Ane Muñoz.
Maratila

Argiaren bila

2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Benetan pipertuta nenbilen autobidetik gauez natorren bakoitzean han urrun eta beti toki berean ikusten dudan argi susmagarri horrekin. Indar handiko argi foku bat da. Ez dakit zenbat kilowatt izango dituen, baina zeruraino iristen dela dirudi. Mugitu egiten da, gainera. Bai, han goian, zeru beltzean, zirkulu txikiak egiten ditu.

Lehen aldiz ikusi nuenean, konturatu gabe autoa pareko bidera joan zitzaidan. Piiiii, atzekoak. Ai ama. Baina ze arraio zen nire bidetik atera ninduen argi zuri potente hura? Irudimena bor-bor jarrita, estralurtarren kontua izan zitekeela irudikatu nahi izan nuen. Lurrean kontrolgune ezkutu bat zutela eta gu lotan geundenean etxekoei seinaleak bidaltzen zizkietela. Ez dut gizaki estralurtarren bisitetan sinesten, baina, aizue, ez da normala herririk ez dagoen inguru horretan halako argi bat, zerurantz zuzen-zuzen jarrita, bizi-bizia.

Aurreko gau batean menditik bueltan gentozela, hara non ikusten dugun argi foku misteriotsu bera, gugandik urrun, zerurantz jotzen. Handik ere ikusten zen!

Bo, hura argitu beharra zegoen. Autoa hartu, eta argiaren bila joan ginen. Gau ilunean errepide batetik bestera, lehenik harantz, gero berriro honantz, eskualdean barrena hainbat buelta eman ondoren, hara, erdi galdutako prostituzio etxe erraldoi baten aurrean geunden!

Ez dakit argiarena keinu unibertsala den, beste tokietan erabiltzen den ala klub horrek autobian hara eta hona, atzerritik eta atzerrira etengabe dabiltzan bidaiariak erakartzeko asmatu duen. Are gutxiago dakit iragartzeko modu garesti hori errentagarria zaienik. Gu behintzat erakarrita hurbildu ginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.