Ameriketara joan nintzen lau euroren jabe

Dolarraren ahuleziari esker, eurodunentzat eskuragarriago bihurtu dira orain arte garestiegiak ziren oporretarako hainbat toki eta erosketa.

Irune Lasa.
2008ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Pasa ziren Europako emigranteek xentimorik gabe AEBetan bizitza berri bat bilatzen zuteneko garaiak. Orain, etorkinen ordez, turista oldeak doaz Kontinente Zaharretik.

New Yorken bertan, Sagar Handiaren bihotzean ikus daitezke kartelak: «Euroak onartzen ditugu». Gutxi batzuk dira, gehienak geltoki eta garraio publikoen inguruetako jatetxe eta saltokietan jarriak. Zerbait aldatzen ari ote da? Turista eta bidaiari europarrak erakartzeko estrategia da, argi dago. Baina zerbait gehiago ote dago horren atzean?

Afixa horiek baino, iPod nanoa izan daiteke sinbolo egokiagoa dolarraren balio galtzea adierazteko. Edo horiek erosteko New Yorkeko Apple saltokietan turista europarrek osatutako ilarak. Aipatutako kartelen esplikazioa ere ilara horietan topa daiteke: urtebetean New York bisitatu duten europarren kopurua ia heren bat handitu da. Inoiz ez bezala euroa poltsikoan ibil daitekeelako munduan.

Eroski Bidaiak-eko sustapen arduradun Aitor Camposek aitortzen du azkenaldian nabarmen handitu dela dolarraren eraginpeko herrialdetarako bidaia eskaria. «Batez ere AEBetara eta zehazki New Yorkera».

Euro batekin 1,60 dolar eros daitezkeen garaiotan, krisi guztien gainetik bidaiatzeko aukeran diren europarrek abantaila handiak dituzte hainbat herrialdetan eta, jakina, abantaila horiek baliatzen ari dira. Euro-dolar trukean New Yorkeko hotelak oraindik garesti baina inoiz baino merkeago dira. Otorduak ere Europan baino nabarmen merkeago, eta museoak, ikuskizunak... Eta euro-dolar trukeaz gain, prezioen alderaketa egiterakoan ezin da ahaztu azken hilabeteetako inflazioaren areagotzea ere.

Estatu Batuetan europarren poltsikoak gehiago balio badu, zer esan dolarrarekin lotura edo zuzenean dolarrarekin ibiltzea ahalbidetzen duten beste hainbat herrialdeez. Mexiko, Argentina, Costa Rica, Karibea oro har, Txina, Thailandia, Vietnam... Jada merkeak ziren lehen mundukoontzat, eta orain dolarraren ahuleziarekin merkeago bihurtu dira.



AMERIKETARA EDO EKIALDERA. Mexikon, Rivera Maya deiturikoan, bost izarreko hotelean gaua 30 euroan... ez dago gaizki, ezta? Menu arrunt bat, euro bat edo bi. Brasilen, Rio de Janeiron, lau eurotan ederki bazkaldu daiteke gaur egun. Buenos Airesko plana ere ez dago gaizki: 25 euroan gaua hotelean, 10 euroan haragi parrillada eta euro batean tangoak entzun eta dantzatzeko sarrera.

Thailandian hotelak garestitxo daude oraindik luxua bilatzen duenarentzat. Baina erdi mailako turismoarentzat modu-moduan. Are gehiago Laos, Myanmar eta Thailandiaren mugek osatzen duten triangeluan. Bost euroan lo egiteko tokia, eta euro bat baino gutxiago otordua. Thailandia, Txina, Vietnam, erosketa turismoaren paradisua, produktu faltsuez betetako saltoki handiekin...

Jakina, aipatutako toki horietan guztietan ibiltzea nabarmen merkatu bada ere, hara joatea oraindik garesti da. Batetik, petrolioaren prezioak garraioa zuzenean ukitzen duelako, eta bestetik, hegaldietarako billeteak Europan jaulkitzen direlako. Dena den, hegazkin konpainiek negozioa antzeman eta euren eskaintza handitzeari ekin diote.

Olatu hori aprobetxatu nahi dute bidaia agentziek ere, eta jada iragarkietan ageri da dolar merkea bezeroak harrapatzeko gako gisa. Hala ere, bidaia eskaintzak hilabeteetako aurrerapenarekin ixten dituzte agentzia handiek, eta ondorioz, oraindik ez da dolarraren merkatzea hainbeste igarri haien eskaintzan, batez ere hotelei dagokienez. Hori bai, hegaldi garestiak askori merezi die, gero demagun New Yorkeko denda chic-etan erosketak egin ahal izateko.

Dena den, lehenbailehen egokitzen ari dira. Eroski Bidaiak-ek, esaterako, eskaria ikusita, bere eskaintza handitu eta hobetu du, «harrera ezin hobearekin». Beharko, ikusita gainera, ez dela unean-uneko moda: «zantzu guztien arabera, joera hau mantendu ez, areagotu egingo dela espero dute. Merezi baitu».



