Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Irailaren 27a

2025eko irailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren 27a Euskal Herriko agendan data esanguratsua da; are gehiago aurten, Juan Paredes Manot, Txiki, eta Angel Otaegi fusilatu zituztela berrogeita hamar urte beteko baitira. Hil aurretik, Franco diktadoreak sinatu zituen bi etakideen heriotza-zigorrak, FRAPeko beste hiru kiderenekin batera. Bostak erail zituzten iraileko aipaturiko egunean, eta sarraski batekin hasi zen erregimena erailketa batekin amaitu zen.

Hitz horiek esaten ditu bizitakoa azaltzen duen garaiko lekuko batek Naiz irratiak eskainitako Haustura ala Erreforma podcastaren hirugarren atalean, non fusilamenduen inguruan gertatutakoa gogoratzen duten, besteak beste, Iñaki Egaña historialariak, eraildako gazteen abokatuek eta senideek, eta FRAPeko kideen gertukoekin espetxean zegoen Itziar Aizpuruak, garai horretako testigu eta protagonistak. Gainerakoetan bezala, Floren Aoizen analisiak ixten du kontakizuna.

Ion Telleriak zuzentzen duen podcasteko lehenengo atalak, berriz, bi urte lehenago kokatzen gaitu; batzuen ustez erregimenaren amaiera azkartu zuen Carrero Blancoren aurkako atentatuarekin hasten baita Trantsizioa deiturikoaren irrati-kontakizuna, eta Juan Carlos I.aren koroatzearekin amaitzen da. Bost ataletan, Iratzar fundazioarekin lankidetzaz egindako ekoizpen honetan, urte horietako protagonista ugariren lehenengo pertsonan azaldutako testigantzekin batera, garai hartako soinuak berreskuratzen dira, horien artean euskal herri-kantagintzan geratu diren abestiak: Telesforo Monzonek Txikia-ren omenez sorturikoa; Eñaut Etxamendik eta Eñaut Larraldek idatzitako eta Marty Robbinsen musika zuen Yup! La, la!, eta, niretzat ezezaguna zena, The Kelly Familyk Txiki gogoratuz egin zuena.

Ez da Naiz irratiak euskal historia podcast formatuan ekartzen digun lehen aldia; izan ere, Burgosko Prozesua lau ataletan azaldu zigun, eta duela hilabete batzuk hona ekarri nuen Habana 1937 kafe-nobela, non gerraren eraginez ihes egitera behartu zituzten haurrak Erresuma Batura eraman zituen itsasontziaren pasadizoa antzeztu zuten. Oso kalitate handiko produktuak, zalantzarik gabe, atzean dokumentazio- eta ekoizpen-lan handia dutenak, baita errealizazio-lan bikaina ere. Garai horiek gogoratzen ditugunok —gurasoek azalduta bada ere— ez ezik, belaunaldi berriek ere entzun beharrekoa, oraina ulertzeko bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.