Ameslariak ororen gainetik. Natura, sorkuntza eta ondarea dira GaraiOn elkartearen ardatz, eta, horiek uztartuz, Otaza auzoan (Ozeta, Araba) aisialdirako beste espazio bat sortzeko proiektuari ekin zioten duela hiru urte. Sortzeko gogoari eta talde lanari esker lortzen dute elkarteko kideek egunez egun ametsak egia bihurtzea. Izan ere, hiru zutabe horien inguruan askotariko ideiak garatzen dituzte, eta horietako bat da zirkulari tailerra. Atzotik, hilaren hamalaura arte zirko giroak bahituko du Otaza auzoa.
Sorgin-gunea deitu dioten proiektuak indar handia hartu du, azkenaldian. «'Sorgina' hitzak, sortzaile esan nahi du. Eta guk sorgin izan nahi dugu, sorginak gara», azaldu du Amaia Gabilondo GaraiOn elkarteko arduradunetako batek. «Sorginen lapikora» botatzen dituzte ideiak, proposamenak, ametsak... eta lapiko horretatik irteten den edozer errealitate bihurtzen saiatzen dira. Hala, bertsolaritza, estilo askotariko musika emanaldiak eta zirku tailerrak eraman dituzte aurrera, besteak beste. Azken asteotan buru-belarri aritu dira zirku udalekuak antolatzen, eta hasia da abentura berria.
Jolasak akrobazia artean
Italian bizi dira Soledad eta Valentino akrobatak. Los Filonautas esaten die jendeak. Euskal Herrira bidaiatu dute euskara ikasteko gogoz, eta, trukean, akrobaziak egiten irakatsiko diete euskal herriko haur eta gazteei. Goizez, lau eta bederatzi urte arteko umeekin aritzen dira, hartu-eman etengabean. Oso pozik agertu dira filonautak lehenengo saiotik. Izan ere, dakitena erakustearen truke, haurrek «asko» ematen dietela azaldu du bikoteak. «Hizkuntzaz haratago doan zerbait da, ohitura zein energia berriak ezagutzeko eta mugak zabaltzeko aukera ezin hobea da». Haurrek harriduraz begiratzen diete euskaraz hitz egiten ez dakiten atzerritarrei, eta gogoz imitatzen dituzte italiarren akrobata mugimenduak. Goiz osoa saltoka eta korrika eman eta gero, nekatuta dirudite saioaren amaieran. Filonautekin «oso ondo» pasatzen dutela dio txikietako batek.
Arratsaldez, berriz, zirku trebakuntzako saioak eskaintzen dituzte akrobatek. Hala, txoko guztietatik iritsitako zirkulari gazteak biltzen dira Otazan, zirkuan murgiltzeko prest. Gabilondok nabarmendu duenez, Gasteizko Teantro eskolako hainbat ikaslek izena eman du trebakuntza saioetan, eta italiarrengandik ikasteko «sekulako ilusioa» erakutsi dute. Bestalde, elkarteko kideak nabarmendu du «hazia landatzea» dela trebakuntza helburuetako bat: «Espero dugu esperientzia honetatik etorkizuneko zirkulari taldea sortzea, edo, behintzat, aurreragoko lankidetza baterako gogoa piztea».
Bizi amestu eta sortu
GaraiOn Debagoienean (Gipuzkoa) sortu zen arren, gaur egun Otaza da elkartearen bizitokia, ametsen biltegia, baita sorlekua ere. Elkarteak erabiltzen dituen eraikinak, Arrasatekoeuskalgintzak erabiltzen zituen lehenago. Baina, baliabide falta dela medio, hutsik gelditu ziren,eta GaraiOn elkarteak hartu zuen lekukoa orain dela hiru urte.Amaia Gabilondok adieraziduenez, Arabakolautada paraje ezin hobea da «sortzailetasuna eta naturarekiko maitasunaaisialdiaren bitartez garatzeko». Elkartearen balio nagusia da bertakotasuna, «pertsonaguztiok sortzaile garela sinesturik eta naturarekin bat eginik».
Arabako lautada zirkurako gune bihurtu da egunotan, eta hala jarraituko du uztailaren hamalaura arte. Hasi da, beraz, ikuskizuna.
Ameslari eta zirkulariak
Abiatu dira zirku udalekuak Ozaetan, GaraiOn elkarteak antolaturik. Los Filonautas bikote italiarrak akrobaziaz jositako abenturan murgilduko ditu hurrengo egunetan zirkulari gazteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu