Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Freskotasunari omenalditxoa

2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira ia lau urte Rafa Bernabezez, haren upategiaz eta ardoez hitz egin nizuela. Orduan esan genuen moduan, Bernabe Navarro proiektu sendoa da, talde gazte batek osatua izan arren; ilusioz eta izugarrizko dinamismoz beteriko proiektua.

Haien helburua Monastrella berreskuratu eta dagokion tokian jartzea dela esan daiteke, nahiz eta beste mahats batzuekin ere lan bikainak eta ardo paregabeak eskaintzen dituzten.

Beryna ardoez gain, lehen Beryna Seleccion zena eta gaur egun Curro den ardoa aipatu genuen.

Mahasti kulturalak ere aipatu genituen, eta Torrevellan mahastiaren fruitua den parque natural ardo bakana ere aipatu genuen, eta haren gazitasun bitxi eta aparta nabarmendu genuen.

Gaur denon artean edango dugun ardoa honako hau da: Tragolargo 2013.

Rafaren ardo guztiak edo ia guztiak nituen dastatuak: zuriak zein beltzak, lehorrak zein gozoak. Martxoaren 5ean, baina, Durango Ardo Saltsan ardo eta delikatesen ferian, Tragolargo ezagutarazi zidaten, eta onartu beharra daukat liluratuta utzi ninduela. Ez zen izan, seguru, ferian zegoen ardorik bikainena, inondik inora, seguruenik lehen hamarren barruan ere ez nuke sartuko, baina hainbeste aldiz aipatzen dudan ekuazioari erreparatuz —hau da, kalitatea eta prezioaren artekoari— orduan bai, orduan podiumean jartzeko modukoa da, inongo zalantzarik gabe, nire uste apalean, bederen.

Tragolargo ardoak Finca Casa Balaguerreko mahastiak ditu oinarri eta jatorri. Villenan dago (Alacant, Herrialde Katalanak), ia seiehun metroko altueran, eta hainbat lur mota aurki daitezke han.

Duten mikroklimak, alde batetik, eta monastrell mahasti zaharrek, bestetik, izaera propioa ematen diote, inongo zalantzarik gabe, ardo bikain, fresko eta gazte horri; izenak adierazten duen moduan, edan eta edan daiteke, nekerik gabe, luze, gozatuz, bere freskotasun eta fruta oparoaz gozatuz.

Upategiko beste ardoak bezala, ardo hori ere gizakiaren parte hartze minimoarekin egina dago, sulfurosorik gehitu gabe, mahastiko bertako legamiak erabiliz, eta botilaratu aurretik klarifikatu zein iragazi gabe.

Mahats bilketa hiru zatitan egin zen, eta hartzidura bitxia izan zuela esan daiteke: mahatsen %30 txorten eta guzti, eta mahats aleak osorik; %40 txortena kenduta, eta ale apurtuak; eta mahatsen beste %30 mahats osoak eta txortenik gabekoak erabiliz, eta txortenak goialdean jarrita kapelaren antzera. Ardo hori ez da upeletik pasatu, eta 2014ko otsailean botilaratu zuten.

Fruta ugariko ardoa da, freskoa, lore lurrinak eskaintzen dituena, aroma baltsamikoak dituena, eta eukaliptus eta menda ukitua duena. Azidotasun bikaina du, eta, ondorioz, upeletik pasatu gabe egon arren, bilakaera polita izan dezake lauzpabost urtean. Freskotasuna da haren ezaugarri nagusia, baina ez zaio dotoreziarik falta, eta erraz edaten da... izenari ohore eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.