Nazioarteko Olinpiar Batzordeak kirol-probetako emakumeak biologikoki emeak direla baieztatzeko proba ezartzea erabaki du. Horretarako, SYR izeneko genea ote duten begiratuko diete emakumeen kategorian lehiatu nahi duten kirolariei. SYR genea Y kromosoman bakarrik dago, eta emakumeek ez dute Y kromosomarik: bi sexu-kromosomak X dira emakumeetan.
Testa guztiz fidagarria da Olinpiar Batzordearen arabera. SYR genea duenak Y kromosoma du, eta, beraz, arra da. Hau da, kirolari batek positibo emanez gero, ezingo da emakumeen kategorian lehiatu. Salbuespen bakarra onartu dute: androgenoekiko erabateko sentikortasun-ezaren sindromea, oso ezohikoa. Gainerako kasuetan, kategoriatik kanpo geratuko dira.
Planteamenduak itxura zientifikoa du, eta, behintzat, kirolariak ez dituzte biluztera behartzen, lehen egiten zuten bezala. Baina biologian gauzak ez dira Olinpiar Batzordeak aditzera ematen duen bezain sinpleak izaten. SYR genea identifikatu eta haren funtzionamendua argitu zuen ikertzaileak, Andrew Sinclairrek, artikulu bat idatzi zuen iaz: «World Athleticsek atleta emakumezkoei exijitzen dien proba genetikoa okerrekoa da».
World Athleticsek ere proba hori ezartzea erabaki zuen Munduko Atletismo Txapelketan, Olinpiar Batzordeak onartutako salbuespenarekin. Sinclairrek argi esan zuen: «Zientziak ez du test hori babesten, eta badakit zertaz ari naizen, nik aurkitu bainuen SYR genea Y kromosoman, 1990ean. Eta 35 urtez aritu naiz ikertzen gene hori, zein barrabilak garatzeko ezinbestekoak diren beste gene batzuk ere».
Artikuluan azaldu zuenez, X eta Y kromosomak dituen giza enbrioi batean, 6. astean, SYR geneak mekanismo bat abiarazten du. Horren bidez barrabilak garatzen dira. Barrabilek hormonak ekoizten dituzte, tartean, testosterona. Eta testosteronak ezaugarri maskulinoak agerrarazten laguntzen du.
Enbrioiaren sexu-kromosomak XX badira, beste gene batzuk aktibatzen dira, eta obarioak garatzen dira. Obarioek ere hormonak ekoizten dituzte; tartean testosterona ere, barrabilek baino maila txikiagoan bada ere.
Mekanismo horretan hainbat genek parte hartzen dute: batzuek besteen funtzioa modulatzeko ardura dute, eta beste batzuek prozesua oztopatzekoa. Ez da arraroa aldaera genetiko batzuek hasierako programazioa aldatzea edo barrabilak edo obarioak garatu daitezen eragoztea.
Esaterako, gerta liteke XY pertsona batean SYR genea aldatuta egotea. Edo SYR genearen funtzionamendua egokia izanda ere, mekanismoaren katebegiren batean aldaketa bat gertatzea, eta barrabilak ez garatzea. Pertsona horren gorputza emakume batena izango litzateke, eta emakume modura haziko litzateke. Olinpiar Batzordeak, ordea, bere kategoriatik kanporatuko luke, test genetikoan positibo emango lukeelako.
Artikuluan, Sinclairrek gogora ekarri zuen 2000. urtean lortu zuela Olinpiar Batzordeak erabakia aldatzea, ez zezan SYR testa erabili. Historiak, ordea, ez du beti aurrera egiten, eta zenbait gauza ez dira aldatzen. Esaterako, kirol-erakundeen obsesioa sexu-binarismoarekiko, eta emakumeen gorputza epaitzeko tema.Â