Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Chozas Carrascalen gozoak

2015eko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urteko azken artikulua. Gabonak gainean, eta bihar Espainiako hauteskunde orokorrak.

Norbaitek pentsatuko du gaurko artikulu hau apardunen ingurukoa izan daitekeela, garai hauetan gailentzen delako apardunen kontsumoa gure artean. Bestalde, talde politikoen egoitzaren batean botila apardunen bat irekiko delako hauteskundeetako emaitzak ospatzeko edo... garaile asko azalduko direlako, eta galtzailerik ez.

Baina ez, Gabonetako apardunak edateko joera hori ez dut batere gogoko, eta hauteskundeetan azaltzen diren zenbait jarrera are gutxiago ditut gustuko.

Chozas Carrascal upategiari buruz arituko naiz gaurkoan. Durango Ardo Saltsanen izan genituen gure artean, eta haien filosofia eta ardoak asko estimatzen ditut.

Lopez familiaren proiektua dela esan daiteke; Lopez familia eta Michael Poudou frantziar enologoaren arteko proiektua, hobeki esanda. Upategia San Antonio de Requenan dago (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta jatorri izen propioa daramate egiten dituzten ardoek.

Lurrean dute oinarria, eta lurra dute kutun, lurra maite dute. Eta, horrekin batera, beste oinarria nahastea dute. Lursail bakarreko ardoak sortzea dute amets eta helburu. Ardo mediterranearrak egin nahi dituzte.

Ehun urtetik gorako bobal mahatsondoak dituzte, eta baita chardonnay, cabernet sauvignon eta syrah ere. Haien esanetan, «emaitza bikainak lortuz, mundu zaharrak eta berriak eskaintzen dituzten onurak uztartuz».

700 metroko altueran dituzte 37 hektarea, eta hamaika mahats mota desberdin haietan.

Lursail hori iturburu batek zeharkatzen du azpitik, eta mahatsondo bakoitzak ez ditu bi kilo baino ematen. Mahats mota bakoitza modu bakarrean jasotzen da, eta hartzitzen jartzen da porlanezko deposituetan.

Ardo zuriak, beltzak eta gorriak egiten dituzte, eta baita ardo gozoak ere. Ardo zuri bat, Las Tres; gorri bat, Las Cuatro; eta hiru ardo beltz, Las Ocho, Las 2 Ces eta nabarmentzekoa: El cabernet de Chozas Carrascal. Eta horiek guztiak bikainak izanda ere, gaur nabarmendu nahi ditudanak Domaine Perna Batut eta Domaine Montahuc dira. Ardo gozoak biak ala biak, moskatel mahatsez eginak, Okzitanian, Saint Jean de Minervois sor-markarekin, munduko sor-markarik txikienetakoa dena.

Michel Poudou enologoaren eta Chozas Carrascalen desioa zen lur bitxi eta bakan bat aurkitzea moskatelez osatua, eta horrek eraman zituen Saint Jean de Minervoisera, Okzitaniara.

Biak dira ardo gozoak, naturalak, gehitutako azukrerik gabekoak. Lehen esan bezala, moskatelarekin eginak dira, eta biodinamikaren filosofiari jarraituz eginak dira.

Intentsitate izugarriko aroma eta zaporea dute batak zein besteak, eta bikaina da gozotasunaren eta azidotasunaren arteko oreka.

Ondo amaitu urtea, eta hobeto hasi datorrena. Topa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.