Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Bai, ezberdinak gara

2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Osasunarekin erlazionatutako kontu batzuetan, sexuak garrantzi handia du. Oro har, gizonezkoek eta emakumezkoek pairatzen ditugun gaixotasunak berdinak dira. Hala ere, migrainak, 2 motako diabetesa eta artritisa, besteak beste, ohikoagoak dira emakumezkoengan. Gainera, gaitz bera pairatzen duten sexu ezberdinekoek bestelako sintomak izan ditzakete. Adibidez, infartu bat jasan aurretik, gizonezkoek bularraldean sentitzen dute mina; emakumezkoek, berriz, ez. Era berean, farmako batzuen eraginkortasuna sexuarekiko espezifikoa da. Eta hori guztia, zergatik?

Azken hamarkadan eginiko ikerketen arabera, sexu ezberdineko gizabanakoek ezberdin prozesatzen dute mina. Labur esateko, mina sentitzen dugunean hau gertatzen da: gorputzean barreiatuta ditugun sentsoreek potentzialki kaltegarriak diren sentipenak jasotzen dituzte. Seinale horiek nerbio periferikoen bitartez bizkarrezur muinera garraiatzen dira, eta handik, bizkarrezur-erraboilera eta garuneko kortexera. Azken horiek jasotako seinalea interpretatzen dute, eta, ondorioz, mina sentitzen dugu.

Seinalearen transmisio horretan, errelebo-lasterketa baten baleude bezala, zelula askok hartzen dute parte; horien artean, immunitate sistemako zelulek, ar eta emeengan ezberdinak direnek. Arren kasuan, mikroglia izeneko zelulek hartzen dute parte minaren transmisioan; emeen kasuan, berriz,T zelulek.

Hormonek ere badute zerikusia sexuen arteko minaren prozesamendu diferentzialarekin. Testosterona batez ere arrek ekoizten duten sexu hormona da, sexu guruinen garapen eta funtzionamenduan berebiziko garrantzia duena. Horrez gain, testosteronak mina apaltzen du, eta, horregatik, min kronikoa duten paziente batzuek testosterona tratamendua jasotzen dute. Hormonak minaren bidezidorretan duen eragina ezagutzeko, Montrealgo McGill unibertsitateko ikertzaileek irenduta egoteagatik testosterona maila apala zuten sagu arrak aztertu zituzten. Sagu horiek mina emeek bezala prozesatzen zutela behatu zuten, hots, T zelulen bidez. Baina sagu ar horiek testosteronarekin tratatzean, emeen kasuan bezala, mekanismoan aldaketa gertatzen zen, eta ar zein emeek mina mikroglien bitartez bideratzen zuten.

Alde horiek tarteko, badira ar eta emeengan ezberdin eragiten duten farmakoak. Esaterako, metforminak bizkar muina inguratzen duten neuronen arteko mikroglia zelulak urritzen ditu, eta, ondorioz, mina arintzen du. Baina efektu hori soilik sagu arrengan gertatzen da, emeek ez baitute mina zelula horien bitartez bideratzen. Morfinak ere mina leuntzen du, baina, kasu honetan, garuneko PAG eremuko neuronak blokeatuz. Horrez gain, morfinak mikroglia zelulak aktiba ditzake, eta horrek drogaren efektu analgesikoa txikiagotzen du. Kontua da emeek arrek baino askoz mikroglia gehiago dituztela PAG eremuan. Hori dela eta, arrek adinako efektu analgesikoa lortzeko, emeek morfina dosi handiagoa jaso behar dute.

Oro har, arlo honetan oso azterketa gutxi egin dira pertsonekin, baina, lehen emaitzen arabera, gure kasuan ere gizonezkoen eta emakumezkoen artean desberdintasunak daude. Tradizionalki, animaliekin egindako esperimentu gehienak arrekin egin dira. Izan ere, luzaroan uste izan da emeen hormona zikloek ikerkuntzen emaitzak distortsiona zitzaketela. Baina azken urteotako aurkikuntzek agerian utzi dute ezinbestekoa dela emeekin ere esperimentuak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.