Ametsen artean flotatzen

Cirque du Soleil konpainiakoak lanean aritu dira Nafarroa Arenan, ‘Corteo’ ikuskizuna emateko. Obra gaur estreinatuko dute Iruñean, eta igandera arte egongo da ikusgai.

Cirque du Soleilen 'Corteo' ikuskizunaren entseguak, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Cirque du Soleilen 'Corteo' ikuskizunaren entseguak, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2025eko maiatzaren 7a
17:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Ke eta argi ahulen artean, errezel urdin batzuk; haien atzean, egurrezko bi egitura luze, makilak balira bezala. Bertatik jauzi egingo dute gimnastek gaur gauean, Iruñean, egingo dituzten akrobazien eta itzulipurdien lekuko izango den agertokian. Karpa zuri-gorririk gabe bada ere, Cirque du Soleilek bere pailazoa ekarri du Corteo antzezlanean, eta igandera arte egonen da ikusgai.

Lehen aldiz, Cirque du Soleilen agertokia pabiloiaren erdian dago, eta bitan zatitzen du lekua, ikusleen erdiak beste erdien aurrean daudela. Alexandra Gaillard obraren publizistaren arabera, obra ikuspegi ezberdinetatik ulertzeko aukera ematen du horrek: «Obra ezberdina da lehen ilaratik ikusi edo azkenekotik ikusi». Hurbil egonda, akobratak ikuslearen gainean jausiko direla dirudi; urrutiratzean, ordea, ikuslea haiekin flotatzen ari dela dirudi. Mauro pailazo ameslaria da antzezlanaren protagonista. Pailazoak festa giroan imajinatzen du bere hileta, aingeru zuriz inguratuta, hegan. Bere bizipenak gogoratzean, topo egiten du bere iraganeko hainbat pertsonaiarekin, baina amets bat al da? Maurok bere oroitzapenen eta ametsen artean flotatuko du, batzuk eta besteak bereizten jakin gabe.

Tina Estarti gimnasta da ametsen artean hegan egiten duten aingeru horietako bat. 4 urte zituenean hasi zen gimnasia erritmikoa egiten, eta duela bi urte hasi zen pailazoaren bidea gidatzen: «Obran pertsonaia batzuk daude, eta gure artean txandaka banatu ohi ditugu. Duela hilabete batzuk hasi nintzen Mauro gidatzen duen aingeruarena egiten». Prestatzeko, atletak bere gimnasta ibilbide osoaz baliatzen da, baina aitortu du ez duela asko entseatzen, «astean entrenamendu bat edo bi besterik ez». Gaur gauean sei metroko altueran botako dute lankideek, arnesik gabe. «Koordinazio ezin hobea izan behar dugu, eta hori da politena, besteengan oinarritzen garela».

Oihalen atzean

Obra 2005ean estreinatu zuten, Montrealen (Kanada), Daniele Finzi Pascak zuzenduta. Aurten hogei urte bete dira lehen aldiz aretoko oihal urdinak zabaldu zirenetik, eta geroztik 22 herrialde bisitatu ditu ikuskizunak. Nafarroa Arenaren kanpoan dauden kamioietan pailazoaren irudi irribarretsua dago inprimaturik. Hala ere, hori ez da erabili duten ibilgailu bakarra: 24 erabiltzen dituzte ikuskizuneko material guztia batetik bestera eramateko. 

Dekoratuak kamioietatik ateratzen eta muntatzen ditu Julia Aphalok, eta pailazoaren nortasuna objektuetan islatzea da erronka nagusia: «Mauroren iragana dekoratuan ere ikusi behar da, eta, horregatik, dena zaharkitua bezala dago». Pailazoaren ohe estuan, oheburukoan, zuri-beltzeko argazki txiki batzuk daude itsatsita. Horiek ez dira Mauroren senideak edo lagunak, antzezleenak baizik; iraganean obran parte hartu duten lankide ohien argazkiak dira, ikuskizunean beti presente egoteko.

Orotara, 120 lagun aritzen dira lanean, jendeak ikuskizunaz goza dezan. Pieza bakoitzak badu bere garrantzia makinak egokiro funtziona dezan. Jantzien taldean bost pertsonak egiten dute lan, baina 2.500 jantzi kudeatu behar dituzte: zapatak, soinekoak, galtzak eta aingeru hegoak. Kolorez jositako gela zabalean xistera beltzez betetako armairu bat dute, bakoitza kolore bateko oihal zati batekin apaindua; pertsonaiaren izaera kontuan hartzen dute kolorea aukeratzeko orduan. Jaketako botoiak eskuz josten dituzte, eta, arropei ukitu berezia emateko, modu kalkulatuan zikintzen dituzte.

(ID_14934197) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-05-07, Iruñea. Cirque du Soleilen ‘Corteo’ ikuskizunaren backstagera bisita
Cirque du Soleil-en '‘Corteo’' ikuskizuneko jantziez arduratzen den langilea, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Gero, jantzi horiek eszenatokiaren aldeetan kokatu behar dituzte, pertsonaia bakoitzaren izenarekin. Horrela, artistak, airean itzulipurdiak egin eta gero, patinete moduko baten gainean etzaten dira eszenatoki azpitik igarotzeko eta erabili behar duten hurrengo jantzia dagoen tokira iristeko. Makillajeari dagokionez, artista bakoitzak apaintzen du aurpegia, Kanadan jasotako makillaje eskoletan oinarrituta. «Ikusleak atleta bakoitzaren izaera ikusiko du makillajeari bakarrik begiratuta. Bakoitzak bere estiloa du», azaldu du Gaillardek.

Igandean, akrobatak azken jauziak egin eta pailazoa ametsetan murgiltzen den bitartean, teknikariak ekipoa kutxa beltz handi batzuetan gordetzen hasiko dira. Gero, artistek publikoaren txalo beroa jasotzen duten bitartean, pailazo irribarretsuaren kamioiak prest egongo dira hurrengo helmugara abiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.