Casa Rojo proiektua 1920an hasi zela esan daiteke, edo han izan zuela iturburua edo jatorria. Jose Rojoren eskutik abiatu zen, hark egiten baitzituen mahai ardoak Cartagena inguruan garai hartan. 2010ean, Rojoren ondorengoek jarraipena eman nahi izan zioten proiektuari, edo, hobe esanda, antzinako proiektu hura oinarritzat hartuta beste proiektu bat jarri zuten abian. Jatorri izen desberdinetako ardoak egitea zen helburua, hots, toki desberdinetako ardoak egitea, baina betiere naturari eta mahats mota desberdinei errespetu osoa gordez.
Gizatalde handi batek osatzen du proiektua: enologoak, sommelierrak, marketin eta komunikazio adituak, diseinatzaileak eta ardoaren munduko profesionalek. Denek dute obsesio berbera: ardo perfektua egitea. Benetako ardoak, lurraren isla izango direnak, bakanak eta egituratuak nahi dituzte. Eta, gainera, mahatsari dagokionez, mahats bilketa naturarenganako errespetuz egina nahi dute, mahats mota bakoitzaren izaera mantenduz, eta berto-bertoko legamiak erabiliz; azken finean, toki bakoitzeko usainak eta izaera adierazteko.
2013an, The Wine Gurus proiektua jarri zuten martxan, eta 2013ko azaroan argia ikusi zuten bost jatorri izeneko beste hainbeste ardok: Rias Baixas, Rueda, Errioxa, Priorat eta Jumilla. Den-denak toki bakoitzeko mahats esanguratsuenak erabiliz eginak, eta guztiak barietate bakarrekoak.
Ardo horiek jende gazteagoarentzat pentsatuta eginak dira, eta hori argi ikusten da lehen begiradan etiketei erreparatuz, ausartak eta berritzaileak baitira, erabat. Etiketak eta izenak: La Marimorena (Rias Baixaseko albariñoa), El Gordo del Circo (Ruedako verdejoa), The Invisible Man (Errioxako tempranilloa), Maquinon (Priorateko garnatxa) eta Macho Man Monastrell (Jumillako monastrella).
Casa Rojon ez dute upategirik, eta tokian tokiko upategiekin lan egiten dute, elkarlanean, nahiz eta erabaki guztiak haien eskuetan egon: zein mahats eta zer kopurutan erabiliko den, etiketen diseinuak, zer kortxo erabiliko den, eta, jakina, ardoztatze prozesu guztiko erabakiak, hartzidura zein ontzearekin zerikusia dutenak.
Gaur egun, bederatzi jatorri izenetan lan egiten dute. Aipatutakoez gain, Almansa, Cava, Valdepeñas eta Tierra de Castilla jatorri izenetan.
Baina Casa Rojoren filosofia hobeto ulertzeko, webgunean dituzten hitzei emango diegu tokia: «Familia tradizioa; oreka bilatzeko mahastizaintza; mahats garau bakoitza momentu onenean biltzeko obsesioa; mahats mota bakoitzaren ezaugarriak nabarmentzeko, tokian tokiko legamien erabilera; ligekin lana; eta lurraren adierazpena».
Ardoa, haren kultura eta jatorriarekiko maitasuna, pasioa eta errespetua. Ez dago gaizki, ezta?

ARDOXKA
Casa Rojo: ardo diseinatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu