Garai bakoitzak du bere Frankenstein doktorea. 2018an, He Jiankui genetikariari eman zioten izen hori, Lulu eta Nana bikien jaiotza iragarri zuenean. Hala ere, bi horiek ez ziren ume arruntak: haien enbrioiak genetikoki eraldatu zituen Jiankuik, hiesarekiko erresistenteak izan zitezen. Pixka bat aurrerago, genetikoki eraldatutako beste enbrioi bat ere aurrera atera zela jakinarazi zuen Jiankuik.
Ez dakigu zer gertatu den ume haiekin, haien identitatea sekretupean gordetzen baita, gazteen intimitatea babesteagatik. Badakigu, ordea, zer gertatu zen Frankenstein doktore berriarekin. Lehenik eta behin, komunikabideen izar bihurtu zen, futbolarien, teknojauntxoen eta influencer-en artean lekua hartu baitzuen. Bien bitartean, epaileek ebatzi zuten doktoreak hiru urte igaro beharko zituela kartzelan, etikaren marra gorriak zeharkatzeagatik. Kartzelatik ateratakoan, esperimentuak egiten jarraituko zuela adierazi zuen, betiere gizateriaren onurarako. Eta bere antzeko enpresari batekin ezkondu zen: Cheng Cheng Cathy Tie edo Biotech Barbie.
2023an jarri zioten Cathy Tieri ezizen hori, bere asmoen berri eman zuenean. Hain zuzen, urte hartan aurkeztu ziren Openheimer eta Barbie filmak. Lehen pelikula bonba atomikoa sortzeko Manhattan proiektuaren zuzendariari buruzkoa zen, eta bigarrenak, berriz, panpinen ametsetako mundua eta erreala alderatzen zituen. Tieren esanean, 2023ko hura Barbenheimer uda izan zen, unibertsoa ulertzeko bi gakoen jabe egin ginelako: atomoaren nukleoa eta biziarena. Eta biak menderatzen ditugunez, beharrezkoa omen da genomikak bonba nuklear berri bat ekartzea. Bera arduratuko omen da horretaz.
2025eko apirilean ezkondu ziren Jiankui eta Tie. Uztailean, banandu egin zirela argitaratu zuen Jiankuik, X sare sozialean. Hilabete geroago, Manhattan Genomics izeneko konpainia sortu zuen Tiek, helburu honekin: gaitzak desagerraraztea. Lau hilabete bakarrik iraun zuen konpainia horrek, baina jarraitzen du beste hiru konpainia genetikoren buru izaten, helburu berberarekin.
«Teknologia geldiezina»
Konpainia horietako bat Preventive da (aurre hartzekoa, prebentiboa). Orain jakin denez, Peter Thielek, Pay Palen sortzailea eta Elon Musken ingurukoa, dirutza inbertitu du Tieren enpresa horretan. Eta ez da bakarra; hain zuzen, bronatalismoa deitu dio Silicon Valleyn sortu den joera horri, zeinak umeak artifizialki sortzea bilatzen duen, hasi obulu eta espermatozoide genetikoki perfektuen ekoizpenetik, eta haurdunaldia umetoki sintetikoetan burutzeraino.
Oraingoz giza enbrioiekin ikertzea debekatuta dagoenez, animaliekin ari dira esperimentatzen. Baina, Tieren hitzetan, teknologia «geldiezina da» (gauza bera esan zuten —eta esaten dute— adimen artifizial sortzaileari buruz).
Tiek adarbakar bat sortuko duela iragarri du, zaldi baten genomatik abiatuta. Hala, teknojauntxoen ametsak egia bilakatzen badira, beren diseinuzko haurrek adarbakarrak izan ditzakete lorategian. Eta, liburutegian, agian baten batek izango du Mary Shelleyren Frankenstein nobelaren ale bat. Irakurtzen badu, Frankenstein doktorearen damuarekin eta erruarekin egingo du topo, eta haren kreaturaren, munstroaren, min eta amorruarekin: «Madarikatua, nire sortzaile madarikatua! Zergatik bizi nintzen? Zergatik ez nuen orduantxe iraungi zuk apeta hutsez nigan ezarria zenuen bizi-txinparta?»