Basoak dira Euskal Herriko txoko gehienetan klimaren eta lurzoruaren ezaugarrien ondorioz egokituriko ekosistema. Halaber, basoa da mendira begiratzean topatzen dugun paisaia elementu nagusietako bat, nahiz eta gizakiaren eraginak nabarmen moldaturik egon. Ez da zerbait berria; izan ere, Europan ia ez da geratzen gizakiak kudeatu ez duen ingurunerik. Historiako pasarte batzuek basoen erritmoa eta konplexutasuna errespetatu dituzte; beste batzuek, berriz, gizakiaren eta bere ingurunearen arteko metabolismoa hautsi eta ekosistemaren zein zibilizazioaren amaiera eragin dute.
Natura bere osagaien elkarrekintzen multzo aldakor bezala ulertzen badugu, orduan ulertuko dugu guk basoa eraldatzen dugun moduan eralda gaitzakeela basoak gu ere. Azken urte hauetan «naturak jendeari egiten dizkion ekarpenak» kontzeptua askotan baliatu da ekosistemek gizakiontzat duten balioa defendatzeko. Zentzu horretan, eta are gehiago klima aldaketa nagusi den garai honetan, basoek ezinbesteko funtzioa betetzen dute klima, uraren zikloa eta lurzorua erregulatzeko duten gaitasuna dela eta.
Basoa definitzea, ordea, ariketa konplexua da. Definitzailearen arabera, izan daiteke Amazoniako oihan tropikal bat, pagadi bat, eukalipto landaketa bat edo edalontzi bat, besteak beste. Elementu nagusi bat duela ezin daiteke ukatu: zuhaitza. Denek elementu hori izan behar dute, eta hortik aurrera otu bezainbesteko konplexutasuna gehi dakioke.
Konplexutasuna espezieen arteko elkarrekintzen ondorioz garatzen da, elkarren artean gurutzaturiko soka-ohe baten antzera. Zenbat eta konplexuagoa izan, orduan eta egonkorragoa izan daiteke eta ondorioz talkak eutsi eta birgaitzeko gaitasun handiagoa izango du. Azken batean, ohe horretako soka bat desagertzen bada, inguruko sokek eutsiko diote egiturari.
Basoen etorkizuna
Gure basoak, tamalez, sokarik gabe geratzen ari dira, ia soka bakarreko oheak. Kantauriar isurialdean nagusi den ustiaketa intentsiboaz ari naiz, noski. Europa osoan klima aldaketak bultzatutako lehorte, sute, izurrite eta haizeteak basoak hiltzen ari diren garaian oraindik egon baitago baso eredu sinplifikatuena positibotzat duenik. Hein batean ulertzekoa da, gure mendiak kolore marroi eta gorriz tindatu dituen onddorik egon balitz gutxienez…
Basoen kudeaketa eta konplexutasuna uztartzea ezinbestekoa da baso horiek ustiatzen eta gure herrietan bizitzen jarraitu nahi badugu. Premisa hori abiapuntutzat hartuta, ezinbestekoa da baso osasuntsu eta konplexuak lortzeko esfortzuan eragile ezberdinek bat egitea. Funtsezkoa da, hortaz, zientzialarien eta lurra lantzen dutenen arteko zubilana errotzea, elkarrengandik ikasi eta gainean dugun panorama beltzari aurre nola egin ebazteko.