Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Denboraren makina

2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urteko sasoi hau balantzeak egiteko erabili ohi da. Nik ez, ordea. Urtea luzeegia da, eta ardoak ugari. Ez dut ez podiumik ez dominarik banatzeko asmorik. Ardo ugari dira urtebetean dastatu eta ahaztu ditudanak, arrastorik ere utzi ez dutenak nire barruan. Baina ez dira gutxi nire buruan eta koadernoetan gordetzen ditudanak, plazera eman didatelako. Maitemindu ez, ordea, ez naiz ni oso maitemintzen erraza, ardoekin.

Askotan, ordea, ardo bat plazerez gogoratzea ez da gutxi. Gaur horietako bat dakarkizuet hona. Espainiako jatorri izenik ezezagunenetariko ardo bat ekarri nahi dut hona, zuekin partekatzeko: La Máquina del Tiempo. Kasualitatez heldu da nire eskuetara, nire ezpainetara hobeto esanda. Murtziako Yecla jatorri marka darama eta, batez ere, monastrell eta syrah apur batez egina dago.

Oso ardo berria da, hain zuzen ere 2011 eta 2012ko uztaldiak baino ez baitira merkaturatu. Daniel Gimenez Alba da ardo honen egilea. Hark esandakoaren arabera, ardo hau monastrellaren inguruko esperimentazioa da, jakinmina eta interesa dutenekin partekatzeko egiten duen esperimentua, alegia. Ardo argitsua, modernoa eta alaia egin asmo du Benjaminek, eta ardo honekin nire esperientzia txikia bada ere, neurri baten lortu duela esango nuke, seguru.

Yeclako hegoaldeko lurretan landatutako mahastiak ditu Benjaminek, urtean batez besteko intsolazio neurri altuko lurretan. «Monastrella ez da erraza mahastizainarentzat, baina ondo landuz ematen dituen ardoak delikatesen produktuak bilakatzen dira kontsumitzailearentzatá, dio Gimenez Albak. Mahastizain eta enologo horrek berritasun bat dakarkigu, gainera, ardoa egiterakoan: uztaldi desberdinetako ardoak nahastuz egiten ditu ardook.

2011ko uztaldia harrigarria izan omen zen. Baina nik aipatu nahi dizuedana 2012ko uztaldia da. Hura ere bikaina dela azpimarratu nahi dut. Hemezortzi hilabetez 500 litroko upeletan ondu ondoren, oraindik ere fruta bikaina, freskoa eta dotorea eskaintzen duelako; salneurri barregarrian, gainera, zazpi euro baino ez du-eta balio.

%85 2012ko uztaldiko ardoz osatuta dago La Maquina del Tiempo. Horretaz gain, ardoak 2011ko %10ez eta 2010eko %5ez osatuta dago. Ardo horren ezaugarriez erabat gozatzeko dekantazioa ordubetez edo egitea ezinbestekoa dela esango nuke. Ordubete itxaron ondoren, konplexutasuna, eta fruta ugari eta lore ukituak eskainiko dizkigu; beti ere, atzeko planoan egurraren ukitu bikainarekin.

Hamar mila botila inguru egiten dituzte, eta ez da, horrenbestez, oso erraza aurkitzen gure inguruan. Izan ere, atzerrian saltzen ditu Gimenez Albak botila gehientsuenak. Berak beste upategi erraldoi batean egiten du lan, enologo moduan. Baina espero dezagun bere esperimentaziorako gogoa ez agortzea, eta gero eta botila gehiago egiten hastea, zaleok horrelako bitxikeria bikainez gozatzeko aukera izan dezagun. Espero dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.