Komunikazioa. Irlen sarea

Anaia txikia

gorka julio
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Azken asteetan jakin ahal izan dugu Apple-reniPhone eta iOS sistema eragilea erabiltzen diren gailu guztietan gure kokapenaren datuak sekretuan gordetzen direla. Gailu horietako askok informazio hori jasotzeko sare mugikorreko, Interneteko konexioak eta batez ere GPSen informazioa baliatzen dute. Kasu horretan, informazioa gailuan bertan dagoen fitxategi batean gordetzen zen, eta iOS duen ordenagailu edo gailu batera konektatzean automatikoki horrekin sinkronizatzen zen. Horrela, sistemak gure mugimenduen datu sorta izugarria biltzea lortzen zuen.

Ez da bakarra: Android sistema eragilea erabiltzen duten telefonoek ere gauza antzeko bat egiten dute. Kasu horretan, informazio gutxiago gordetzen da, eta erabiltzaile arruntak atzitu ezin duen toki batean gordetzen dira azken mugimenduak. Horrez gain, Windows Phone 7 erabiltzen dutenek antzeko zerbait egiten dutela jakin dugu. Kasu horretan, Microsofti telefonoaren zenbaki identifikatzaile batekin gertu dauden wifi sareen informazioa eta GPSaren bidezko koordenatuak bidaltzen dizkio.

Argi dago, beraz, enpresa pribatu horiek guztiek informazio hori izan edo erabiltzeko interesa dutela. Helburua argia da: kokapen fisikoan oinarritutako zerbitzuak, publizitatea, produktuak eta abar eskaintzea. Gailu guztietan ez dago GPS gailurik, eta, horregatik, informazio hori eskuratzea zaila da; horregatik gertuko wifi konexioen informazioa adibidez eskuratzea. Horrela, jada ez da behar GPS gailurik, leku fisikoa ezagutu ahal izateko; nahikoa da konektatzen garen momentuan ematen diguten IP helbidea ezagutzea gutxi gorabehera non gauden jakiteko.

Datu horiek biltzeko era hoberena bakoitzak poltsikoan dugun anaia txiki hori erabiltzea dela erabaki dute. Edozein teknologiak erabilera anitz ditu, onak eta txarrak, baina inoiz ez dira neutralak, eta erabaki horiekin gure pribatutasunari erasotzen ari zaizkio.

Batzuek zerbitzu esperientzia hobeago bat eman nahi dutela esango dute; beste batzuek, ezer ezkutatzeko ez dutela... Hala ere, argi dagoen gauza bakarra da enpresa horiek gure pribatutasuna eta intimitatea gure baimenik gabe murrizten ari direla. Bakoitzak nahi duen gailutik proba sinple bat egin dezake. Sartu http://whatismyipaddress.com webgunera, eta ikusi datu horiekin zure kokapenari buruzko zein informazio lor daitekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.