Sasoian jartzeko jarraitzen ari naizen planinarekin aurrera eginez, hara, igande arratsaldean kirol errazio hirukoitza: 1 Formula —Fernando Alonsoren porrota—, lau t' erdiko finalerdia —Juan Martinez de Irujoren porrota— eta Kataluniako hauteskundeak. Jar nezakeen gidoitxo artean Artur Masen porrota, egia da. Emaitzak ez ziren izan espero zituenak; baina, eta neurri batean horregatik, ez ziren izan inondik ere txarrak: ez subiranotasunaren ikuspuntutik —galdeketaren aldekoek diputatu bat gehitu zuten; eta lidergoa partekatu beharra izango dute, gainera—; eta are gutxiago ezkerreko indarren metaketarenetik —hamazazpi izan ziren irabazitako diputatuak—. Beraz, mezu garbia eta bikoitza Mas presidentegaiari.
Urriaren 21ean, Eusko Jaurlaritzarako bozak izan zirenean, gogoan dut TV3k albistegi berezi batekin bete zuela arrats-gaua. Eta orduantxe apuntatu nuen galdera, azaroaren 25eko boz hauek buruan, ea gauza bera egingo zuen ETBk hauteskunde katalanekin. Bada, konprobatu ahal izan genuen igandean: ez. Ezta hurrik eman ere. Arratseko albistegiak hauteskundeekin ireki zituzten, hori bai —atzeratuz hala ETAren agiria—, baina hortik aurrera ezer gutxi. Tira, 15 minutuko berezitxo bat, ETB2n, 22:15ean. Baina zertarako: hiru kazetari zituzten Bartzelonan, CIU, PSC eta PPren egoitzetan, eta hautagaiak hitz egiten hasi aurretik moztu zuten konexioa; El conquistador del Aconcagua-ren ordua zelako, besterik ez genuen behar. Hartara, ETBk Kataluniako hauteskunde hauei egin dien ekarpen bakarra izan zen osteguneko 60 minutos, Iñaki Lopezen ikerketa lan ezin interesgarriagoa. Galdetzen zituen gauzen artean: zein ligatan jokatuko luke Barçak Katalunia independente balitz?
Horrek behartu gintuen hautes gaua TV3 katalanetik jarraitzera —alternatibak TVE eta Intereconomia ziren, droga gogorregia igande gau baterako—. 19:00etatik aurrerako tertulian alderdi politikoetako ordezkariak biltzea akatsa iruditzen zait; 23:40 arte ez zuten ekarri analisi pixka bat egingo zuen jendea—denak egunkari zuzendaritzetako gizonezkoak, emakumearen aurkako biolentziaren kontrako egunean—. Baina, hala eta guztiz ere, akatsak akats —tartean, aurkezle oldarkorregi bat—, ze txukuntasuna, ze maila, ze gozatua. Eta ze distantzia geratzen zaigun ibiltzeko, companyes, companys.

Komunikazioa. Ekografiak
Ezta hurrik eman ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu