Jose Ramon Garrido badmintoneko olinpiar jokalari ohia ilusioaren txinpartarik gabe bizi da: Madrilgo Vallecas auzoko institutu batean gorputz heziketako klaseak ematen ditu. Ezustean, Mar izeneko badminton jokalari gazte bat ezagutuko du, eta luzaroan itzalpean egon den amets bat berpiztuko dio: Jakartan, Indonesian lehiatzekoa. Apurka, neskato gaztea entrenatzen hasiko da, baina bien arteko harremanak gorabeherak izango ditu; izan ere, biek daramate soinean motxila emozional eta pertsonal astun eta gogorra.
Telesailak, alde batetik, frustrazioarekin, porrotekin eta zauriekin bizi den pertsona arrunt bat jarriko du erdigunean: Jose Ramon Garrido, Joserra, Javier Camarak antzeztua. Bizitza bakarti eta triste samarra darama; ikusleak apurka deskubrituko du iragan ilun eta latz bat duela.
Bestetik, Mar dago (Carla Quilez), talentu ikaragarria duen neska gaztea. Bere buruaren eta bere bizitzaren aurka borroka egin beharko du askotan, helduek proiektatzen dituzten desioen eta berak oraindik egin ez dituen galderen artean harrapatuta.
Yakarta-n kirola aitzakia besterik ez da izango: bi protagonisten arteko harremanean sakontzeko ate bat, eta biek dituzten zauri emozionalak poliki-poliki gainazalera ekartzeko tresna dramatikoa. Aukeratutako kirolak berak —bazterrekoa, askorentzat ia erabat ikusezina— metafora gisa jokatuko du narrazioan: talentu handia izanda ere munduaren begiradetan erabat ikusezin egotearen sentipena adierazten du.
Sei ataletan apenas ikusten den badminton partida bakar bat. Kirola hor dago, bai, beti presente, baina ez da espektakulua erakusteko baliatzen, ezta hortik sor litekeen epika sortzeko ere. Galtzaileei buruzko istorio bat da, eta kirola pertsonaien barne mugimenduak agerian uzteko gailu dramatiko sotil bat baino ez da, gidoi bikain baten barne arkitekturan txertatua.
Sortzailearen aurreko lanak ezagututa, ikusle gehienek susmatuko lukete istorioa umorearen bidetik ibiliko dela; baina ez da horrela izango. Baditu, noski, umore printzak, tragikomediatik jaiotzen direnak, baina telesailean tonu iluna eta dramatikoa da nagusi.
Musikak berak indartu egiten du kontakizunak une oro jariatzen duen iluntasun hori: giro emozionalaren parte bihurtzen da, ez atrezzo soinudun bat, baizik eta narrazioaren tenorea eusten duen geruza dramatikoa.
Txikitasunaren handitasuna
Yakarta eszenatoki apaletan mugitzen da: kiroldegi txikiak, auzoko gimnasio zaharrak, gasolindegi hutsak, ezleku arruntak, taberna ziztrinak... Inork ikusten ez zaituenean gertatzen denaren sentsazioa indartzen du horrek. Nortasunik gabeko lekuak dira, istorio ikusezinen eremuak.
Telesailaren tonua eta eszenaratzea bikainak dira, baina oso urrun kokatzen dira keinu handietatik eta dramatismo artifizialetik; itxuraz hutsalak diren elkarrizketetan dago indarra, eta hitzek baino gehiago adierazten duten keinu txikietan. Zentzu bikoitzez eta ironiaz josiak, elkarrizketak bikainak dira.
San Joseren orain arteko lanik onena da Yakarta; eta, Celeste edo Vota Juan trilogia egin duen sortzailea dela kontuan hartuta, bada zerbait. Bikaina.
fitxa
- Sortzailea. Diego San Jose.Â
- Herrialdea. Espainia.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Javier Camara, Carla Quilez, David Lorente eta Nuria Mencia.
- Non ikusi. Movistar.
- Atalen iraupena. 30 min.
- Generoa. Drama.