Onartu behar dut ardoaren mundu konplexu eta zabal honek dituen ertz batzuk beste batzuk baino gehiago interesatzen zaizkidala. Egia da mahastiek eta haiek sortzen dituzten paisaiek direla ni liluratzen nautenak. Egia da, halaber, ardoek eta horiek eskaintzen dituzten ñabardurak ezagutu eta dastatzea dela nik gehien apreziatzen dudana.
Horiek horrela, ezin ukatu zenbait upategi edertasunaren isla ere badirela, ikuspegi arkitektoniko soil batetik.
Ez da nire asmoa zerrenda absolutu bat egitea lerrootan, baina, Interneten han eta hemen begiratuta, hona ekarri nahi nituzke, edertasun hori zuekin partekatzeko.
Vinetur web orriak munduko hamar upategi nabarmentzen ditu, haien edertasun eta ikusgarritasuna irizpide hartuta. Nik hamarrei ezin diedanez tokia eman, nire «selekzioaren selekzioa» eskainiko dizuet. Hona hemen aukeraketa:
Ceretto Aziende Monsordo Bernardina. Italiako Piamonte herrialdean, Alba herrian hain zuzen ere. XIX. mendeko abeletxe ohia Ceretto familiak erosi zuen. Estilo futurista du, eta behaketarako izugarrizko plataforma du mahastien gainean, bisitariei ikusmira panoramiko ezin hobea eskainiz.
Chateau Cheval Blanc, Frantziako Bordeleko Saint Emilionen. 2006an, upategi mitiko horren jabeek Christian de Portzamparc arkitekto frantziarrari upategia berritzeko eskatu zioten, ardoaren ekoizpena hobetzeko asmoz. Upategian hartzidurarako erabiltzen ziren porlanezko deposituetan inspiratu zen, eta hormigoizko egitura bat sortu zuen, hormigoi zuriz eginiko ganga batez estalia. Mahastiaren gainean igerian egingo balu bezala edo.
Ameriketako Estatu Batuetako Kaliforniako Napako Calistogandago, berriz, Castello di Amorosa.Erdi Aroko Italiako Toscanako gaztelu bat da, eta haren upategia egitea amesten zuen Dario Sattui jatorri italiarra duen enologoak. 1994an hasi zen gaztelua egiten, eta 2007an ireki eta abian jarri zuten. Eskuz zizelkatutako 8.000 tona harri erabili zituzten gaztelua egiteko, eta eraikina zortzi maila edo solairutan dago banatuta.
Ipar Amerikatik Hego Amerikara jauzi eginez, ezin alde batera utzi Argentinako mendozako O. Fournier Upategia. Burgoseko (Espainia) Ortega Gil Fournierfamiliak 2000. urtean erosi zituen lurrak upategia egiteko. Upategi horretan sabai beltz erraldoia nabarmenduko nuke, tenperaturaren kontrola ahalbidetu eta izugarrizko itxura berezia ematen diolako eraikinari.
Azpimarratzekoa da Kanadako Okanagan bailaran dagoen Mission Hill Winery upategia, 1966an sortua, eta 1996an berriztatzen hasi eta 2002an amaitu zutena. Hamabi solairuko dorrea du erdi-erdian, kanpandorre eta guzti, kanpaiak Frantziatik eramanak.
Ez nituzke ahaztu nahi Euskal Herriko Marques de Riscal, Eltziegon Frank Gehry arkitektoak diseinatua; eta Guardiako Ysios upategia, Santiago Calatravarena... Baina beste asko ere badaude: Artesa Vineyards and Winery, Sommos, Darioush Winery...

ARDOXKA
Ardoen arkitekturak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu