ARGI ALDIAN

Historia eta sozioekonomia hirietako naturan

Celina Aznarez
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun

Hirietako eremu berdeak funtsezkoak dira bioaniztasuna kontserbatzeko, klima aldaketara egokitzeko eta mesede egiteko, bai naturari, bai pertsonei. Baina hirietako eremu berdeek modu ezberdinean eragiten dute gure ongizatean, haien banaketaren, irisgarritasunaren eta kalitatearen arabera. Hiriak handitzen diren neurrian, paisaiak itxuratzen dituzte, ingurumen kalitate ezberdinetakoak. Prozesu horretan funtsezkoak dira faktore ekonomikoak eta historikoak.

 

Aldaketa horiek hobeto ulertzeko, giltzarriak diren bi kontzeptu erabiltzen ditugu: luxu efektua eta ondare efektua. Lehenak bertan bizi diren herritarren maila sozioekonomikoa eta eremu berdeetan egiten den inbertsioa lotzen ditu. Eremu berde gehiago badaude, bioaniztasun gehiago erakartzen dute. Bigarren kontzeptuak azaltzen du nola iraganean hartutako kudeaketa erabakiek eragina duten gaur egungo eremu berdeen itxuran, eta baita haien diseinuan eta mantentzean ere. Hirien inguruetako naturak mesede egiten die bertako herritarrei, baina onura hori desberdina eta desorekatua da lehen aipatutako bi faktoreen eraginez. Horrek erakusten du zer garrantzitsua den ingurumen justizia aintzat hartzea halako gaiei heltzean.

BC3 Basque Centre for Climate Changek ikerketa bat zuzendu du Gasteizen, eta zenbait unibertsitatetako adituek parte hartu dute. Ikerketan aztertu genuen ea nola eragiten duten faktore horiek —sozioekonomikoak eta historikoak— hirietako naturan. Emaitzek erakutsi zuten heziketa maila handiagoa duten auzoetan bioaniztasun handiagoa dagoela, kalitate hobea duten habitatetan bereziki. Aldiz, auzo zaharrenek eta dentsitate handiena dutenek landaretza eta bioaniztasun gutxiago dute; baina landaredi horrek abantaila ekosistemikoak zituen, tenperaturaren erregulazioa eta airearen araztea, esaterako. Nature aldizkarian argitaratu zen ikerketa: www.nature.com/articles/s42949-023-00128-7

Hirietako eremu zaharrenetan eta dentsitate handia dutenetan landaredia bultzatuz eta zainduz gero, bioaniztasunak eta eremu berdeek eragiten dituzten onuren banaketa bidezkoagoa izan daiteke. Hiri eremuetan —barnean eta kanpoan— natura balioesteko eta estimatzeko funtsezkoa da naturarekin harreman esanguratsu bat sustatzea. Klima aldaketa eta bioaniztasunaren galera gertatzen ari den testuinguru batean, ezinbestekoa da hirietako naturaren kontserbazioa bultzatzea, etorkizuna bidezkoagoa eta iraunkorragoa izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.