Ostiralean jazotako gertaera bat iragan urruna da gaur, badakit. Denik eta gertaerarik zaurgarriena ere, berdin dio. Munduaren akabera bera, ahaztua beharko genuke dagoeneko; baina ez daukagu, ezin: baiki, Amaia Egañaz ari naiz, nori buruz bestela. Zoritxarrez, beste biktima anonimo batzuen aldean, haren izena gogoan geratuko zaigulako denbora batez. Beste biktima anonimo batzuen aldean, haren izena gogoan geratuko zaigulako denbora batez, zorionez, kontrakoa jendarte honen heriotza agiria litzateke eta.
ETBn ostiral eguerdiko albistegian eman zuten notizia, inoiz entzun gabeko funtsarekin. Etxegabetzea bizitzarekin ordaindu du jarri zioten titulu, eta «inor ez du epel utzi», «neurri guztiak gainditu ditu» eta halako esaldiek egin zioten segizioa. Xabier Usabiaga bera, bere hitzak balira bezala, «arazo honek ezin du horrela jarraitu eta lehenbailehen zerbait egin behar da» iritsi zen esatera. Idoia Mendiak ere arrazoirik ez zuen falta, «berandu heldu gara».
Baina nago, zerbait, gertakari-gai bat, Euskadi directo gisako saio batean agertzen bada ez dela bakarrik neurri guztiak gainditu dituelako. Nago, zerbait, gertakari-gai bat, Euskadi directo gisako saio batean agertzen bada ez dela bakarrik berandu heldu garelako, ezpada ezinbestean beranduegi. Hots, zerbait, gertakari-gai bat, Euskadi directo gisako saio batean agertzen bada, malo. Esan nahi baitu ikuskizuna gailentzen ari dela, benetako informazioaren kaltean.
Ostiral arratsaldeko Euskadi directo saioko 26 minutuak irentsi nituen, bata bestearen atzetik, nekez jaisten zirela eztarritik behera. Oso ondo, hasi ziren Barakaldon egiten ari zen manifestazioarekin, zuzeneko konexioekin, giroari pultsua hartu nahian: «hay muchisima lluvia, pero la gente no se quiere ir, el caso de Amaia ha calado hondo». Jarraitu zuten gero, grabatuta orain, hilketa, ezen ez heriotza gertatutako lekuan jasotako jende anonimoaren hitz ezin baliotsuagoekin. Jarraitu zuten gero, eta eutsi gogor, kaleratzeek eragiten dituzten beste biktimen testigantzak jasotzen, kanporatzeak gauzatzen dituztenekin, prokuradoreekin, sarraila aldatzen dutenekin. Eta bukatu, azkenik, psikologo batzuen iritziarekin: mesedez, edozein erokeria egin aurretik, eskatzeko laguntza. Euri zirina ari zuen arratsaldean, ostiralarekin.

Komunikazioa. Ekografiak
Euri zirina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu