Roberto Sarriugarte
Elikadura. Ardoxka

Garapiteroen aliantza

2014ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Upategi horren izena lehen aldiz entzun nuenean, izugarrizko kuriositatea piztu zitzaidan. Sarean bilatzen hasi, eta errioxanismo edo errioxarkada moduan aurkitu nuen. Esanahia, honelako zerbait:

«Antzina, Errioxako herrietan ardo zein olioaren salmentaren zergak kobratzeko enkantea lortzen zuena».

Upategia Carlos Saenz eta Oscar Martinez Camiruagak sortu zuten 2010ean. Martinezek esperientzia handia du, eta oso ondo ezagutzen ditu paraje horiek guztiak, 1994az geroztik lanean ari baita ardoaren munduan; lehenbizi, San Isidro de Maluenda kooperatiban, eta, gero, Bodegas Aragonesasen eta Proconsol taldearen ardo arloan. Bestalde, unibertsitate irakaslea ere izan da urte askoan Oscar Martinez.

Bi ardozale horiek arbasoek eta lurrak utzitako eta ia galduta dagoen herentzia berreskuratu nahi izan zuten duela lau bat urte, Alianza de Garapiteros upategia martxan jarri zutenean. Asmo horrekin, Calatayud inguruko (Zaragoza, Espainia) garnatxa beltzez osatutako mahasti zahar batzuk berreskuratu eta haien arbasoen inguruneko ardoak berriz asmatzeko asmoz, ia ahaztuta dagoen tradizioa eta modernitatea uztartu zituzten.

Inguru horretako lurrak arbelez josita daude, eta, ondorioz, nekazaritza lanak oso gogorrak dira mahasti horietan.

Garnatxak garai txarrak, latzak izan ditu, kalitate eskasa eta zahartzeko gaitasun urria omen duelako. Hala ere, egun, bere indarra areagotu eta, zenbait mahasti eta ardogileri esker, merezi duen tokia berreskuratu eta kalitatezko ardo bikainak egin daitezkeela erakutsi du. Horren erakusle da hona ekarri dugun Alianza de Garapiteros upategia.

Gaur egun, Somontano jatorri izeneko ardoak ere egiten dituzte, baina gaurkoan Calatayudekoei baino ez diegu erreparatuko.

Nola deskribatu, bada, garapitero horien ardoak? Haien hitzetan: «Mahasti zaharretako garnatxa eta makabeoz eginiko ardo monobarietalak. Frutaren presentzia ontzearen eraginaren gainetik jartzeko nahiarekin».

«Gure ardo guztietan, talde teknikoaren helburu bakarra lursail bakoitzaren izaera —esentzia— islatzea baino ez da; hau da, mahats motak, klimak eta mahasti zein upategian egiten diren tradizio eta kulturaren ondoriozko jarduerek osatzen duten osotasuna islatzea».

Garnatxak lurzoru pobreak ditu gogoko; gogoko du sustraiak ahalik eta gehiena lurperatzea elikagaien bila. Martinezen esanetan: «Zenbat eta gehiago sakondu sustraiak, orduan eta aukera gehiago dago ardo handi bat lortzeko; horixe da uztak murritzak baina kalitate handikoak izateko arrazoietariko bat».

«Gure lurren aniztasunak emango dizkigu faktore bereizgarri nahikoak kalitate eta izaera propio eta bakanak islatuko dituzten ardoak egiteko».

Nietro zuria (%100 makabeoa), Nietro beltza (%100 garnatxa) sei hilabetez bere ligekin ondutako ardoa, Alquez beltza (%100 garnatxa) hamalau hilabetez upelean ondua, eta Lamin beltza (%100 garnatxa) hemezortzi hilabetez upelean ondua.

Denak bikainak eta desberdinak dira; garnatxa eta makabeo zaharren eta lur berezi haien isla dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.