Erasmus entzun edo irakurtzen badugu, denoi datozkigu burura ikasleak, gazteak eta Europako hainbat herrialderen kontzeptuak. Niri ez, niri Daphne Glorian suitzarrak egindako ardoa datorkit gogora.
Eta egia aitortu behar badut, ez dut behin ere dastatu ardo berezi eta bakan hori, nahiz eta gogo izugarria izan horretarako.
Ondo gogoratzen ditut duela urte batzuk Robert Parkerrek Clos Erasmus 2004 eta Clos Erasmus 2005 ardoei emandako ehun puntuak. Lehendik ere asko bilatzen baldin bazen Priorateko ardo hori, pentsa dezakegu ordutik aurrera nolako zalaparta sortu zuen ardo banatzaile eta bildumazaleen artean. Are gehiago kontuan hartzen badugu ekoizpen oso txikiko ardoa dela, ez baitira hiru edo lau mila botila baino egiten urtean.
Daphne Glorian Parisen jaio zen, 1959an, eta Suitzako Bernako kantoian hazi zen, nahiz eta amaren familiak Valais kantoiko Zermatt inguruan izan jatorria. Laster utzi zituen alde batera abokatu lanak, ardoarekiko harreman estu bati hasiera emateko. Glorianek honela dio: «Han hasi zen nire maitasuna; Borgoinako ardoekin lan egiten nuen. Hiru hilabeteren buruan mendetasun bihurtu zen ardoa niretzat». Ardo feria batean Renè Barbier eta Alvaro Palacios ezagutu zituen, eta haiek Prioraten ardo handiak egiteko zituzten proiektuen berri eman zioten. Glorian, zuen guztia saldu, eta Tarragonako eskualde txiki hartara joan zen ardoa egiteko asmoz.
1989an atera bazen ere bere lehen ardoa Alvaro Palaciosekin, Carles Pastranarekin, Renè Barbierrekin eta José Luis Pérezekin batera, 1990. urtekoa izan zen benetako Clos Erasmusen lehen uztaldia. Bertako nekazariek betidanik erabilitako lan egiteko moduei jarraiki egindako ardoa zen, biodinamikaren printzipioei jarraituz eta lurrarekiko izugarrizko errespetua erakutsiz egina.
1994 eta 1998ko uztaldiko ardoek izugarrizko puntuazioak jaso zituzten Robert Parkerrek zuzentzen duen The Wine Advocate aldizkarian, eta, horren ondorioz, ardo horren bila hasi ziren mundu guztiko banatzaile eta bildumazaleak. Gero, arestian aipaturiko ehun puntuak eta zoramena iritsiko ziren.
Garnatxa, cabernet sauvignon eta syrah apur batez egina da ardoa. Mahastiak ez dira oso zaharrak.
Izugarrizko garrantzia ematen zaio mahastiari. Terrazetan landaturiko mahastiak dira. Mahastien artean bertako basoetako landaredia dago. Naturaren oreka bilatzen dute, eta landare osasuntsuak lortzen dituzte.
Lehen esan dudan moduan, oso zaila da ardo hori aurkitzea, eta, gainera, prezioak ere izugarri egin du gora azken urteotan; 1.200 eurotik gora iritsi da. Baina ez dugu etsiko. Agian aurten osaba amerikar baten herentzia jasotzea tokatzen bazaigu... batek daki.

Elikadura. Ardoxka
Clos Erasmus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu