Hemen asteazkenean ez zen grebarik egin. Euskal sindikatuek ez zuten grebara deitu —CCOO, UGT, CNT, CGTk bai, baina horiek ez dira euskal, ez eta batzuk sindikatu ere—. Eta, ondorioz, euskal langileok, tira, langileak ez zeuden grebara deituta. Eta, hala ere, Ateak Ireki webguneak egunaren jarraipena egin zuen. Hala ere, Nafarroako Parlamentuak grebari babesa eman zion Bildu eta NaBairen bozekin. Hala ere, Amaiurrek ez zuen Kongresuan parte hartu. Hala ere, eta batez ere, Twitterren ohi baino aktibidade apalagoa izan zen egun osoan. Hemen asteazkenean ez zen grebarik egin, baina egin zen hemen asteazkenean greba.
Espainia deitzen diogun gauza horretan —edo gauza deitzen diogun Espainia horretan— bestela joan zen eguna. Greba espainola baitzen, Espainiako irrati-telebista publikoa gehitu zitzaion lanuzte orokorrari. Ohikoak diren saioen ordez —tartean gure Anne Igartibururen arratsaldeko magazina—, Destino España, Españoles en el mundo eta abar sartu zituzten, greba espainola zela argi uzteko. Hori bai, futbol partida eman zuten, Panama-Espainia, zuzen-zuzenean, ezin eskirolago. Ez ahantzi azken batean greba espainola zela, horrek esan nahi duen guztiarekin. RTVEko zuzendaritzaren arabera, langileen %44k jarraitu zuten lanuztea. Sindikatuek zifra hori %80ra igo zuten. Eta Espainia aldeko kate pribatuetan hauxe izan zen jarraipena: Antena3 taldeko kateetan, %12; eta Mediasetekoetan, %10 —zuzendaritzen datuen arabera, betiere—.
ETBk ez zuen grebarik egin, prefosta, ez baita telebista nahikoa pseudo-erradikal, hiper-euskaltzale, chic-a; ez nahikoa espainola: programazioa normal-normal eman zuten, asteazken buruzuri bati dagokion bezala. Baina beste hainbat telebista autonomikok egin zuten, Canal Sur-ek, TV3 katalanak —eta hor zalantza izan dut «katalanak» idaztean—. Guztietan harrigarriena: TeleMadridek ere, PPrik gorrienaren telebistak greba egin zuela —eta, berriz esango dugu, ETBk ez—. Eta Rikardo Arregik ondo esan bezala, ez dakit grebek ezertarako balio duten gaur egunean. Baina etxean geratzeak seguru gutxiago balio duela. Beraz, asteazkenean greba egin zuen espainol bat gehiago izan nintzen. Eta greba indefinitua egiteko ere ez nuke erreparorik izango. Europako testuinguruan, bistan da. Euskal herritar gisa, zalantzarik gabe.

Komunikazioa. Ekografiak
Greba espainola baitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu