'Landaberri'. Egun ona galdetzeko zer garen, zer izan nahi dugun. Azken birus malapartatuak jarri digu aitzakia gogoetarako, herri burujabeak ea oinarrizko ote dituen osasun publikoa bezainbat kalitatezko elikagaiak. Etxeko nekazariei produktuak saltzeko debekuak, bertakoak eta osasungarriak diren elikagaien ekoizpenari begira jarri gaitu sekula ez bezala egunotan. Eta atzo, irratizale askok Landaberri saioa sintonizatu genuen, akaso aspaldi ez bezalako arretaz. Arantza Arza esatariak, Jakoba Errekondo kolaboratzaile agronomo eta paisajistaz gain, beste ahots kualifikatu bat izan zuen ondoan, Eneko Egibar Azti fundazioko kidea, debekuaren atzean dagoen gure lehen sektorearekiko gutxiespenak eragindako ezin ulertua bideratzeko. Felix Zubia doktorea igandetan bezainbat premiazkoa dugu Errekondo larunbatetan.
Azken EGMa. Badira arrazoiak audientziaren datuak gutxiesteko; zertarako behar ote ditu, bada, irizpide irmoko irrati entzule fin batek? Ezertarako bai, eta irratiak kalibratzeko. Irratiek datuak aurkezten dituzten eran, detaile txikietan ere gauza asko interpreta daitezkeelako. Oilartzen direnean batzuek, gandorrak erakutsiz eta aginte-jurisdikzioa markatuz, auzitan jartzen delako haiek aktualitatea aztertzeko daukaten gaitasuna.
Gipuzkoako gailurrean. SER kateak adierazi digu: «Gipuzkoako emisoretan ni naiz liderra, 68 mila entzulerekin». Ez da gezurra, baina ez da egia osoa ere. Madriletik estatu osorako emitituz ia programazio osoa betetzen duten Barcelok, Francinok, Buenok eta Carreñok lortu dituzte emaitzak.
Hamaiketan, besarkada. Ez al dugu interpretatu behar irabazle handiusteak azpian ikusten duenari egiten dion trufatzat, herenegun gertatu zena 11:00ak aldera, hots, euskal irratiak eta EITBko erdaldunak denak Hel nazazu eskutik kantari ari ziren une berean, SER Kateak aldarrikatzea bera dela. «Gipuzkoako irratietan besarkadarik handiena?».
RE, etxeko erregea. EITBren webgunean EGM datuen aurkezpenak berresten digu alderdiak hauteskunde gauean bezala irratiek ere badaukatela nork bere sorora ura botatzeko joera patetikoa. Gainera, hizkuntza banatan datorren informazioak bi mentalitate ezberdin islatzen ditu. Gaztelaniazkoan, ematen du EITBn RE besteen gainetik dagoela. Euskarazkoan, ordea, denek tratamendu bertsua dute.
UHINETATIK TIRAKA
Gara ala ez gara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu