Maiatzaren 28an Hilekoaren Higienearen Nazioarteko Eguna da. Data ez da kasualitatea: hilekoaren zikloak batez beste 28 egun irauten dituelako aukeratu zen, eta ziklo bakoitzean bost eguneko odol jarioa izan ohi delako hautatu zuten maiatza. Izenak hausnarketarako ematen du. Zergatik hitz egiten dugu «higiene menstrualaz»? Ez dugu digestioaren edo izerdiaren «higiene egunik» ospatzen. Hilekoa, ordea, oraindik ere garbitu beharreko zerbait balitz bezala tratatzen dugu.
Historian zehar menstruazioak esanahi oso ezberdinak izan ditu. Zenbait kulturatan sakratutzat hartu izan da, ugalkortasunarekin eta bizitzarekin lotuta. Beste askotan, ordea, tabu bihurtu dugu: ezkutatu beharreko zerbait. Menstruazioa ahultasunarekin, gaixotasunarekin edo zikintasunarekin lotzen dugu, eta ideia horiek eragina izan dute pertsona menstruatzaileon eguneroko bizitzan. Lotsa, isiltasuna eta mina normalizatzea ez dira biologiatik sortu: eraikuntza sozial eta kultural baten ondorio dira.
Horren adibide argia da maiz entzun dugun mantra: «Hilekoaren mina normala da». Baina hilekoak ez luke min handirik eragin behar, edo ez behintzat gure egunerokotasunean eragiten baldin badu. Min handia badago, kontsultara jo behar dugu. Eta insistitu. Endometriosia da adibiderik argiena: hamar emakumetik bati eragiten dion arren, 8-10 urte pasatzen dira sintomak agertzen direnetik diagnostikoa heltzen denera arte. Eta askotan ez da heltzen. Izan ere, endometriosia garaiz diagnostikatzeko biomarkatzaile fidagarririk ez dugu oraindik. Prostatako minbizian, berriz, PSA bezalako markatzaileak ohikoak dira aspalditik. Desoreka horrek agerian uzten du osasun ikerketak ez duela beti genero ikuspegia txertatu, eta emakumeon osasunarekin lotutako gaixotasunak bigarren planoan geratu dira sarritan.
Azken urteotan, ordea, egoera aldatzen hasi da. Emakumeon osasunarekin lotutako ikerketek gero eta arreta handiagoa jasotzen dute ikerketa zentro handietan, eta horrek aukera berriak ireki ditu. Duela aste gutxi Cell Stem Cell aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu batean azaldu denez, esaterako, lehen aldiz lortu dute laborategian «hilekoa egiten duten» organoideak sortzea: umetokiaren miniorganoak, ziklo hormonala imitatuz apurtu eta berreraikitzen direnak. Eredu horiei esker, endometrioaren funtzionamendua inoiz baino hobeto aztertu ahal izango dugu, endometriosia bezalako gaixotasunak barne.Â
Nazioartean hilekoari eta emakumeen osasunari buruzko ikerketek gero eta presentzia handiagoa duten arren, hemen halako proiektuak finantzatzea zaila da, baita genero ikuspegia aldarrikatzen duten deialdietan ere, paradoxikoa dirudien arren. Gure ikerketa taldean hileko odola erabiltzen ari gara ingurumeneko disruptore endokrinoek eta endometriosiak duten harremana aztertzeko. Hileko odola ez da hondakin biologiko hutsa: endometrioaren zelulak, proteinak eta molekulak ditu, eta umetokiaren egoerari buruzko informazio baliotsua eman dezake. Oraindik laginak biltzen ari gara. Beraz, endometriosia baduzu eta tratamendu hormonala hartzen ari ez bazara, gurekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaitugu.
Argi dago hilekoa beste modu batera ulertzeko garaia heldu dela. Ez tabu edo isiltasun gisa, baizik eta emakumeon osasunaz eta ongizateaz hitz egiteko aukera gisa. Jar dezagun, beraz, hilekoa gizartearen, politikaren eta ikerketaren erdigunean.