez-toxikoari buruz. Teknika azkarragoa da, ez du zikintzen —hemen ez zen gasik geratzen—, eta oso aberatsa da. Hark esaten zuen grabatugile profesional baten bizi itxaropenaren batezbestekoa 52 urtekoa zela, arnasa hartzean edo larruazaletik sartzen zaizunagatik. Ni erabat konbentzitu ninduen.
Garrantzi handia izan du tailerrak grabatuaren sustapenean. Eragin handia izan du?
Baietz espero dut. Nafarroan baziren eta badira torkulua duten artistak, baina norberaren erabilerarako bakarrik. Hau aitzindari izan zen, obra grafikoaren ediziorako eta zabalpenerako tailer irekia delako. Edozein etor daiteke bere ideia edo proiektuarekin, eta egiteko eskatu, edo nirekin egin dezake, edo hark bere kabuz. Artista askoren obra editatu dut, eta oso aberasgarria da hori. Besteak egin nahi duena ateratzea lortzea erronka handia da, eta niri gogoa zinez pizten dit.
Beste arteen aurrean, grabatua defendatu behar izan duzu?
Ez dut beharrik ikusi horretarako. Bestalde, argazkigintza, pintura, grafika... guzien arteko mugak hain dira lausoak, ezen purista izateak ez baitu zentzurik.
Eskulana eta teknika modernoagoak nahastu dituzu. Zergatik egin duzu hautu hori?
Ideiatik edo buruan duzun kontzeptutik objektura pasatzen bazara, bien artean ofizioa behar da. Niretzat, denak balio du diskurtsoarekin koherentea den bitartean: kakorratz lana, hostoen zainen egitura lortzeko errezeta bat, arkatza, hiru dimentsioko arkatza...
Natura eta pertsonak ikus daitezke zure obretan. Zer kontatu nahi duzu?
Nire inguruaz hitz egiten dut, ezagutzen dudanari buruz; ezin dut besterik egin. Nire inguruan dagoenetik abiatuta egiten dut lan; izan daiteke nire obra baten zati bat ere. Zer dut nire inguruan? Ibaia, etxea, tailerretik pasatzen diren pertsonak —eta hemen uzten dutena—, beharrak... hori guzia nire lanean txertatzen dut.
Nola egiten duzu lan?
Kontakizun bisualak dira: zerbait kontatu eta transmititzen saiatzen naiz. Ez dira sentipenak bakarrik, badago edukirik. Lan prozesua ez da ateratzen bukaerako obran. Egiten dituzun irakurketak, musika, zirriborroak, probatzen ditudan gauzak... Materialak, koloreak eta abar, saiatzen naiz koherenteak izan daitezen kontatu nahi dudanarekin.Gero, inoiz ez dakit nola bukatuko den, edo nonbaitera iritsiko naizen.
Bada bereziki erabiltzen duzun teknika bat?
Papera interesatzen zait, oihala baino gehiago erakartzen nau. Orain, bolumenerako saltoa egiten ari naiz. Eta, gero, prozedura grafikoak, gehien kontrolatzen dudana: estanpatu, inprimatu...
Zure bizipenek, garaian garai gertatzen zaizunak, zer eragin dute obran?
Batetik, baliabideen arabera egiten duzu lan. Institutuan lan egiten nuenean, udan sortzen nuen. Unibertsitatean banituen baliabideak eskura. Tailerrean nahi dudana egin dezaket; orduan, garai batzuetan grabatua egin dut gehienbat, eta, beste batzuetan, pintura. Bestetik, haurra jaio zenean, nik bete-betean bizi nahi izan nuen; beraz, hainbat lan alde batera utzi nituen. Nire ama gaixo egon zenean, ezin nintzen kontzentratu. Gero ikasi nuen zaindu behar ez nuen tarteetan nire bizitza egiten. Tarte bat hartzen nuen, eta tarte horrekin konektatu nuen lehengo emakumeekin: bazkaria egin, hau garbitu, eta puntu lan pixka bat egiten zuten. Gero, beste lan batzuk egin, eta beste bost pasada. Hor badaude lan egiteko estrategia eta modu batzuk nire bizitza zatikatuan txertatzen ahal nituenak. Ikasketa handia izan da.
Zure ama orain urte eta erdi zendu zen, eta hori atera nahian zabiltza. Zer bide hartu duzu?
Ama hil zenean, denbora asko nuen niretzat, sukarra nuen gauzak egiteko, erraztasunez ateratzen zitzaizkidan gainera. Bi erakusketa egin nituen iaz: erretratuak, paperezko obrak barneko argiarekin, zulatutako paperak, naturako irudiak... Produkzio handiko hilabeteak izan ziren. Ekainetik hona beste gauza batzuk probatzen ari naiz. Ez dudanez merkatuari begira lan egiten, inork ez nauenez identifikatu behar, gauza oso ezberdinak egiten ahal ditut. Nire amaren joste parpailak-eta ateratzen saiatzen ari naiz: belarritakoak sortuz, hostoei josiz... Esploratzen ari naiz. Ni bizirik sentitzeko modu bat da.
