Nicolas Gonzalez.
ARGI ALDIAN

Glaziarrak eta elurra: itxaropena lehorte garaian

2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Uda edo garai lehorra iristen denean, urtu egiten da glaziarretako izotza eta neguan —edo euri sasoian— mendietan pilatutako elurra. Ur hori guztia ibaietara joaten da. Normalean desizozte deitzen zaio fenomeno horri. Munduko eskualde askotan prozesu hori funtsezkoa izaten da herritarrek ur hornidura izateko.

Asiako mendikate izugarrietan daude munduko mendi garaienetako batzuk, K2 (8.611 metro) edo Everest (8.848 metro), esaterako, eta baita poloetatik kanpoko glaziar gehienak ere. Horregatik deitzen diote eskualde horri hirugarren poloa. Ez da nabarmendu behar soilik eremu horren edertasuna, Asiako ibai nagusiak glaziar horietan jaiotzen baitira, eta urez hornitzen baitituzte 1.400 milioi pertsona, hau da, munduko populazioaren %20 baino gehiago. Beraz, izotzaren eta elurraren urtaroko desizozteak ibai horien buruetan sortutako ura salbagailu bat da herritar horientzat. Populazio erraldoi hori babestu egiten du ur eskasia dagoen garaietan. Hala ere, azken mendean, ibai horien arroetako lehorte handiek eragin suntsitzailea izan dute: uste da sei milioi pertsona inguru hil direla eta 1.100 milioik jasan dituztela lehorteen ondorioak.

Zoritxarrez, eskualde horretako elur kantitateak eta glaziarrek erakusten dute gain behera doazela XIX. mendearen erditik. Gainbehera horren arrazoietako bat giza jardueraren ondorioz izaten diren isuriak dira: isuriek partikula txikiak garraiatzen dituzte, eta partikula horiek elurraren eta izotzaren gainazalean jartzen dira, elurrak eta izotzak eguzkiaren argia islatzeko duten gaitasuna gutxituz. Ondorioz, gainazal horiek berotu egiten dira eta urtze prozesua modu kezkagarrian azkartzen da.

Halako egoeretan garrantzitsuak dira BalElur-en moduko proiektuak. Godwin-Austen glaziarrean egiten ari gara, K2ren oinean, Karakorum mendikatean. Proiektu honen helburua da partikula horiek elurretan duten inpaktua neurtzea eta hobeto ulertzea. Eskualde horretan jaiotzen da Indo ibaia. 237 milioi pertsona bizi dira Indo ibaiaren arroan. Bertan funtsezkoa da ibaiaren buruan elurra eta izotza urtzeak sortzen duen ura, ur hori baita ibaiaren urteko emariaren ehuneko handi bat.

Asiako eskualde hori adibide bat baino ez da. Munduko eskualde gehiagotan dago segurtasun hidrikoa ur dorre natural horien osasunaren mende. Ebidentzia zientifikoak argiak dira, eta ezin diegu alarma seinale horiei bizkarra eman. Beharrezkoa da kontserbazio politikak onartzea, berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak murriztea eta ur baliabideen kudeaketa arduratsua bultzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.