Sareko arrantzan trukea baliatuz

Internet da dolarraren eta euroaren arteko trukeak prezioetan dakarren abantaila baliatzeko beste modu bat, inora bidaiatu gabe. Jakina, gutxieneko segurtasun neurriak ez dira ahaztu behar sarean erosketak egiterakoan. Eta ahal bada aintzat hartu behar da erosketa nongo webgunean egiten den. Consumer aldizkariak lau segurtasun gune aipatzen ditu. Espainia eta Europako Batasuneko webguneetan erostea da seguruena. Estatu Batuek hartuko lukete hirugarren gunea. Hango webguneetan, bermearekin arazorik ez dela egongo ziurtatu behar da, eta muga-zerga politikari buruz informatu. Munduko gainerako herrialdeek osatzen dute segurtasun gutxien eskaintzen duen gunea, Consumer-en arabera.

Ingurune seguruan herrialde bakoitzak bere muga-zerga politika duenez, prezioaz gain, bidalketa gastuak eta mugak igarotzeko ordaindu beharrekoak hartu behar dira kontuan. Adibidez, Ebay-en erostean, eroslearen bizilekuak azken prezioa baldintzatu dezake, gehienbat tamaina handiko objektuekin. Beste webgune ezagun batek, Amazonek, bidalketa gastuak prezioan sartzen ditu, baina ez muga zergak.

Gero, badira eremu jakin batean soilik aritzen diren webguneak, batez ere AEBetan eta Kanadan. Adibidez, Apple markaren AEBetako webgunean ezin da erosi iPhone ezaguna Estatu Batuetatik kanpo bizi bazara. Argi dago dolarretan eta eurotan erostearen aldea handituz doala, eta muga hori ere baliatzen dute saltzaileek babes gisa.

Orduan, edo mesedea egingo dizuten adiskideak dituzu AEBetan, edo zerbitzu berri bat erabil dezakezu. Esaterako, SkyBOXek erosleari AEBetako posta helbide bat eskaintzen dio, demagun Miamikoa, 15 bat eurotan, eta hortik produktua eroslearen egiazko helbidera bidaltzen dio, bidalketa gastuekin.





Errupiak nahiago dolarrak baino

Nola aldatzen diren gauzak. Duela ez hainbestera arte, munduko ia bazter guztietan ibiltzeko igarobaimen aproposa zuten bidaiari estatubatuarrek: billete berdea. Baina beste garai batean bizi garela erakusten du urte hasieran Indiako Kultura Ministerioak plazaratutako dekretuak. Taj Mahal monumentu ezin ezagunagoan sartzeko jada ez dute balio dolarrek. Errupiak nahiago dituzte, diru estatubatuarra balioa galdu eta galdu ari dela ikusita. Erabaki bera indarrean dago Indiako beste 120 monumentu eta gunetan.

George Washingtonen aurpegia, alegia, 100 dolarreko billetea, unibertsala zen garai batean, «Moskutik Mozambikera balio zuen», gogoratu du Peter Rudy abentura bidaietarako nazioarteko agentzia bateko zuzendariak, «jada ez». New York Times egunkariak otsailean dagoeneko antzeman zuen joera: hainbat bidaia antolatzaile eragozpenak izan zituzten dolarrekin kontratuak lotzeko munduko hainbat tokitan, hasi Perutik eta Vietnameraino.

Bitartean, estatubatuarren bisitak gutxituko diren beldurrez daude beste hainbat tokitan. Irlandan, esaterako. Estatistiken arabera, urtero milioi bat turista estatubatuarrek bisitatzen dute Irlanda. Horregatik, herrialde hartako hotelak dolarretan eskaintza bereziak egiten hasi dira AEBetan, turista jarioari eutsi nahian. Aurreikuspenen arabera, estatubatuarrek gehiago joko dute orain euren herrialdebarnean bidaiatzera, edo asko jota Mexikora joango dira oporretan.





Sagar Handirasagar txikiaren bila

New Yorken erosketak egitearen 'glamour'-ari maukak lortzeko posibilitatea gehitzen zaio billete berdearen trukearekin.
I.lasa

Donostia

Tiffany, Macy's, Saks, Barneys, Bloomingdale's... filmak direla, telesailak direla, ezagunak zaizkigu New Yorkeko saltoki asko, eta askorentzat xarma berezia izan dezake haietan erosketak egitea. Dolar ahulak amets hori posible bihurtu du jende askorentzat.

Markako arropa eta teknologia berriak dira batez ere europarrekbilatzen dituzten produktuak. Levi's jeanak %30-40 merkeago, Hugo Boss, Hilfiger, eta gorago jo nahi duenarentzat Prada, Valentino... prezioaz aparte, kontsumoaren aberrian, aukera ere handiagoa du erosleak, eta marka guztietako linea ia guztiak topa ditzake.

Dolarraren ahuleziak, dena den, sinbolo argi bat du New Yorken. Sagar Handian sagar txikiaren bila, Apple markako produktuen bila, doa jende ugari. iPod nano batek hemen 140 euro balio badu, Bosgarren Etorbideko Applestoren 149 dolarretan eros dezakezu, hots, 95 eurotan (beti kreditu txartelarekin). Antzeko aldeak aurki daitezke ordenagailuetan. Eta zer esanik ez iPhonetan. Aldea da, esaterako, Hego Euskal Herrian ez dela saltzen oraindik iPhonik.

Jakina, konpatibilitate arazoak aintzat hartu behar dira, nahiz eta badauden halako zenbait moldatzeko moduak, nolabait tuneatuz. Produktu horien bermea nazioartekoa dela ziurtatzea gomendatzen dute, eta eskuko bagajean, kaxatik aparte eramatea, aduanan arazorik ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.