«Amazonia txiki bat» Donostian

Ehun urte bete dira Kristinaenea parkea jendearentzat zabaldu zutenetik, eta, hori ospatzeko, hainbat bisita gidatu egin ditu Cristina Enea fundazioak. Gladysenea ere esaten zaio parkeari, Gladys del Estal ekintzaile ekologistaren omenez.

Kristinaenea parkeko bisita antzeztu bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Kristinaenea parkeko bisita antzeztu bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ane insausti barandiaran
Donostia
2026ko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baserriak eta landak, landak eta baserriak. Halakoez beteriko eremua zen Donostiako Egia auzoa 1859. urte inguruan. Urte hartan ezkondu ziren Cristina Brunetti eta Fermin Lasala, Mandasko dukesa eta dukea, eta orduan zera pentsatu zuten: «Hementxe eraikiko dugu gure etxea». Pixkanaka, inguruko lurrak eta baserriak erosi, eta lorategi bat eta parke eder bat zituen jauregi bat eraiki zuten. Jauregi hori Cristina Enea fundazioaren egoitza da gaur egun, eta mende bat bete da inguratzen duen parkea —Kristinaenea edo Gladysenea esaten zaiona— jendearentzat ireki zutenetik.

Urteurren bereziaren karietara, fundazioak hainbat bisita gidatu antolatu ditu azken astean. Parkearen eta eraikinaren historia ezagutzeko batzuk, eta antzeztuak besteak. «Bisitara zatozte?», galdetu die Violeta Toran Pereg gidariak fundazioaren egoitzaren kanpoan elkartu diren lagunei. Txistea eginez hasi du bisita, barrez: «Sentitzen dut, baina ni ez naiz dukesaz mozorrotuko, eta ez dut antzeztuko». Asteburuan egin dituzte bisita antzeztuak.

(ID_16157139) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2026-06-06, Donostia.Kristinaenea parkeko bisita antzeztuak
Gizon bat eta haur bat Kristinaenea parkean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Cristina Brunetti hartu du hizpide hasteko, hari hartu baitio parkeak Kristinaenea izena. Berehala ohartarazi du: «Gustatzen zait argitzea ez dela Maria Kristina erreginagatik. Garai bereko emakumeak dira, biek Donostian beren pasadizoak izan zituzten, baina bi pertsona dira». 1831n jaio zen Brunetti, Madrilen. Josefa Gayoso zuen ama, aristokraziako kide bat, eta aita, berriz, Lazaro Brunetti, konde italiar bat.

Brunetti jaio eta urtebetera jaio zen Fermin Lasala Collado, gerora Brunettiren senarra izango zena, Donostian, gaur egun Fermin Kalbeton kalea dagoen tokian —idatzita dago non jaio zen—. Haren ama, Rita Collado, Donostiako familia aberatsenetariko bateko kidea zen. Aitak, berriz, haren izen bera zuen: Fermin Lasala. Politikaria zen, eta, besteak beste, Donostiako alkatea ere izan zen. Parte Zaharreko Lasala plazak harengatik du Lasala izena.

«Bikoteak ez zuen seme-alabarik eduki, eta toki publiko bilakatu zedin nahi izan zuten»

VIOLETA TORANBisita gidatuaren gidaria

1859. urtean ezkondu ziren Lasala eta Brunetti, eta orduan bilakatu zen Lasala konde. «Cristina Brunettik duke titulua senarrari pasatu zion. Mandasko dukesa zena Brunetti zen, berez. Fermin Lasala dukesa batekin ezkontzeagatik bilakatu zen duke», argitu du Toranek. Eta Donostian bizitzea erabakitzeko arrazoiak hainbat izan ziren: Lasala bertan jaioa zela, eta harresitutako hiri txiki hura zabaltzen hasia zela, turismoak erakarrita. «Isabel II.aren bisitek eta Maria Kristina erreginaren bisitek ospe handia eman zioten hiriari. Horrek gortea erakarri zuen, eta aristokrazia ere bai. Garai haietan bidaia zezaketen pertsona bakarrak dirudunak zirenez, jendea etortzen hasi zen». Kasinoak, hotelek, zezen plazak, jauregiek... modan jarri zuten Donostia.

Herritarren esku

Baina nola bihurtu ziren duke batzuen jauregia eta parkea ingurumenarekin lotutako ekintzak egiteko zentro eta herritarrak paseatzeko parke? «Kontua da bikote horrek ez zuela seme-alabarik eduki. Orduan, hildakoan, lehenengo Ines Brunetti ahizparentzat izan zen jauregia, baina, gero, beste familiako kide batzuek gozatu eta gero, toki publiko bilakatu zedin nahi izan zuten. Ines hil eta gero, ondorengoek ez zuten nahi izan, eta uste baino lehenago bihurtu zen toki publiko». Duela ehun urte eta hamar egun, zehazki.

Hori bai, baldintza batzuk zehaztu zituzten horretarako: gauero parkea itxi egin behar zela, bertan ezin zela beste ezer eraiki, paseatzeko eta inguruaz gozatzeko toki bat izan behar zuela, Brunettiren irudia jauregian mantendu behar zela beti, eta ezin zela musikarik jarri parkean, besteak beste. Jendaurrean ireki zutenean, ordea, eskultura bat jarri zuten jauregiaren pareko zelaian, eta Toranek seinalatu egin du: «Barriola artistak egindakoa da, eta Fermin bakarrik ateratzen da. 2020. urtean Cristinaren eskultura bat eskatu zuten, haren presentzia ere irudikatzeko». Eraikinaren barruan dago, eskaileren alboko horma batean; parez pare daude bi eskulturak, elkarri begira bezala: bata barruan, bestea kanpoan.

Gladys del Estalen omenezko monolitoa eta Ginkgo biloba zuhaitza, parkean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gladys del Estalen omenezko monolitoa eta ginkgo biloba zuhaitza, parkean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Baina eraikina ez ezik, naturaguneagatik ere aberatsa da Kristinaenea: 95.000 metro koadro ditu, eta altxor ugari topa daitezke bertan. «Bertako espezieez gain, beste herrialde batzuetakoak ere sartu zituzten parkean». Oinez metro gutxi batzuk eginez, Libanoko zedroa ikusi dute, ezkia, hagina eta ginkgo biloba. Azken horren faktura erakutsi die gidariak: 1865. urtekoa da.

Eta parkean dauden animaliez ere galdetu diote gidariari: atentzioa ematen dute buztanean luma berde-urdinak dituzten paumek. Baina, horrez gain, trikuak, urtxintxak, kaskabeltzak, amilotxak, txantxangorriak eta abar topa daitezke bertan. Garai batean oreinak ere eraman zituztela gogoratu dute bisitariek.

Gladysenea

Baina parkea beste izen batekin ere ezaguna da: Gladysenea deitzen diote herritar askok eta askok, Gladys del Estal ekintzaile ekologistaren omenez. Haren omenezko monolito bat parkean bertan dago, Xabier Laka eskultoreak egina. Del Estal duela 47 urte hil zuen guardia zibil batek, zentral nuklearren aurkako protesta batean parte hartzen ari zela, Tuteran (Nafarroa). Egian bizi zen ekintzaile ekologista, eta, horregatik, urtero egiten dute omenaldia bertan. Horregatik deitzen diote Gladysenea askok.

Hain justu, joan den larunbatean egin zuten aurtengo omenaldia. Bizikletak hartu, eta Bulebarretik parkerainoko bidea egin zuten hainbat herritarrek, hura gogoratzeko. Ekintzailea ondo ezagutzen zuen Iñaki Egaña historialariak, eta, urtero bezala, parte hartu zuen larunbateko ekitaldian: «Ni urtero joaten naiz, Gladys del Estal asko ezagutzen bainuen. Azken urteetan poz pixka bat ematen dit, gazte batzuk ere etortzen direlako. Horrek esan nahi du transmisio pixka bat badagoela».

Gladysenea eta Kristinaenea, bi izenak erabiltzen ditu Egañak. Izenetik harago, gainera, lotura estua du parkearekin, umetatik joan baita hara, arnas bila. «Ni Amara Zaharrekoa naiz, eta gaztetan niretzat Donostia urbanotik ihes egiteko gure eremu naturalak itsasoa eta Kristinaenea ziren. Amazonia txiki bat izan zen Gladysenea edo Kristinaenea niretzat». Sarritan parkeko paumen oihuak Amara Zaharretik entzuten dituztela kontatu du.

Gladys del Estalen omenezko ekitaldia, larunbatean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gladys del Estalen omenezko ekitaldia, larunbatean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Baina ez zuten hain erraz parkerako sarbidea. Mundaiz ikastetxera joaten zen orduan, eta fraideek ez zieten uzten parkean sartzen. Ez zieten debekuari men egin, ordea: «Debekua duzunean, badakizu: gainditu egiten duzu. Guretzat kristoren aurkikuntza izan zen 10 urterekin; ia-ia oihana zen guretzat».

Gaur egun baino «basatiago» gogoratzen du, nolanahi ere, hainbeste ordu igaro dituen parke hura. Hori bai, garai hartan nolakoa zen marrazteko gai izango zela dio: «Zementua jarri zutenetik oso garbia da, baina garai hartan oso gutxi garbitzen zuten. Guretzat dena zen aurkikuntza, abenturen lekua. Garai hartako liburuetan bezala, ibaira jaisten ginen; Portu Zaharra izeneko toki bat zegoen erabat abandonatua, hor elkartu, lehen zigarroak erre... Horrelako kontuak izan genituen, ilundu arte».

«Nik uste Gladyseneak gaur egun garai batean baino garrantzi handiagoa duela, porlana gehiago baitago berdea baino»

IÑAKI EGAÑA Historialaria

Transgresiorako gune ere izan zen, hortaz, parkea. Baita naturaren gaineko jakintza eta ezagutza lortzeko tokia ere. «Bagenuen Amara Zaharrean Basoerdi izeneko toki txiki bat, eta hor ikasi genituen zuhaitz motak eta horien formak. Kristinaenean denetarik aurkitu nuen. Kolegiotik kanpo txoriei eta landareei buruz nire lehenengo ikasketak bertan izan ziren». Bereziki gogoko du ginkgo biloba: «Munduan zehar dagoen zuhaitz mota zaharrena da. Hostoak arrak eta emeak dira».

Parkeak eman dion arnasa gogoan, uste du gaur-gaurkoz sekulako garrantzia duela: hiriko naturagune bakanetariko bat da. «Askotan alkateek esaten dute: 'Badugu hondartza, doan da, eta horrekin nahikoa da'. Baina toki berdeak ere behar ditugu. Gaur egun sartzen naizenean, Gladysenea haurrez gainezka egoten da. Nik uste dut Gladyseneak gaur egun garai batean baino garrantzi handiagoa duela, porlana gehiago baitago berdea baino. Nahiz eta badauden jardinak-eta, toki zabal gehiago behar ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA