BC3ko doktoregoko ikaslea

Egungo erabaki klimatikoak

Ane Loroño Leturiondo
2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Klima aldaketa modu argian areagotu da azken hamarkadetan. 2024an, munduko batez besteko tenperatura globalaren igoera 1,5 gradutik gorakoa izan zen industrializazioa hasi zenetik lehen aldiz. Tenperatura igoerak bero boladen maiztasuna eta intentsitatea handitu ditu. Gero eta larriagoa den krisi horrek, osasuna mehatxatzeaz gain, desberdintasun sozioekonomikoak ere areagotzen ditu, eta presio gehigarria eragiten dio osasun sistema publikoari.

Beroak osasunean duen eragina neurtzeak aukera ematen du ebidentzia epidemiologikotik abiatuta erabaki publikoak hartzeko. Bereziki, klima aldaketa geldotzeko eta hartu beharreko neurriak konparatzeko. 

Beroari lotutako osasun arriskua desberdina da lurraldearen ezaugarri sozioekonomikoen eta klima aldaketari aurre egiteko gaitasunaren arabera. Horregatik, inpaktuak neurtzeko analisiak funtsezkoak dira osasun publikoko tokian tokiko esku hartzeak bideratzeko. BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroak ACCREU izeneko Europako proiektu batean parte hartu du klima aldaketaren askotariko inpaktuak neurtzeko asmoz.

Proiektu horretan, beroak osasunean duen eragina aztertu du taldeak, eta 350 heriotza baino gehiago dira urtean Hego Euskal Herrian beroarekin erlazionatu daitezkeenak. Bestalde, isuriak murrizteko egun hartzen ditugun neurriek etorkizuneko klima egoera definituko dute. Beroak gure osasunean izango duen inpaktua etorkizuneko testuinguruaren arabera nabarmen aldatuko dela diote egindako estimazioek. 

Isurien murrizketa ekarriko duten neurriak hartuko bagenitu, klima agertoki baikorrenean egongo ginateke. Kasu horretan, beroari egotz dakizkiokeen heriotzak 800 izan daiteke 2030ean Hego Euskal Herrian. Aldiz, egungo egoerarekin jarraituz gero, eta aurrerantzean ere erregai fosilen mendekotasun handia izanez gero, hilkortasuna haztea aurreikusten da: 880 heriotza baino gehiago 2030ean, eta 3.000 baino gehiago 2070ean. 

Beroak osasuna oro har okertu egiten du, eta besteak beste ospitalizazioak areagotu. Egindako ikerketaren arabera, 500 kasu inguru aurreikusten dira isuri handiko agertoki batean, bost urteko epean.

Ospitalizazioen kostu medikoari dagokionez ere hazkundea aurreikusten da. Epe luzera, arrakala handia espero da emisio baxuen eta altuen arteko agertoki klimatikoen artean. Lehenengoan, bi milioi inguruko kostua espero da urtero; bigarrenean, berriz, lau milioi baino gehiagokoa. 

Oro har, emaitzek agerian uzten dute klima aldaketa arintzeko politikak indartu ezean muturreko beroak Hego Euskal Herrian osasunean duen inpaktua handituz joango dela. Beraz, tenperaturaren igoerari aurre egiteko ikuspegia osasun publikoko politiketan, hiri plangintzan eta lanaren antolaketan txertatzea funtsezkoa da. Ezinbestekoa da tokian tokiko berezitasunetara eta egoera sozioekonomiko ezberdinetara egokituz egitea, klima aldaketak ez baitigu guztioi berdin eragiten, ezta osasun kontuetan ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA