Iker Tubia.
HAUTESKUNDE XANPAINA

Inkognito anderea nauzue

2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Eguzkiaren zaplastekoak esnatu du. Buruko atzealdean ziztada sumatu du berehala. Bi begiak eskuekin ongi igurtzi, eta ahal bezala ireki ditu, izpiek ixtera behartzen badute ere. Lurrera begiratu, eta ileorde hori bat ikusi du botata; ondoan bihotz formako eguzkitako betaurrekoak, eta Sozialismoa eraiki dioen edalontzi bat. Gogoan du zuri-zuri atera zela atzo; zikin antzean dabil orain. Ez daki non dagoen ere. Nola demontre ailegatu ote da? Halako batean kazetariak ikusi ditu, urrunean, kamerak eskutan. Tropelean datoz beregana. Berehala jaiki eta jantzi ditu lurrean aurkitutako apaingarriak. Orain ohartu da: Sarasate pasealekuan dago. Gora begiratu du, eta bere irudi erraldoi bat ikusi du, botoa eskatzen. Kanpaina egin behar du lehendakariak. Ez da egunik aproposena, beraz, sakelakoa itzali, eta disimuluz karrika artean desagertu da. «Txibite? Ez, ez, Inkognito anderea nauzue», esan du, zer gerta ere.

Ohitura zaharra da Nafarroako lehendakaria sanferminetan mozorroturik ateratzearena. Yolanda Barcinak esan zuen rastafariz jantzita peñen oihalen azpian dantzatzea maite zuela. Uxue Barkosek ez zuen bere mozorroaren berri eman; baliteke ilea bilduta, pikolo betaurreko eta ordezko bibotearekin Labriteko aldapan ibili izana, edo kopetako ilea eskuairarekin moztuta eta amnistiaren aldeko zapia lepoan Aitzina ostatuko sotoan izerdi patsetan dantzan aritu izana.

Txibite ez zen gutxiago izanen. Bermutean iji eta aja; bosgarren anis titareak Gallego ostatura bultzatu zuen. Bandera gorriek eta sozialismo aldarriek liluratu zuten. Gaur, bestondoa eta damua: «Uf, sozialismoa, ez dut berriz errepikatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.