Maratila
In tempo (I)
Pier Paolo Pasoliniren gaztaroko poemak Dal Diario-n bilduak (1945-47) agertu ziren 1954ean. Ama adoratuaren itxura fantomatikoa badakus poetak Friuleko Casarsa della Delizian: 'Ama, gazte oraino, Livenzaren bazterretan primadera lili xuxen-xuxen baten biltzen ari, bitxikeria …' (Mia madre quasi giovinetta, china sulla Livenza, raccoglie una primula eretta, estranea …). Pier Paolok hain maite duen amaren herria, Casarsa della Delizia, eta amaren etxea tragediak harrapatuak ditu. Poeta Casarsako «etxe hilean» da, eta hesten ditu kanpoko leihoak, mundua, bere zilarrezko zeruarekin, bakarrik utziz kanpoan (E nell'interno della morta casa di Casarsa… Avvicino i battenti e lascio solo il mondo con l'argento dei suoi cieli). Baina bigarren munduko gerla hor da, non nahi present. Casarsako etxean. Bazterretan. Alpeetan: inguruan poetak dituen mendi goretan. Miretsirik dauden Carnia-ko gailurretan, hango izarren argi «malenkoniakoaren» ozentasunean (Echeggia malinconica una luce di stelle alle remote meravigliate cime della Carnia) ; Tarvisio lepoko azetileno isilaren blui hil hurrenean» (il passo di Tarvisio nell'azzorro morente del muto acetilene); Austrian, lutuan dauden bortuetan abandonaturik utzi duten itzalez betea den trenean…»(e in Austria, abbandonato tra crinali accorati, un treno s'empie d'ombre…). Heriotza-zuritasunak kukutzen dituen Alpeetan (e un candore di morte copre l'Alpi). Pier Paolok erresistitzeko idazten du. Mutu ez gelditzeko. isiltasunaren porroskatzeko: Grideremo ancora in tempo Io non so più parlare? (Europa poema, 1945 -1946).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu