Espainiako Osasun Ministerioak zientzialariek aspalditik esaten zutena berretsi du, atera berri duen txosten batean: homeopatiak ez du oinarri zientifikorik, eta ez da eraginkorra inongo patologiarik sendatzeko. Izan ere, homeopatiaren printzipioak (berdinak berdina sendatzen du, uraren memoria…) fisikaren, kimikaren, biologiaren, medikuntzaren, farmaziaren eta beste arlo zientifiko guztien ebidentzien aurka doaz. Â
Horren aurrean, batek baino gehiagok galdetuko du, hori horrela bada, ea nolatan saltzen den homeopatia farmazietan. Ez da galdera txarra. Establezimendu horiek dira medikuek preskribatutako tratamenduak saltzeko baimena duten bakarrak. Alabaina, homeopatia ez ezik, sendagaiak ez diren beste produktu batzuk ere saltzen dituzte: kosmetikoak, apaingarriak, gehigarri nutrizionalak… Agian, zorrotzago zaindu beharko litzateke zer saltzen den farmazietan.
Horrez gain, homeopatia hartzen duten pertsona askok baieztatuko dute on egiten diela. Eta baliteke hala izatea. Txostenean, baina, ebatzi dute produktu homeopatikoen eragina ez dela plazeboarena baino handiagoa.Â
Eta plazeboak baditu oinarri zientifikoak. Plazeboa da berezko eraginik ez daukan zerbaitek on egitea. Pertsona guztietan ez da modu berean agertzen, eta faktore askoren mendekoa da: prezioa (garestiek plazebo-efektu handiagoa dute); kolorea, zaporea eta usaina (batzuk sendagarriak iruditzen zaizkigu; bereziki, biziak eta sarkorrak badira); hartzeko modua (injekzioek handiagoa, pilulek baino)...
Bestalde, terapeutak entzuten gaituela sentitzeak, ikusteak sintomez harago galdetzen duela eta kontuan hartzen dituela bestelako eragileak ere (ekonomia, lan-egoera, harreman sozialak…) mesede egiten digu, denoi.
Eta guztiok ditugu alborapenak. Esaterako, ohikoa da aldi berean gertatzen diren bi fenomenoren artean kausa-efektu erlazioa dagoela sinestea. Adibidez, terapia bat hastea eta sintomak hobetzea. Pertsonak terapia eraginkorra dela frogatzen duen ebidentziatzat hartuko du, eta erlazio hori barneratuko du.
Horregatik, osasun-produktuek ere plazeboa baino hobeak direla frogatu behar dute. Horretarako, saio klinikoetan, bi taldetan banatzen dira parte-hartzaileak: batzuek tratamendua hartzen dute, eta besteek, plazeboa. Baina ez haiek, ez ikertzaileek, ez dakite zein taldetan dauden. Horrela bermatzen da ikertzaileek ere ez egitea interpretazio faltsurik.
Arriskuak
Txostenean, produktu homeopatikoei buruzko saio klinikoak aztertu dituzte. Asko baztertu egin dituzte, ez zeudelako zuzen eginda; besteetan, ikusi dute ez direla plazeboa baino hobeak, inongo sintomatologia sendatzeko. Halaber, ohartarazi dute erabiltzaileek beren burua arriskuan jartzen dutela haiek hartzeagatik bazter uzten badituzte ebidentzia badaukaten tratamendu medikoak.
Inguruko herrialdeek ere Espainiaren antzeko joera hartu dute homeopatiarekiko. Adibidez, Frantziako gizarte segurantzak 2021ean utzi zion tratamendu homeopatikoak diruz laguntzeari, ez dutelako ebidentziarik eraginkorrak direla baieztatzeko.Â