Emakumeari buruzko hausnarketa anitz ere egin dituzu. Zer ondoriotara iritsi zara?
Beti interesatu zaidan gai bat da. Asko dugu esateko, gainerakoek bezala, baina aukera gutxiago ditugu, muga gehiago eta aitortza gutxiago. Unibertsitatera, ikasketetara eta lanera sarbidea dugu, bai, baina ez dugu beketarako, sarietarako eta museoetarako sarbiderik. Kristalezko sabaia izugarrizko harlauza da, eta hori landu beharra dugu. Momentu batean lana gehiago inporta zitzaidan nork egiten zuen baino. Bainaikusten duzu batzuentzat erabakigarria dela nork egiten duen. Orduan diozu: agian emakumeok zerbait egin beharko dugu positiboan. Nahiz eta niri lana inporta zaidan pertsona baino gehiago. Gaur egun uste dut emakumeen alde zerbait egin beharra dagoela.
Denbora anitz daramazu artearen munduan. Emakume izateak eragina izan du?
Nire kasuan, eragina du, zehazten du, eta zentzua ere ematen dio. Nire begirada emakumearena da, hala naizelako, hala sentitzen dudalako eta hala aldarrikatzen dudalako. Bestalde, nire egunerokoa zatitutako bizitza da: nire ama zaindu izan dut, ama naiz, etxea, lana... Arteari denbora puska bat ematen diot. Zatikatutako bizitza honetan, denbora puska bat nire gauzak egiteko erabiltzea da aurkitu dudan formula bakarra. Hori sorkuntza lanean. Gero, kanpora begira, aitortzari dagokionez adibidez, urte asko dira bataila hori galdutzat eman edo alde batera utzi nuela. Ezin ditut indarrak horretan ahitu; izan ere, hain da etsigarria. Inork ez dizu deuserako deitzen, ez dago sustapenik... Ez dut kexatia izan nahi, nik nahi dudana egiten baitut eta aktiboa bainaiz. Baina alde horretatik etsigarria da, eta, emakumeentzat, are gehiago.
Nafarroako Museoan emakumearen presentzia zein izan den aztertu duzue oraingo erakusketarekin. Eskasa, ezta?
Nafarroako Museoko erakusketa iraunkorrean soilik obra bat da emakume batek egina. Badira 400 egile, eta 45 gara emakumeak. Kontua da ez garela ari XIX. mendeaz edo XX. mendeaz. Asko dago egiteko oraindik ere. Nik horregatik agertzen dut gai hori nire obran. Ez modu militantean, baina emakumeon eguneroko bizitzako kontuak eramaten ditut nire obrara: Neolitoko biltzailea, edo bizitza zatikatu hori, edo puntua. Artista askok egiten dute lan puntuarekin, kakorratzarekin... Lan hori duintzeko saiakera da. Artearen historia beste batzuek kontatu izan balute, beste modu batera, agian ez lirateke soilik arkatza eta pintzela arte tresnak. Kakorratz lan bat zergatik da eskulangile lan bat? Zergatik ez ditu obrak sortzen? Ba, sortzen ditu, noski. Asko dago begiradan, asko dago so egiten dionaren buruan. Nik amatxiren eta amaren hari horri jarraitzen diot, eskuz egindako gauzei.
Nola ikusten duzu Nafarroako artearen egoera? Bestelako politikak behar dira?
Ez dut uste babes edo kalte-ordainen politikarik egon beharko lukeenik. Baina hala ere uste dut basamortu batean gaudela oraindik. Ez dago bazkarik, ez dago galeria askorik, ez dago proiekturik —adibidez, 1980ko Nafarroako Jaialdiak bezala—. Erein eta hori nabaritzeko denbora behar da, eta behar da norberaren ekimen eta ekimen pribatua. Galeriak eta beka politika behar dira. Ikasketak bukatzean aukerak behar dituzu. Burua bor-borka duzu. Pizgarriak behar dira, eta lanak erakusteko tokiak. Orain, Ziudadela eta tabernak ditugu.
Angela Moreno. Grabatzailea
«Amatxiren eta amaren hari horri jarraitzen diot, eskuz egindako gauzei»
Grabatzailea da. Halaxe definitzen du bere burua Morenok. Zubiarte grabatu tailerra zuzentzen du, eta, han, irakatsi, besteen obrak editatu eta bere obra propioa sortzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu