Jose Ramon Bilbao
ARGI ALDIAN

Gene-lapurrak

2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Infekzioen eta buruko nahasmenduen arteko balizko lotura aspalditik ikertu da. XIX. mendean, Wagner-Jauregg Nobel saridun eta psikiatra ospetsuak paziente psikiatrikoen infekzioa proposatzen zuen bide terapeutiko gisa, sukarrak psikosiak senda zitzakeela uste baitzuen. Historian zehar izan diren gripe epidemiek eta pandemiek ere erakutsi zuten infekzioek eragina izan dezaketela gaixoen portaeran, ahalmen kognitiboan eta osasun mentalean. Azken urteetako ikerketa epidemiologikoen arabera, COVID-19aren infekzioa ere depresioaren, antsietatearen eta bestelako buru nahasmenduen kausa izan daiteke. Kasu gehienetan, infekzioek sistema immunitarioan eragindako desorekari egotzi zaizkio portaeraren aldaketa horiek, baina gaixoaren eta parasitoaren arteko elkarrekintza genetikoa ere izan liteke aldaketa psikologiko horien atzean dagoen mekanismoa.

Parasito asko ostalariaren portaera manipulatzeko gai dira, eta euren biziraupena eta ugaltzeko aukerak bermatzeko erabiltzen dute. Bestearen portaeraren kontrolaren adibiderik sofistikatuenetakoa nematomorfoen taldeko zizareen artean ikusi da. Zizareon harrak uretan jaiotzen dira, eta uretako intsektuak kolonizatzen dituzte, azken horietan lehorreraino bidaiatzeko helburuarekin. Isilpean bizi dira bertan, lurreko marisorginek zizaredun intsektuak jaten dituzten arte. Ostalari berriarengana iristen denean, zizarea hazten eta ostalari berriaren portaera manipulatzen hasiko da. Azkenean, zizareak marisorgina uretara salto egitera bultzatuko du, itotzera, zizareak bere bizi-zikloa bete eta ugaldu ahal izateko. Aurreko ikerketek erakutsi zutenez, nematomorfoek ostalarien bide biologikoak bahitzen dituzte, eta argirantz mugitzeko joera areagotzen dute marisorginengan. Zientzialarien ustez, ostalariaren nerbio-sistema zentraleko molekulak imitatzen dituzten molekulen bitartez lortzen du hori zizareak, baina mimetismo molekular hori garatzeko modua misterio bat izan da, orain arte. Japoniako RIKEN laborategiko talde baten emaitza berrien arabera, zizareek proteina bereziak ekoizten dituzte ostalarien nerbio-sistema manipulatzeko. Proteina horiek, alabaina, marisorginaren zenbait proteinaren oso antzekoak dira, eta haien parasito diren nematomorfo espezieetan baino ez dira ageri gene horiek. Gene berriak transferentzia horizontalaren bidez eskuratu dituztela iradokitzen du horrek, edo, beste era batera esanda, zizareek marisorginei lapurtutakoak direla. Egokitzapen-mekanismo hori ezaguna da bakterioetan, eta antibiotikoekiko erresistentzia barreiatzeko bide garrantzitsuenetakoa da. Animalietan antzemateak eboluzioaren ikuspegia alda dezake, gene edo funtzio berriak eskuratzeko modu azkarra dakarrelako, eta ingurune edo bizimodu berrietara egokitzen lagun dezakeelako. Niri, Body Snatchers edo Gorputz-lapurrak film klasikoa dakarkit burura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.